www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIV. KAPITULUA

Amalek desegina

Exod. 17.

 

        Amalezitarrak izan ziren lehenak atrebitu zirenak gudu ematerat Jainkoak hain lorioski Ejiptotik libratu zuen populuari. Etsai kruel hek, ikhusirik yuduak nekheaz hebainduak zirela, eta goseaz eta egarriaz bertze alde, armarik ere etzutela, aski laxoak agertu ziren nahi izatekotzat oraino gehiago beheratu yende batzu, ziren estatu tristean, mundu guziaren urrikalmendua merezi zutenak: baliatu ziren gerlako imintzione guziez yazartekotzat armatua etzen populu hagorandu bati: erori ziren, bet-betan, yuduen gainerat. Moisek Jainkoa baitan zaduzkan bere indarra eta fidantzia. Armada haren nonbreak eta ospeak etzuten batere izitu. Erran zion Josueri hauta zetzala, populu gutzian, bihotzik gehien zutenak; bazohala bera Aaron eta hurekin mendi gorarat, eta seguratu zuen berak eginen zuela, handik, behartzen guzia. Hasi zenean gudua, eta Josuek animorekin ihardukitzen zuen denboran amalezitarren kontra, Moisek altxatu zioen bere bihotza Jainkoari, eta hedatuak zaduzkan bere besoak, egiten zuelarik gure etsaientzat, egun batez, hain salhagarri eta ikharagarri behar zen gurutzearen seinalea. Gizon saindu hark irakhatsi zioten yuduei, lehenbiziko gudu hartan; garaitia Jainkoaren nahian datzala, eta haren beso botheretsuaren azpian humilki beheratzen direnentzat dadukala. Moisen eskuak zauden bethi zerurat altxatuak: errekeritzen zuen amadetako Jainkoa arren fagora zetzan bere populuaren armak. Hala zagoen denbora guzian garaitiar ziren israeldarrak; ordean eskuak aphur bat beheititzen zituenekotzat, ordainez, amalezitarrek zaramaten garaitia. Aaronek eta hurek hori ikhusi zutenean, eta Moisek ezin gehiago atxik zetzakela besoak altxatuak, yar-arazi zuten harri baten gainean, eta berek iduki ziotzoten airean besoak, Josuek arras desegin zetzan artean amalezitar guziak. Jainkoak manatu zituen yuduak emateaz, haren ohoretan, ezagutzazko seinale bat bethi iraunen zuena, eta egiteaz yuramentu sesurik gabe persekutaturen zituztela amalezitarrak, sartuko zirenean agindu zioten lurrean.

        Hemen Jainkoak irakhatsten daroku molderik hoberena etsaien garaitzeko othoitza dela. Gizonen egin ahal guziak alferretan dire ez badire othoitzaz lagunduak. Josuek eraman zuen garaitiak erraten daroku beraz yaidura handi bat izan behar dugula othoitzarentzat, eta beregainki arimeen artzainek mundu-petik urrun bizi bebar dutela: maitatu behar dutela erretiramendua, eta othoitzean egon behar dutela, bere egin ahal guzian. Maite badituzte bere populuak, behar dituzte lagundu bere othoitzeez. Hura ahal da egin diozoketen fagorerik handiena. Arimeen artzainek utz diozokete bertze bati, kanpotik behar den artha; ordean othoitzaz bezanbatean, hura da gauza bat berei datxeikona, eta othoitz bakharrarekin egiten dute bertzek egin ahal dezaketen baino hainitz gehiago. Garaitua izanen zen Josue, Moise ez balitzaio eman othoitzari: amalezitarrek iharduk zezaketen armada oso baten kontra; ordean Moisek errexki garaitu izan zituen bere othoitzez; erran nahi da beraz, gizon bakhar bat, nekheak hurrendua zena borthitzago izan zela othoitzaren laguntzarekin, ezen-ez armada handi bat bere arma eta indar guziekin.

 

aurrekoa hurrengoa