www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sanduen bizitzak
Joakin Lizarraga
c. 1793, 1994

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesukristo, Maria eta Santuen bizitzak, Joakin Lizarraga (Juan Apecherearen eta Francisco Ondarraren edizioa). Nafarroako Gobernua, 1994.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Agustuaren 31.an
San Ramon Nonnat

 

        1. S. Ramon izan ze Portel deitzen den errikoa Katalunian jendaki guzis noblekoa. Bere Ama erditzeko egunaren esperan zegolaik, joan ze konfesa-komekatzera elizan, eta on egin ta itzuli zelarik etxera, eman zio akzidente batek ain erru, ezi ordu gutiren barnean edeki zio bizia. Eta etxakin zergatik, aurra etziote atra, alik eta ogei ta laur ordu pasatuas geros ellegaturik Kardonako bizkondeak manatu zuen atratzeko, naiz medikuek ta guziek uste zuten ilik bide zegola ia. Atrarik ikusi zutelaik bizi zela konsolatu ta admiratu zire, ta bataiatu zute, Aitabitxi zelarik bizkonde bera, zeñen izena paratu ziote Ramon, ta izengañekoa Nonnat, baita oroat nola ezjaioa, agitu zenagatik. Ezaumentura ellegaturik, ezaundus Jangoikoaren faborea kuidatzen zue enpleatzeas ongi bizi emana. Eman ze elizara afizionez: baña etzuelaik Aitak nai ortako, biali zuen desterratua bekala montañan zuen etxe batera, kuida zezan haziendas ta gauzes an. Joan ze obediente Ramon, eta S. Nikolasen hermita batean, an Ama birjinaren imajina bat baize, arara zue bere errefujioa, an bere dibersioa, deskansua, ta errekreazioa errezatus abe Mariak gogotik, espezialki adituas geros imajinaren agotik erran zion gau, etzazula izan beldurrik, Ramon, ezi nik oraidanik artzen zaitut ene humetako, eta dezakezu konfianza guziareki deitu ni zure Ama, ta akuditu ene anparora nauzun guzian. Zer admirazioa! zer konsolazio ta alegranzia sentitu zuen itz ebeki, nork explika? Ordu gartaik artu zue bere Amatako, ta amore fiñareki ansiatzen zue zerbitzatzea Ama seme dibino gaiei, izateko digno izenaren. Kuidatzen zue agitz garbitzeas imajina eta hermita kontino, ta paratzeas korona loreskoak Amari ta semeari buruan, ta lore obenak egunoroko errosarioan. Berarias joaten ze Artzaiareki leku gartara, ta bialtzen zue ura berze itekoetara, ta bera gelditzen ze ardieki egotea atik iago hermitan, eta askotan egoten ze Aingiru bat ardieki guardian, Ramon zegon bitarteo orazioan hermitan.

