www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXI. KAPITULUA

Israelgo nahasmenduak.
Akab eta Jezabel

3. Erreg. 15.

 

        Judako bazter guziak bakean ziren, Asahetako erregeren denboran, eta etzen nahasmendurik baizen Israelgo erresuman. Jeroboam gaixtagina hil zeneko, Nadab, haren semea eta aitaren idurikoa, izan zen ezarria tronuaren gainean. Guti erreginatu zuen. Baasa Israelgo erregeak eraman zioen bizia, eta yabetu zen erresumaz. Baasa hunek hil zituen oraino Jeroboameren egokiko guziak, bakhar bat guphidetsi gabe.

        Baasa etzen Jeroboam baino hobea agertu: yarraiki zitzaion errege hari bere gaixtakerietan. Horra zergatik Jainkoak adi-arazi zioen, Jehu profetaren ahoz, yazarriko ziola haren egokiari Jeroboamenari bezala. Baasakek ezin yasanez Jehuren mintzatzeko libertatea, hil-arazi izan zuen profeta hura. Baasakeren ondoan, Ela haren semea, izan zen errege. Etzen egon bi urthe baizik tronuaren gainean. Zanbri haren kabaleriaren, edo zamaldunen aitzindaria, altxatu zen haren kontra, eta eraman zion bizia. Nausitu zen gero, bortxaz, erregetasunaz, eta funditu zuen Baasakeren familia guzia, bati ere utzi gabe bizia, Jainkoaren hitzaren arabera; eta hori, Baasakeren eta Elaren bekhatuengatik: ezen gaixki handitan erori ziren berak, eta eror-arazi zituzten israeldarrak, Jainkoa tarritatuz bere idolatriaz.

        Zanbri etzen egon zazpi egun baizik bortxaz arrapatu zuen tronuaren gainean. Israeldarren armada, filistindarren kontra guduan hari zenak, yakin zuenean Zanbrik bere burua erregetu zuela, eta hil zela Ela, ezarri zuen khoroa Amri, bere aitzindariaren buruaren gainean. Amrik sethiatu zuen berehala Zanbri bizi zen hiria. Zer egin zuen Zanbrik? Ikhusi zuenean hiri hura hartua izateko menean, su eman zioen bere palazioari, eta erre izan zuen bere burua. Hil izan zen bere gaixtakerien erdian, yarraikirik Jeroboamen bizitze gaixtoari.

        Amri egon zen errege, hamabi urthez. Hark eragin zuen Samariako hiria, gerorat Israelgo erresumako hiri buruzagia izan zena. Errege hunen bekhatuak bere aitzinagokoenak baino areagoak ziren; bainan Akab, haren semea eta ondorioa, oraino gaixtoago gerthatu zen. Ahantziak ziren Jeroboameren gaixkiak. Ezkondu zen Jezabelekin: emazteki hau zen printzesa idolatre bat, egiazko Jainkoaren profeteen eta zerbitzarien etsai ageri bat. Akabek adoratu zuen, bere emazteak bezala, Baalen idola, eta eragin zuen, Jainko faltso haren ohoretan, tenplu bat Samariako hirian. Haren azpikoek egin zuten erregek egin zuena; adoratu zuten Baal. Itsumendua huntarainokoan hedatu zen, non iduri baitzuen egiazko Jainkoak etzuela gehiago bere adoratzaillerik Israelgo erresuma guzian.

        Zanbri bizi zitekeien dohatsu eta deskantsuan: aski ohoratua aurkhitzen zen armadetan zadukan aitzindegiaz. Iduri du etzituela behar urrunago hedatu bere xedeak. Ordean zer ez dezake eragin anbizione zoro batek? Zenbat presuna ez dire ikhusten bertzez gorago altxatu nahizko hirritsak nahazten eta gal-arazten dituenak! Zanbri yabetu zen bortxaz khoroaz; ordean zer irabazi zuen bere burua tronurat altxatzeaz? Deusere. Galdu zuen, ordu beretik, bere barneko bakea, etzen asaldurarik baizen haren konzientzian. Nola izan zen punitua? Berak kondemnatu zuen bere burua erretzerat. Etsenplu hunek irakhatsten daroku ez dugula behar ibilhi ohore eta ontasunketan. Ah! mundu huntako zoriona ez datza bertzeez gorago izatean. Handitasunek, erregeen tronuek berek baituzte bere arantze zorrotzak. Balinba milletan dohatsuago ahal da gutirekin eta doiekoarekin deskantsu bizi dena!

 

aurrekoa hurrengoa