www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIX. KAPITULUA

Ejiptoko zauriak

Exod. 8.

 

        Moisen erran guziak etziren beraz aski izan, Faraon erakhartzekotz utzterat Israelgo populua. Jainkoak zaurthu behar izan zuen Ejiptoa asko zauriz edo atsekabez; lehenbiziko zauria zeina baitzen ura odoletarat ganbiatzea alfer gerthatu zelakotzat, Jainkoak egorri zituen orai hemen aiphatzerat goazen hauk.

        Bigarren zauria zen igelezko elemenia bat; Jainkoak ilki-arazi zituen arriberatik: sartzen ziren etxe guzietan, eta hetaz penatuak kausitzen ziren Faraon eta ejiptoarrak bere ohetan beretan. Zauri hark ezagut-arazten zuen san Augustinen arabera, Jainkoak yauts-arazten duen punimendua, hitzez eta itxuraz baizik prestu ez direnen gainerat.

        Hirurgarren zauria zen ulitxeen, edo aliamalia xehe batzuena. Faraonen aztiek edo majizianoek egin zituzten huntaraino bere yakite gaixtoaz, Moisek bezalako mirakuilluak. Ezin ordean egundaino ager-arazi zuten ulitxarik, eta erran behar izan zioten Faraoni: hemen Jainkoaren erria seinalatzen da; etzen hargatik errege hura izan ekharriagoa Moisen erranen egiterat. Hirurgarren zauri hunek aditzerat ematen zuen yende batzuk atsegin izanen zutela elizaren bakea asaldatzeaz, eta arimeen khexarazteaz bere liskarrez eta bere elkhar ez-aditzeez.

        Laurgarren zauria zen uli handi batzuena: bethetzen zituzten bazter guziak, lekhat israeldarren lekhuak; ezen etzen uli hetarik batere sartzen yende heien etxetan. Zauri gisa hunek erran nahi zuen gizonek asko khexadura yasaten dutela utzten dituztenean bere buruak errexkiegi munduko penetarat, eta khexadura hark berak eramaten diotela bake maitagarri baten gozotasuna.

        Bortzgarren zauria zen izurri ikharagarri bat: funditu zituen ejiptoarren abere guziak, batere minik egin gabe israeldarrenei. Zauri hunek erran nahi zuen arrazoinik ez duten aliamalien pare biziko zirenak elizaren golkhoan, izanen zirela zaurthuak, ageriko etzen izurri ondikozko batez, eta hil-araziren zituenaz heien arimak, guphidetsi arren heien gorphutzak.

        Seigarren zauria hau zen: bestiak bezala, presunak ere handitsuz maldatuak izatea. Zauri hark erran nahi zuen arimako gaitza gorphutzeko zornearen idurikoa dela, eta eritasun izigarri batez zaurthuak direla Jainkoak orgilleriari eta sumindurari utzten dituenak.

        Zazpigarren zauria zen harritea. Xehakatu zituen bathzen zituen gauza guziak. Israeldarren herriaz izan ziren bakharrik hartarik libro. Zauri hunek ematen zituen begietarat, yende batzuen inyustiziak eta makhurkeriak alfer eragiten dituztenean, bere inbidiaz, bertzeen nekhe izerdiak. Halakoek galtzen-tuzte bere buruak, bertzei egiten daroen gaizkiaz beraz, hala nola, harria urtzen baida lurrean bazterrak xahutu dituen ondoan.

        Zortzi garren zauria zen xartalak edo larrepetittak deithzen diren bestia ttipi batzuesko elemenia bat, zeinek iretsi baitzituzten harriteak gal-arazi etzituen belhar eta lurreko yanari guziak. Zauri huntaz aditu behar ditugu gezurrek dakharzketen bidegabeak giriztinoen artean: gezurtiak egiten duelakotzat, larrepetittak bezala, bere ahoz, asko bidegabe.

        Bederatzigarren zauria zatzan ilhunbe lodi batzutan. Iraun zuen hirur egun. Zauri hunek erran nahi zuen gaixtagineen arimak ilhunbetan zaudela, yustuak, hala nola baitziren israeldarrak, gozatzen diren denboran argirik garbienaz. Hemen eman daite begi kolpe bat zuhurtziaren liburuan ezarria den gauza bati. Han edirenen dugu, Jainkoak ez duela, bet-betan, punitzen Faraonen gogortasuna, bainan bai aldizka. Hortan erakutsten du bere eztitasuna, bere haserraduraren erdian ere, eta haren nahia dela punimendu arinek gibel-araz detzaten borthitzagoak.

        Jainkoak, Jainko bezala, nahi duenean punitu, ez da uliz eta igelez baliatzen. Orobat zitzaion errex, zuhurraren erranaren arabera, egortzea berehala lehoinak ejiptoarren funditzekotzat, hei adi-arazi gabe, ulhien bidez, orhoitzeaz bere buruez; ordean ezagutzen du gizonaren flakitatea, eta kontentatzen da gaitz eztiagoez. Nahi du bat bederak yakin dezan zenbat izanen duen ikharatzeko seinalaraziko duenean, hedadura guzian, bere haserradura saindua, egortzen dituen gaztigu ttipiak hain lastimagarriak direnaz geroz. Bai, Jaunaren nahia da bizi gaitezen haren beldurrean. Kausitzen dituenean Faraonak, erran nahi da, bihotz arras sorraiotuak, hedatzen du bere besoa heien gainerat, eta ezin amora detzakenean eztitasunaz, bortxatua bezala da, azkenean, dorphetasunekin agertzerat arima ezin konbertituzko heien alderat, eta izaterat hain fermu bere yustizian, nola hek, bere ostrinamenduan.

 

aurrekoa hurrengoa