Urr 01 06

Madame Bovary nobelak 150 urte

Gaurkoa bezalako egun batez, duela 150 urte, Gustave Flaubert-en Madame Bovary nobela zatika argitaratzen hasi zen La Revue de Paris aldizkaria. Sei emanalditan agertu zen: 1856ko urriaren 1ean eta 15ean, azaroaren 1ean eta 15ean, abenduaren 1ean eta 15ean. Orduan bezalaxe, Literatur Emailuetan zatika eta segida berean agertuko dugu Madame Bovary euskaraz, 1993an Patxi Apalategik itzulia eta Ibaizabal argitaletxeak plazaratua. Gaur lehen emanaldia ematen dugu; hamabost egun barru, jarraipena.

Gustave Flaubertek bost urtez jardun zuen Madame Bovary nobela idazteko lanetan, 1851ko irailaren 19an hasi eta 1856ko apirilean amaitu. Orotara 4.500 orrialde idatzi zituen (gorderik dira eskuizkribuak), baina nobela azkenean 500era ekarri zuen.

Emma Rouault (Bovary anderea) da nobelako protagonista nagusia, eta gizonezkoak dira gainerakoak: Charles Bovary senarra, Leon Dupuis, Rodolphe Boulanger, Homais eta Lheureux jaunak… Nobelako gertakariak 1827ko urrian abiatzen dira eta 1846ko abuztuan amaitu.

Burgesiaren erretratu maltzur honek ez du dotoreziarik galtzen narrazioan. Flauberten estiloarekin gozatua hartuko du irakurleak. Arreta amoriotan galduko ez duenak, beharbada zehazkerietan galduko du. Eta halaxe, agian ohartuko zara Emmaren begiak kolorez aldatzen direla. Hasieran nabarrak dira: “Ederrik eder zuena, begiak ziren: nabarrak izanik ere beltzak zituditen”. Ondoren azulak: “haren begiak handiagoak iruditzen zitzaizkion, batez ere esnatzerakoan betazalak behin eta berriz segidan irekitzen zituenean; ilunpean beltzak eta egun argitan urdin ilunak”.

Gustave Flaubert

Normandiako Rouen herrian jaio zen Gustave Flaubert 1821eko abenduaren 12an, eta handik hurbil, bizilekua izan zuen Croisseten hil 1880ko maiatzaren 8an. Mediku baten semea, zuzenbide ikasketak utzi —osasun ahulekoa zen— eta idazle jardun zuen. Bidaiak egin zituen, eta bere obran islarik badute, batez ere 1849tik 1851ra bitartean Italia, Grezia eta Egiptora egindakoak. Lehenago, hala ere, Frantzian zehar ibilia zen (Victor Hugo ezagutu zuen Pirinioetan), eta Parisera ere jotzen zuen (1848ko Iraultzaren garaian gehienbat “ikusle” gisa, eta beste idazle eta lagunak bisitatzen: Emile Zola, Alphonse Daudet…).

Literatura errealistaren ereduetako bat da Flaubert, argitaratu zen bere lehen eleberriarekin literatura unibertsalean tokia irabazi duena: Madame Bovary. Ez da ordea, maiz hala dirudien arren, eleberri bakarreko idazlea, eta bere estilo zorrotza irakur daiteke beste obra batzuetan ere: Salammbô (1862), L’Éducation sentimentale (1869), Trois contes (1879), amaitu ez zuen Bouvard et Pécuchet (1881).

Patxi Apalategik euskaratutako Emma Bovaryren ibilerez gain, euskaraz Gustave Flauberten beste narrazio bat ere irakur daiteke, Trois contes-eko lehena den Un coeur simple. Bi bertsiotan irakurri ahal, hain zuzen ere. Karlos Santistebanek euskaratua, Kriseluk plazaratu zuen 1988an, Bihotz apala izenburuaz. Eta Ereinek, Milabidai bilduman, Patxi Apalategik itzulitako Bihotz sinplea 1996an.

Interneten Gustave Flauberti buruzko eta Madame Bovary-ri buruzko informazio asko aurki daiteke —testuak, epaiketa, kronologiak…—, hainbat hizkuntzatan. Segidan eskaintzen ditugun bi helbideak —Rouengo Unibertsitateko Gustave Flaubert zentrokoa oso aberatsa—, baliagarriak dira autorea eta bere obra ezagutzeko.

Gustave Flauberten testuak sarean:

2 aipamen

  1. Literatur Emailuak » Gustave Flaubert euskaraz (Madame Bovaryren 3. emanaldia):

    […] Ez dira Emma Bovaryren amodioen ingurukoak, baina, euskarara ekarritako Gustave Flauberten lan bakarrak. Trois Contes liburuko lehen narrazioa den Un coeur simple ere euskara eta plazaratu da: birritan euskaratu eta plazaratu, gainera! Bihotz apala izenburuaz, 1988an —Madame Bovary baino lehen, beraz— Kriselu argitaletxeak kaleratu zuen Karlos Santistebanek egindako itzulpena. 1996an, berriz, Erein argitaletxearen Milabidai bilduman kaleratu zuen Patxi Apalategik, Bihotz sinplea izenburuaz. Kategoriak: liburuak osorik, urteurrenak, euskarara ekarriak. WordPress bitartez weberatua. […]

  2. Literatur Emailuak » Madame Bovary (bigarren emanaldia):

    […] Gustave Flaubert bizi izan zen garaia ulertzeko, Joseba Sarrionandiak Marginalia liburuan (Elkar, 1988) idatzitako “Idazlegoa eta iraultza” artikulua irakurtzeko gomendioa egiten dizugu. […]

Agenda

Efemerideak

Kritikak