Abe
16
04
Poesia libururik argitaratzeke hamaika urte igaro ostean, Balizko erroten erresuma argitaratu zuen Koldo Izagirrek 1989an, Susa argitaletxearekin. Hamaika urte horietan hainbat lan egin zituen, hainbat alorretan, baina poeta hor zen, hor zenez. Poetika eta literatur ikuspegi oso bat ekarri zuen plazara Balizko erroten erresumak, gure literaturan mugarri bat ezarriz, orduko eta geroko euskal poesigintza entenditzeko ezinbestekoa. Osorik eskaintzen dizugu.
Abe
01
04
1904ko abenduaren 1ean jaio zen Bergaran Telesforo Monzon Olaso. Euskal Herriaren XX. mendeko historiaren lekuko bainoago protagonista, ezaguna da politikan egindako bidea Espainiako II. Errepublikaren garaian hasi eta 1981ean hil zen arte. Politikari eta ekintzailez gain, ordea, idazle izan genuen Telesforo Monzon. Poema, antzezlan eta artikuluen egile, ezin baztertuzkoa da Monzonek literaturan egindako ekarpena. Haren lan gehientsuenak bildu ditugu: kaleratu zituen bi poema liburuak (Urrundik eta Gudarien Egiñak), liburutan sartu ez ziren olerki solteak (baita oraintsu aurkitutako zortzi inedito), bost antzezlan (aldizkarietan eta are liburu gisa argitaratuak) eta kantak. Bestalde, eta artikuluei dagokionez, Koldo Izagirrek apailatu eta Elkarrek kaleratu zuen antologia ekarri dugu: Langosta baten inguruan liburu eder askoa. Irakurgarri dituzu denak.
Abe
01
04
Zazpi urte joan ziren Kea behelainopean bezala (Susa, 1994) Harkaitz Canoren lehen liburutik, poema-liburutik, bigarrenera, gaur osorik eskaintzen dizugun honetara: Norbait dabil sute-eskaileran. Beste jenero eta lan batzuetan aritu ondoren, poemen tiradera berriro ireki zuen 2001ean eta Susak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak elkarrekin kaleratutako liburuan bildu handik ateratako poemak. Poesiarako sena ez zitzaiola agortu erakutsi zigun Harkaitz Canok. Oraintxe gaztelaniaz argitaratu du, hain zuzen, bere azken poema liburua, 2003an Olerti Etxearekin kaleratu zuena: Dardaren interpretazioa.
Aza
25
04
1996an kaleratu zuen Juanjo Olasagarrek Bizi puskak, bere bigarren poemarioa (lehenago, Susarekin baita ere, Gaupasak, 1991n). Unibertso poetiko oso bat azaldu zigun, baina ez batere abstraktua, oso zehatza baizik: poema-liburua 21 pertsonaiaren ahotsen bidez erakutsiriko herri baten ikuspegi handia da. Hainbat gai, estilo eta gogoetari heltzen dion liburua, Puskak biziz liburuan jarraipena izan zuena, goi mailako poeta baten ekarpena erakutsi zigun. Osorik irakur dezakezu Bizi puskak.
Aza
18
04
Uriarte jaunak badu zer kontatua, eta badu nori kontatu. Bisitaria etorri zaio Mallona alkatea zergatik fusilatu zuten itaunka. Amuari ihes egin ezinik, nahita ere, Uriarte kontatzen hasiko da, istorioaren mataza askatzen, bere historiaren mataza askatu eta era berean korapilatzen. 36ko gerran Euzko Jaurlaritzako Informazio Zerbitzuan lanean jarduna, saiatuko da asetzen Uriarte jauna Bisitariaren jakin-mina. Eta Edorta Jimenezek sobera asetzen du irakurlearen gogoa, Uriarteren narrazioko bouak bezala, zalu baitoa irakurlea eleberriko itsasoan. Jimenezen laugarren eleberria, Kilkerren hotsak (2003, Susa) gozatzeko moduko liburua da.
Aza
04
04
1854ko urriaren 20an, orain dela 150 urte, jaio zen Charlevillen Arthur Rimbaud. 20 urte betetzerako idatziak zituen literaturaren historian tokia egin dioten lanak, eta gerora bere beste lanek —Verlainerekiko harremanak, Afrikako bidaiek, arma trafikoak eta abarrek— puztu zuten mitoa. 37 urte zituen hil zenean, 1891ko azaroaren 10ean. Mikel Lasak ekarri du, batez ere, Rimbauden lana euskarara. 1991n Denboraldi bat infernuan liburu seinalatua plazaratu zuen, eta Poemak kaleratu 1993an, poetaren antologia bat. Liburu biak Erein argitaletxeak kaleratu zituen, biak ere edizio elebidunak.
Literatur aldizkarietan ere agertu izana zen, Mikel Lasaren beraren itzulpenak 1987ko Literatur Gazetan, eta Joakin Balentziak euskaratutako Egunsentia, Korrok-en kaleratua. Lasak berak bi liburuetako egindako hitzaurreetan autorearen berri zehatza ematen zaigu. Aste honetan Poemak eta Denboraldi bat infernuan eskaintzen dizkizuegu.
