www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa  

CXXXVIII. KAPITULUA

Jonathas eta Simon aphez-handiak;
bataren eta bertzearen heriotzea

1. Mach. 9.

 

        Judas Makabee hil zenean, yuduek hartu zuten bere aitzindaritzat Jonathas haren anaia, eta hura bera ziruriena prestutasunaren eta animoaren partetik. Siriarrek bere erresuman zituzten guduei esker, yuduak bakean bizi ziren. Aitzindari berri hark egiten zituen bere egin ahal guziak ez asaldatzekotzat bere populuaren deskantsua. Erreberritu zuen Erromarekin Judas Makabeek heiekin, hiltzeko aitzinean, egin zuen batasuna: orobat egin zuen bertze nazioneen alderat, eta beregainki lazedemoniarren alderat. Azken aiphatu dugun populuari Jonathasek egin zioen guthunean, gaztiatzen zioen orhoitzeaz aspaldion elkharri ekhartzen zioten amodioaz, eta seguratzen zituen lazedemoniarrak yuduek etzutela bilhatzen heien adiskidetasuna, heien beharra zutelakotzat: etzutela nihongo laguntza beharrik, aski zituztela bere konsolamenduarentzat eskutan zituzten liburu sainduak.

        Jonathasek gobernatu zuen bere populua hemezortzi urthez. Ephe hartarat zenean, yabetu ziren hartaz Ptolemaidako hirian Trisonen manuz. Traidore hunek hil-arazi zituen aitzindari Jainkotiar hura eta haren bi umeak. Jonathasez yabetu zirelako berriak damustatu zituen yudu guziak. Simon haren anaia zaharrena eta urthe hainitz zuena, hedatu zen berehala Jerusalemerat. Bil-arazi zituen yuduak, eta nahiz altxarazi heien bihotz eroriak, erran zioten: badakizue nola gudukatu izan garen, eta zer pairatu izan dugun gure legeen eta gure tenplu sainduaren sustengutan, ene anaiek, ene familiak eta nik. Ene haurride guziek galdu izan dute bizia Israelen begiratzekotzat, bakharra gelditzen naiz hek guzierarik; ordean Jainkoari nahi ez dakioela guphidets dezadan ene bizia oraingo hersturan. Ez dut, urrun da, ene aitzinagokoek baino gehiago balio. Solas hunek hedatu zuen animoa yuduen bihotzetarat. Ezagutu zuten aphez-handitzat Simon, Jonathasen orde, eta eman zen egitekoen buruan. Yuduak Simonen denboran izan ziren libratuak Siriako erregeen uztarritik. Aphez-handitasunerat altxatua izan zenetik zortzi urtheen buruan, Ptolomee bere suhiak hil izan ziren traidorekeriaz, othuruntza batean Simon eta hunen hi seme. Ptolemee etzen hartan baratu, nahi izan zuen hil-arazi oraino Simonen bertze seme bat, Joanes Hirkan deithzen zena; ordean Hirkanek, hil nahi zutelako berria entzun zuenean, har-arazi zituen haren hiltzeko manua zutenak. Handik laster, Hirkan hau bera altxatua izan zen haren aitak zuen aphez-handitasunerat.

 

HEMEN AKHABATZEN DA MAKABEEN ETA
TESTAMEN ZAHAR GUZIAREN HISTORIOA

 

aurrekoa