Mar 27 20

Antzerkiaren Nazioarteko eguna

Antzerkiaren Nazioarteko eguna ospatzen dugu urtero martxoaren 27an. Urtero, munduko antzerkigile batek manifestu bat idazten du egun honetarako. Sarritan, manifestua euskaratu eta gurean ere irakurri egiten da antzerkiaren inguruko mezu hori, aurten balkoitik balkoira egin beharko dugu, ziurrenik, antzerki areto guztiak itxita daude eta.
Eta aurten ere, Pakistango Shahid Nadeem antzerkilaria eta giza eskubideen aldeko aktibistak idatzi du eta guk ere sarean hedatu gura izan dugu euskarara ekarrita.

Antzerkia santutegi

Ajoka antzokian Bulleh Shah poeta sufiari buruz jokatzen ari ziren antzezlan baten amaieran, agure bat, iloba alboan zuela, sufi handiaren papera jokatzen ari zen aktorearengana hurbildu zen.“ Gure iloba ondoezik dago, bedeinkatuko duzu?” galdegin zion. Aktoreak harriturik erantzun zion:“ Ni ez naiz Bulleh Shah, haren papera jokatzen duen aktorea baino ez naiz”. Agureak orduan:“ Ez seme, zu ez zara aktorea, zu Bulleh Shahren berraragitzea zara, bere avatarra”.
Bat-batean, antzerkiera erabat berria bururatu zitzaigun, zeinetan aktorea jokatzen duen pertsonaiaren berraragitzea bihurtzen baita .
Bulleh Shahrenaren antzeko istorioak kultura guztietan daude, eta antzezleon eta ikusle ezezagun baina suharren arteko zubi bihur daitezke.
Batzuetan, oholtzan jokatzen ari garenean, antzerkiari buruzko gure ikuspegiak gidaturik, geure burua gizarte aldaketarako aitzindaritzat hartu eta, batzuetan, gure komunitatearen zati handi bat albo batera uzten dugu.
Orainaldiko erronkekiko dugun konpromisoan, antzerkiak sorrarazi dezakeen esperientzia espiritual hunkigarri baterako aukerak ukatzen dizkiogu geure buruari. Gaurko mundu honetan, zeinetan intolerantzia, gorrotoa eta indarkeria areagotzen ari diren, gure planeta gero eta gehiago hondoratzen ari da larrialdi klimatikoan.

Gure indar espirituala berrezartzeko ordua da.

Bizi gaituen munduarekiko, bizi gaituen planetarekiko gailentzen ari den axolagabekeriaren, lozorroaren, ezkortasunaren, diruzalekeriaren eta mespretxuaren aurka borrokatu behar dugu.
Antzerkiaren egitekoa gizateria suspertu eta aurrera eginaraztea da, amildegi batean erori baino lehen zutitzen laguntzea.
Antzerkiak eszenatokia santutegi bihur dezake, joko zelaia sakratu. Asiako hegoaldean, artistek eszenatokia begirune handiz ukitzen dute zapaldu aurretik. Aspaldiko ohitura horretan, espiritualtasunak eta kulturak bat egiten zuten.
Artistaren eta publikoaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko harreman sinbiotiko hori berreskuratzeko ordua da. Antzeztea ekintza sakratua izan daiteke, eta aktoreak jokatzen duten pertsonaien avatarrak bihur daitezke.

Antzerkiak eszenatokia santutegi bihurtzeko gaitasun eraldatzailea du eta santutegi hori jokaleku.

Agenda

Efemerideak

Kritikak