www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIII. KAPITULUA

Arrokako ura

 

        Mana zerutik yautsten hasi zenetik laster, israeldarrak gerthatu ziren Rafidin zaritzon lekhu batean urik gabe, eta egarriaz behartuak. Moisen leihaltasuna eta botherea ezagutzen eta frogatu zuten; bazakiten beraz gidari zuhur hark hetaz artha zadukala; bizkitartean abiatu ziren, egundaino bezala, gizon saindu haren kontra mintzatzen, eta erran zioten: Eman diezaguzu edateko ura. Zerentzat ilkhiarazi gaitutzu Ejiptotik? Zer? Gu hil-arazteko gure umekin eta gure abereekin batean! Orduan Moisek izan zuen errekortsu Jainkoaganat, eta erran zion: Jauna, zer eginen diot populu huni? Harrikaturen nau sarri. Jainkoak ihardetsi zioen: Eman zaite populuaren buruan; eramatzu zurekin Israelgo zaharrak; har ezazu, eskutan, arribera yotzeko zinduen zigorra, eta zohazi hobereko arrokarat; yoko duzu arroka hura, eta handik atherako da ura. Moisek egin zuen Jainkoak manatu zioena; eta ordu beretik, athera ziren arroka hartarik urak hain frankia handian, non hedatu baitziren inguru guzietarat. Arroka gogor hartarik athera ziren ur hek guziek aditzerat ematen zuten Jesu-Kristo gurutzefikatuak graziazko uholdeak hedaturen zituela alde orotarat. Hura ahal da egiazko harria, ematen dituena, bizitze huntako mortuan, bere populuaren egartsua hil-arazteko gai diren ur dohatsuak, eta oraino sor-arazten dituena arimetan bertze ithurburu batzu atherarazten dituztenak penitentziazko nigarrak bihotzik gogorrenetarik.

        Handik ondoan, israeldarrak aurkhitu ziren Kadesko herrian, zeinetan hil eta ehortzi baitzen Moisen arreba. Yarri ziren, ohi bezala, Moisen kontra erasten: uraren eskasia berak ahantzarazi zioten bere buruzagiari zor zioten errespetua: bere errenkurak hain urrun zaramatzaten non nahi baitzuten harrikatu Moise, eta orobat Aaron: bata eta bertzea goan ziren tabernaklerat; yarri ziren ahuzpez Jainkoaren oinetan, eta eman zuten arimen artzainek populuaren alderat behar duten eztitasunaren etsenplu miragarri bat. Jainkoari miserikordia galdetzen diote hain zuzen kontra persekutatzen zituzten, yazarri ere nahi zioten bihotz gogor eta esker gabe batzuen fagoretan; maite zituzten berak higin zituztenak, othoitz egiten zuten berak galdu nahi zituzten berentzat.

        Moisek, arroka zigorraz yorik, urak handik ilkhi-arazteko egin zuen mirakuilluan, bada gauza bat atentzione berezi bat galdetzen duena. Bi aldiz yo zuen arroka, fida izan ez balitz bezala atherako zela handik urik. Jainkoak gaitzetzi zuen fidantzia eskas hura, eta erran zioen Moisi, haren punimendutan, etzela sarthuren haren populuari primuzatzat agindu zioen lurrean. Hortik hartzen du san Gregoriok Jaunaren yuiamenduak ungi adoragarriak behar direla, eta ikharagarri dela ikhuslea gizon saindu hura, gauza guzietan hain leihal agertzen zena, populu esker gabe bat hanbatetan Jainkoarekin baketu zuena, bera punitua fidantzia eskas arin batengatik.

 

aurrekoa hurrengoa