        2. Nai izan zue engañatu Demonioak agerturik Artzai zar baten idurian, konsejatus itzuli zeiela etxerat, bizitzeko kaballero ta gaste bekala emanes adinari berea. Mutil sanduak errespondatu zue, nik eztut segituko, ta ez bear ere berze doktrinarik, baizik erakusten didana ene Ama Maria birjinak. Izen gau aipatu zueneko, desaparezitu ze Artzai iduria, utzirik infernuko usai bat, su, eta kee iluna. Ezaundurik nor zen, sartu ze Ramon bere hermitan ematera graziak: eta Ama amorosa; añaditus grazia graziaren gañetik, agertu zekio guzis eder ederra: amorosten zuela guzis bere Majestadeas arima gura. Eta ala beraren zerbitzutan eginala egin naiez, ta etxakin zer egin, galdegin zio zer nai zuen egin zezan: Birjina Santisimak errespondatu zio, ene gustoa da egin dezazun boto, guardatzeko kastidadea: eta ala egin zue berartan, erranes itzak Ama Santisimak, ta errepetitus sanduak. Zer fineza amarena au! Gero bere Majestadeak sarrarazi zue Merzedeko errelijionean, non imitatu zuen perfektoki bere Aita fundazalea S. Pedro Nolasko. Birtute guzietan distingitzen ze, baña prinzipalki prinzipalenean, au da, karidadean Jangoikoaren ta proximoen alde. Ordenatunk sazerdote, ta Predikari, konbertitzen zue anitz arima itzas ta exenpluas, deitzen baizute komunki fraile sandua: eta Jangoikoa asi ze konfirmatzen milagroes ere. Kaballero batek eman zio puñaladaka bere Andreari, zeren goratu zioten testimonio falsu bi Mutilek, zergatik andre onak erreprehenditzen zituen aien gaixtakeriak. Urrikitu ze bereala kaballeroa ezaundurik etzuela kulparik bere Andreak. Joan ze S. Ramonen zeldara, eta negarres kontatu zio bere gaizki egina. Sanduak konsolatu zue, bidoeie, erran zio, aurkituko du bizirik bere Andrea, ezi nola testimonioa baize falsu gezurrezkoa, ala puñaladak eztire izan egiaz, baizik itxuraz: eta akusazale gezurtiek fite pagatuko dute pena. Joanik aurkitu zue mellarik gabe kontent; eta bi gaiek andik guti izan zire justiziatuak, ta urkabearen oñean konfesatu zute klaro goratu zuten testimonio falsua. Orgatik S. Ramon dute Abogatu persona aflijituek testimonio falsueki: ta dezakete izan edozein trabajutan.

        3. Baña bere antsia prinzipalena ze libratzea Deabruaren eskupetik arimak, eta kautiberiotik kautiboak. Ortako joan ze Arjela, ta erreskataturik anitz, eta iago naiez, diru-faltas, bera gelditu ze fiadore bilduartaño. Bitarteo etzeike sosega trabajatu gabe ansioso desengañatu naiez arima engañatuak. Konbertitu zitue anitz prinzipalenetaik, ta bataiatu. Asarraturik orgatik Gobernariak nai zue ilarazi bereala, baña kobratzeagatik kautibo emanen prezio zor zena, detenitu ze, baña emanarazi zio anitz bofetada, azote, ta golpe. Guzia zerama animoso ta alegre sanduak. Eta konsolatzen zutenei erraten ziote, ezta konsolatu bearrik itzes konsolatzen duena Jangoikoak nekepenes: eta nik eztut konsolu bearrik, dutelaik ene konsolu nai bekalakoa padezitzean. Etza da zela izan lastima, bai inbidia, ezi pena gebetan altxatzen da gusto gozoa, ta galdu-idurian irabazi andia. Anima zaizte zuek ere pasatzera Kristoren amorez, ezi aurkitukouze ortan tesoro prezioso altxatua. Zebaturik tratu gisa gartan gose iagoreki segitzen zue ez solamente sekretoan, bai karrika ta plazaetan ere predikatzen Kristoren egietafedea, konfirmatus Kristioak, konbertitus Moroak. Gobernariak suturik berriro, manatu zue eraman zezatela biluxirik azotatus karrikas karrika: eta plazan zulatu ezpañak itze goritueki, paratu zerroju bat, ta ala ertxi zezotela agoa, etzezaken predika Kristo. Ala egin ze, baña agoa ertxirik, andik zerion odola zego predikatzen klaro eder. Sarrarazi zue kalabozo barna ilun batean: non zegon sanduaren gorputza penetan, baña gogoa zeruan gozoso pasatzeas Kristoren amorez.