Aza
04
04
Eleberri indartsu batekin etorri zitzaigun 1999an, Susa argitaletxearen eskutik, Harkaitz Cano: Pasaia blues. Komando bat, polizi-ikertzailea, argazkiak, boxeoa, iraganaren itzala, harremanak… osagarri askorekin bilbatutako ehuna eskaini zigun idazleak. Bigarren eleberria zuen hau, hiru urte lehenago Beluna jazz argitaratua zuen, baina ordurako ez zen izen arrotza, eta hainbat arlo jorratuta zetorren: poesia (Kea behelainopean bezala), narratiba re (Telefono kaiolatuak), zutabegintza… Beluna jazz oraindik orain gaztelaniaz argitaratua izan delarik (Jazz y Alaska en la misma frase, Seix-Barral), Pasaia blues nobela eskaintzen dizugu orain osorik.
Urr
28
04
Abuztu amaierako Emailuan adierazi genuen bezala, 1999an jauzi garrantzitsua egin zuen bere literatur ibilbidean Jose Luis Otamendik. Bost poesia libururen ondoren, XX. mendeko euskal poesigintzan izena errotua jada, narratibarako jauzia eman zuen eta Euri kontuak plazaratu Susa argitaletxearekin. Ipuinak dituzu kontu hauek, lirismoz blaituak bai, baina narrazio petoak. Osorik irakur ditzakezunak.
Urr
28
04
Gero eta liburutegi digital osatuagoa dauka euskaraz.net guneak. Oraintsu Bartolo Ayerberen Gaintza jaioterriko eta gero bizileku izan zuen Altza-Loiola inguruko oroitzapenak biltzen dituzten bi lan osorik jarri ditu euskaraz.netek liburu digitalen atalean: Nere mundualdia eta Zaharrak berrituz. Atal berean irakur daiteke ere Joxe Ayerbe, Bartoloren semearen, Alako batean bertso bilduma.
Urr
21
04
Euskal literaturako izen handietako bat, poesiari heldu zion Orain liburuan (Susa, 1998) Itxaro Bordak. Zazpi urte zeramatzan azken poema liburua egin zuenetik (Bestaldean, Susa); Amaia Ezpeldoi detektibearen trilogia argitaratu zuen tarte horretan. Eta 1998an Orain ekarri zigun, bere poema libururik helduenetako bat, non formalki ere berezia den Deep Northern atalak indar izugarria erakusten duen. Osorik irakurri dezakezu poesia liburu hau.
Urr
14
04
Enbata indartsu baten gisa azaldu zitzaigun Urtiz Urrutikoetxea bilbotarra letren plazara: Borroka galduetatik gatoz. Susa argitaletxearekin 1997n argitaratua, indar eta era berean sentsibilitate handiko poema liburua zen, gazte baten ahots freskoak zekarrena. Poesia idazten jarraitu du eta Utzidazu karmina kentzen eman zuen argitara, Kutxaren sariaren irabazle gisa, 2002an. Ernestina de Campourcin saria zela eta Gaur ere ez du atertuko poemarioa ere atera zuen. Imre Kertesz-en Zoririk ez euskaratu du 2003an.
Urr
07
04
Beste zenbait alorretan bezala, euskal literaturan ere toki berezia egina da Martin Ugalde, 2004ko urriaren 4an hil dena. Produkzio zabalekoa, hainbat jenerotan jardundakoa, narrazioen eremuan eman zituen lanik gogoangarrienak. Hiltzaileak, bere lehen narrazio liburua dakargu hona, 1985ean Erein argitaletxeak plazaratutakoa (lehenik 1961ean kaleratu zuen, Iltzalleak, Venezuelako Cromotip argitaletxearekin ): bere lehen liburua da, eta agian enblematikoena literaturaren alorrean. Literatur Aldizkarien Gordailuan irakurri ahalko dituzu, bestalde, Egan aldizkarirako egindako ipuin eta artikulu bat, eta, bere jardun ez hain ezagunean, Plazara aldizkarian 1985ean argitaratutako poema bat, Aberria, Hendaian 1975 izenekoa, Martin Ugalderen erretratua ongi islatzen duena.

Urr
07
04
Donostiako Oriamendi baserrian jaiotako Segundo Kalonje (1910-1986) bertsolariaren Loreak udan intza bezela bertso bilduma jarri du sarean euskaraz.net-ek. Auspoa liburutegian argia ikusi zuen liburu honek egunkari eta aldizkarietan argitaratutako, nahiz Segundoren eskuz idatzitako paperetan aurkitutako bertsoak biltzen ditu.
Ira
30
04
Andaluziari ene bilduma deritzo Jon Iñaki Lasak Susa argitaletxearekin 1984an kaleratu zuen poema-liburuak. Poeta ez zen berria, Alizia eta biok publikatua zuen Ustela Sailean 1982an. Han hasitako bidearen sendotzea erakutsi zuen orain osorik eskaintzen dizuegun Andaluziari ene bilduman. Literaturari lotua jarraitu badu ere —itzulpenak, poemak Galeuscan…—, hauxe izan zuen argitaratutako azken liburua.
Ira
23
04
Bizitza honek lau ertz ditu / Lau ertz ditu ene pentsamenduak ere / Eta denboraren diktadurak / Geroaren aldabak apurtu dituelarik / Zure ametsaren sabelean bizi nahi nuke. Ziegako lau ertzen barnetik idatzitako poema liburu eder batekin plazaratu zitzaigun 1996an, Susa argitaletxearekin, Mikel Ibarguren: Hemen gauak lau ertz ditu. Espetxean eta espetxetik egina, baina, ahotsa goratu gabe, irudi ederren bitartez paretak gainditzen zituen poemak dakartzana. 2002an kaleratu zuen bere hurrengo liburua, poemarioa hau ere: Deserriko karrikak.