www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVI. KAPITULUA

Moise uretik itzuria

 

        Israelgo populua inyustuki persekutatua kausitzen zen Ejiptoan; errege esker gabe batek nahi zuen gal-arazi leinu hura, zeinari bizkitartean zor baitziotzon bere erresuma eta bere bizia bera. Lebiren tribuko gizon batek, Amram zaritzonak, izan zuen Jokabel bere emazteaganik seme eder bat. Ama hura guzia hartua nola baitzen edertasun handi hartaz, egin zuen hain ungi non gorde baitzuen bere umea hirur ilhabetez; ordean Faraonen manuak, zorrozki konplitu beharrak ziren; beraz Jokabelek utzi hehar izan zuen bere umea, bere menturarat, beldurrez berak gal bizia. Egin zuen ezpartzuzko saski bat, ohe orde, eta ezarri zuen hartan bere haurra; gero largatu zuen saski hura Nilgo arriberaren hegian, gomendatu ondoan bere alaba han egoteaz ur haren bazterrean, yakitekotzat zer bilhakaturen zen haren anaia. Hala beharra: Faraonen alaba goantzen dohatsuki, ordu berean, bere neskatxa zerbitzariekin, ur hartan freskatzerat. Laster begiztatu zuen ezpartzuzko saski hura: nahi izan zuen yakin zer othe zen; hortakotzat bidali zuen neskatxa hetarik bat haren bilha. Ikhusi zuenean haur hura, bere ohatze hartan hirriz zatzala urrikaldu zitzaion, eta haur haren edertasunak etzuen, urrun da, gutitu haren bihotz ontasuna. Ordutik nahi izan zioen begirarazi bizia. Haur harren arrebak, ikhustean zer iragaten zen, hurbildu zitzaion printzesa hari; othoitztu zuen arren onhets zezan zohan emazte hebreutar baten bilha, bulharra emateko haur hari. Erakharri zuen berehala bere ama, zeinari Faraonen alabak manatu baitzioen haur haren hazteaz; agindu ere zioen sari ona. Haur hura handitu zenean, bere amak eraman zion Faraonen alabari, zeinak adoptatu, edo bere ume kontuan hartu izan baitzuen: behatu zioen bethi bere seme bati bezala, eta eman zioen izentzat Moise, (Moisek, Ejiptoko hitzkuntzan, ura erran nahi da) uretik beiratu zeren zuen.

        Elizako aiteek admirazioneekin ikhusten dute, gizon saindu hura, lege zaharreko ministro zena, Jesu-Kristo lege berriko den bezala, nola edireten zen sortzetik beretik, salbatzaillearen iduriko, mirakuilluz itzuri zenaz geroztik hanbat haurreen heriotzea zakharkeien desmasia izigarri batetarik. Ala ordudanik Jainkoak ematen baitzuen ageriki ezagutzerat gizon guzien eta hetarik phurueneen beren nausia dela, eta heien nahi guziak alferretan direla haren xedeen araberakoak ez balin badire! Iduri ere du indar eta bothere oraino gehiago erazutsten duela gudu ageri bat egiten dioteneneen kontra. Ezin aski mirets daite Jaunaren zuhurtzia Faraonez trufatzean. Errege hunek nahi ditu gal-arazi hebreuarren haur guziak. Zer itsumendu! Ordean zer gerthatzen da? Berak nola ez dakiela, altxatzen eta lausengatzen du bere palazioan, illobaso bat izan balu bezala, haur mirakuilluzko bat, ejiptoarren eskutarik libratu behar zena Faraonek persekutatzen zuen populu hura bera. Beldurrak erakharri zuen Jokabel Moisez gabetzerat; eta ama hau bera da kargatua bere ume maitearen arthaz: pagatzen zaizko haur hazte saria eta bertze zerbitzuak ama bati zeinak, bozik, erosiren baitzituen berak munduko urre guzien goztuz. Haur haren handitasunaren hastapena gerthatu zen utzia izatetik bere menturarat. Jainkoak begiratu zuen Moise galdua izatetik arribera batetako urean, eta hondarazi zuen itsasoaren erdian, Moise beraren manuz, gizon saindu hura itsasopean gal-arazi nahi izan zuen printze baten semea gal-arazi zituen oraino, printze haren semearekin batean, haren azpiko aitzindari oste bat, zeren izan zuten flakezia konplitzekotzat bere erregearen manu barbaroak.

        Fede eta adimendu guti behar ginduke baldin erran ditugun gauza miragarriak ez balaraukute ezagut-arazten Jainkoa dela guzia, deusere ez direla gizonik botheretsuenak berak. Gaitz ahal da yakitea zer den gehienik miretsi behar dugun gauza; ala Jainkoa beraren kontra altxatzen direnen atrebentzia itsua, ala heien erhokeria auhendagarria!

 

aurrekoa hurrengoa