www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXI. KAPITULUA

Nola zen Israelgo erresuma
Joakazen denboran.
Elisearen heriotzea.
Zakaria harrikatua

4. Erreg. 13

 

        Jainkoak laudatu zuen Jehuk haren alderat agertu zuen kharra; ordean errege hark etzuen iraun bere zuzentasunean: Joakaz haren semea eta ondorioa, Jeroboam bezain gaixtoa gerthatu zen. Jainkoak seinalatu zuen here haserradura saindua israeldarren kontra: eror-arazi zituen Hazael Siriako erregeren eskutara, zeinak yazarri baitzaroen den dorphekiena. Xehakatu ziotzoten bere armadak huntarainokoan, non ez baitzitzaioen gelditzen Joakazi, baizik berrogoi eta hamar zamaldun eta oinezko hamar milla gizon. Hazaelek sutan eman zituen israeldarren hiri borthitz guziak, pasarazi zituen ezpataren puntan gizon gazteak. Siriarrak etziren hortan gelditu. Lehertu zituzten israeldarren haurrak, eta sabelak erditik egin emazte izorra guziei. Horra zer herstura handitan aurkhitu zen Israelgo erresuma Joakazen erregekoan. Azkenean printze hunek ezagutu zuen bere zoramendua, humiliatu zen Jainkoaren begietan. Jainkoak urrikari izan zituen israeldarrak; athera zituen Siriako erregeren eskutarik. Joas Joakazen semea izan zen heien libratzaillea, Joas errege zen lehenbiziko urthean, hil izan zen Elisea profeta asko mirakuillu egin ondoan. Hil zenean ere ikhusi zen mirakuillu bat haren baitan: huna nolakoa. Gizon baten ehortzten hari zirenek, ikhusi zituzten moabitarrak alde hetarat hurbilduak: nola heien beldur baitziren, nahi izan zuten, lehen bai lehen, ihes egin; hortakotzat artiki zuten, berehala hil hura Elisearen hobirat. Hil hark etzituen hain laster ukitu profetaren hezurrak, non biztu eta altxatu baitzen.

        Joasek, zuzen zen bezala, maitatzen eta ohoratzen zuen Joiada, aphez-handia. Sentimendu onez bethea zen, eta Jainkoaren loria bilhatzen zuen. Abhorritzen zituen Athalia, haren Amaren gaixtakeriak, guziz bulhusteaz Jaunaren tenplua han ziren gauza eder guziez, berregintzekotzat Baalen tenplua eta idola. Hartu zuen idol hek guzien borratzeko gogoa. Nola ez baitzen aski aberatsa berak yasateko hartakotzat egin behar ziren gastuak, egin zuen populua bere xedeaz yakintsun, nahiz haren laguntza. Ezarri zuten Jaunaren tenplua leheneko oin berean. Ordu hartan hil izan zen ehun urthetan, ondikoz Joasentzat! Joiada prestua. Joasek ohoratu zuen, hil ondoan ere, aphez-handi hura. Ehortz-arazi zuen Judako erregeen hobian.

        Ordutik, Joas erregea egin zen osoki bertze bat: etzirurien lehenekoa. Abandonatu zuen bere Jainkoa: eman zen idolen adoratzen; eta egin zituen gaixtakeria den handienak yauts-arazi zuen Jaunaren haserradura bere buruaren eta Judako erresuma guziaren gainerat. Zakaria, Joiadaren semea eta orobat aphez-handi zena, mintzatu zitzaion Joas erregeri minki eta khar handirekin, largatzeaz zeruko Jainkoa lurreko idolen adoratzekotzat. Ahantzi zitzaion Joasi zordun zela bere khoroaz Joiadaren alderat; beraz onhetsi behar zuela semea aitagatik. Bizkitartean harrikarazi zuen Zakaria tenpluan berean. Gizon saindu hark erran zuen guzia, bere bizia hain zuzen kontra galtzean, hau zen: Jainkoak ikhus beza zer pairatzen dudan, eta izan beza urrikamendu nitaz.

        Jainkoak entzun zuen Zakariaren othoitza. Yazarri zion Joasi. Etzen ordutik printze dohakabe harentzat gudurik eta atsekaberik baizen. Siriarrek desegiten zuten haren armada guzia, eta bere azpiko zituen bi zerbitzariek hil zuten bera lo zatzala ohean. Etzuen ere izan erregeen hobian ehortzia izateko ohorea.

        Eliseak, ikhusia da, mirakuillu bat egin zuen hil bat bitz-araztean; ordean ala mirakuillu handiagoa baida, bizia bihurtzea Jainkoaren begietan hilla den arima bati! Gorphutzak berriz hiltzekotzat bizten dire: ez da orobat arimaz. Atheratzen denean bekhatuaren thonbatik, bizten da, bera nor bada, ez gehiago hiltzeko; bainan aingeruen biziaz bizitzeko. Erhokeria bat laite igurikitzea gure gorphutzak bizturen direla hil eta, Lazaroarena bezala; ordean fedeak irakhatsten daroku Jainkoaren grazian hiltzen denaren arima biziko dela eternitate guzian.

        Deusere halakorik prestu izateko nola prestuei yarraikitzea. Joas erregea Jainkotiar eta behar bezalakoa zen baliatzen zenean Joiadaren abisu zuhurrez; ordean aphez-handi hura hiltzeneko, printze gazte hura erori zen ondikoz! bere erresumako handien erranetarat eta lausengutarat. Ordu beretik, suntsitu zen Jainkoaren tenpluarentzat agertu zuen khar laudagarria: abandonatu zuen egiazko Jainkoa yarraikitzekotzat Jainko faltsoei. Etsenplu handia irakhatsten darokuna hautatzen laguntzat eta adiskidetzat, presuna izpiritu onetakoak eta Jainkotiarrak!

 

aurrekoa hurrengoa