        4. Kalabozo gartan elebatu ze espirituan, ta ala aurkitu zute joan zirenek ematera sustentu, il etzeien. Idatzarrarazi zute lo gozo gartaik: erori zire kateak ta zerrojua bere kabo: baña moroek tratatus sorgin bekala makilukaldis, berriz paratu zizkiote kateak esku oñetan, ta zerrojua ezpañetan. Zorzi ilabetez iduki zute martirio gortan, irur eguntaik irur eguntara emanez sustentu piska bat, etzeien akaba; ta aldioro kendus ta paratus zerroju gura, ta berritus llagak eta oñazeak, pensa nolako maneran! Ez lukete nai moroek agertu zeizen Jangoikoaren miragarriak sanduareki, baña berek ere etzezazkete ixildu admirazioaren utses. Nork dezoke uka martirioaren gloria ta merejimentua, naiz etzen an akabatu iles, Jangoikoak ala nai izanez? Edatu ze kalabozo gartaik fama mundua barna Romaraño, eta Aita sanduak kreatu zue kardenale: ta pagatu ondoan kautiboen erreskatearen prezio faltatu zena, nai zuelaik gelditu an akabatzeko labratus martirioaren korona ain alzina zeramana, obligatu zute itzultzera Españara. Eta Barzelonan errezibitu zute nola martir bizi bat, ta Romako kardenale ponpa andiareki: baña berak naiago zuela bizi altxaturik konbentuan nobizio bat bekala enpleatzen ze ofizio apalenetan. Pasatzean karrikan erauntsiketa batez ikusi zue zartto gaizo bat erdi biluxi, ta buru agerrian: bereala kendu zue bere sonbrelu gorri kardenalarena, ta paratu zio pobreari estal zeien. Gau gartan agertu zekio Ama Santisima koronatunai zuela lorees; eta sanduak geroko erreserbatus korona loreskoa, emen sollik Kristo nai zuela, aparezitu zekio Kristo bera aranzes koronaturik, ta gañetik ark eman zuen sonbrelua: eta ala Ama Semeak honratu ta erregalatu zute miragarriro.

        5. Deitu zue Aita sanduak berak Gregorio IX.ak Romara, baña Jesu Kristok gloriara, zeren ezi Kardonara joanik despeitzera bere Aitabitxia, erori ze gaitz andi batean; eskatu zitue sakramentuak; eta berantzen zuelaik sazerdoteak sakramentuareki, eskatu zio humil Jangoikoai, etzeien il ori gabe: eta bereala ikusi zue sartzen bere kuartoan Aingiruen prozesio bat argizarieki eskuetan errelijioso-iduri, ta azkenean bat guzis benerablea errebestiturik ornamenta sagratues zekarrala kustodia, zeñen eskuetaik errezibitu zue komekadura sanduak urtikirik lurrean: eta bereala despeitu zue bere arima aunaren eskuetan 1240 urtean, ta adinaren 42.an. Gelditu ze argi eder aurpegia kausatzen zuela admirazio ta gozo beiratzen ziotenei. Amaborz egunez egon ze orzi gabe fresko atxon admirableareki, agiturik pleitu gisa bat bizkondearen, ta Fraileen ertean, nai zutela tesoro gura nork beretako: alik eta errege D. Jaimek, S. Pedro Nolaskok, ta Barzelonako obispoak manatu zuten paratzeko gorputz sandua mula itsu baten gañean, ta uzteko libre zoeiela nora nai zuen. Mula bere kabo pasatus sanduaren sortuetxeko atarien alzinean belaurikatu ze an: segitus alzina baratu ze S. Nikolasen hermita gartan, zein inguratus irur aldis baratu ze atarian: eta edeki orduko karga prezioso gura gañetik, erori ze ilik an berean. Orzi zute eliza gartan, non geroxago egin zen konbentu bat. Ararako badean ere honratu zue Jangoikoak anitz milagroeki: bat izan ze, akonpañatzen zutelaik anitz argieki, ezpaize bat berere itzali, naiz izan asko erauntsi ta aize erruak bitartean. Bereala asi zire beneratzen sandu bekala kulto publikoareki: eta diote lizenzia eman zuela ortako Aita sandu berak Gregorio IX.ak: eta gero 1414 urtean kanonizatu zuela Benedikto XIII.ak Aita sanduak kendu baño len Konzilio Konstanziakoan. (D. Pedro de Luna deituak.) Gero Merzedeko errelijiosoei eman ziote lizenzia Aita sandu Urbano VIII.ak. Paratu Martirolojio Romanoan Alexandro VII.ak: eta Brebiarioan Klemente X.ak, zelebratzeko guziek.

 

aurrekoa hurrengoa