www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CVI. KAPITULUA

Tenpluaren dedikazionean

3. Erreg. 8.

 

        Tenplua izan zenean osatua, Salomonek nahi izan zuen egin haren dedikazionea, eta harat erakharri zuen arka Dabitek eman-arazi zuen lekhutik. Ez da kalte mintza gaiten, berriz ere, aphur bat, arkaz eta tabernakleaz. Moisek eragin zituenean, Jainkoaren manuz, bata nola bertzea, Josuek ezar-arazi zituen Silo zaritzon lekhuan: denbora hura zen Jourdaingo ura iragan zenetik zazpigarren urthea. Silo zen hiri bat Efraimen tribukoa, Salem ziruriena: errana da Salem haren hegian bathaiatzen zuela Joanes-Baptistak. Salem hartan egon zen arka hirur ehun eta hogoi eta zortzi urthez. Handik izan zen eramana kanparat, eta han yabetu ziren hartaz filistindarrak. Populu hunek egorri zuen arka zazpi ilhabeteren buruan: eman zuten Kariathiarimen Abinadaben etxean. Egon zen han hirur-hogoi eta hamar urthez. Abinadaben etxetik, eraman zuten Obededomen etxerat: etzen han baratu, hirur ilhabete baizik. Handik Dabitek erakharri zuen harentzat aphain-arazi zuen Sion bere hiri berriko lekhu baterat. Sion hura zen Jerusalemeren gaztellua bezala. Iduri du bethi Sionen gelditu zen tabernaklea, izan zela eramana Gabaonat, Judako triburat: nola nahi den, handik berrogoi urtheren buruan, Salomonek nahi izan zuen dedikatu, eragin zuen tenplu ederra, eta erakharri zituen harat arka eta tabernaklea, eta heiekin batean, metalezko aldarea, zeinaren gainean ofrendatzen baitziren holokaustak. Egon ziren tenplu hartan Nabukodonoresek Jerusalem hartu eta tenplua sutan eman zuen arteraino; erran nahi da, lau ehun eta hogoi eta lau urthe.

        Salomonek, nahiz arkari bihurtu ohore guziak, eta emendatu zeremoniaren edertasuna, bildu zuen populu guzia. Zer mundu oste! aphezek zaramaten arka, eta bera haren aitzinean zohan, ofrendatzen zituela ezin konda bezanbat sakrifizio. Tenplurat zirenean, aphezek eraman zuten arka hango lekhurik barnenerat, eta ezarri zuten harentzat aphaindua zen tokian. Etziren hain laster handik ilki non hedoi batek bethe baitzuen tenplu guzia, huntaraino bai non aphezak ezin egon baitziren bere lekhutan, eta ezin bethe baitzetzaketeien bere eginbideak.

        Salomon yarri zen bozkario guzietan ikhusteaz Jainkoak erakutsten zuela kanpoko seinale hartaz onhetsten zuela harentzat aphain-arazi zuen lekhua. Belhaunikatu zen arkaren oinetan, eta altxaturik zerurat eskuak, othoitz egin zioen Jainkoari bere bihotz guziaz. Ikhustean Jaunaren maiestate saindua eran zuen gora: badaite gure Jainkoak nahi duen egon lurraren gainean! Zeruak eta lurrak ezin badaukate haren handitasun adoragarria, nola atxikiren du bada eragin dudan etxe hunek? Gero, errekeritu zuen Jainkoa izurtzeaz bere benedikzioneak haren populuaren gainerat, arraiki entzuteaz tenplu hartarako zireneen othoitzak galdetzekotzat haren miserikordiak, eta aphazegatzeaz, othoi, bere haserradura saindua tenplu hartan urriki egiazko batekin bere bekhatuak aithorturen zituzteneen fagoretan. Salomonek othoitztu zuen oraino Jainkoa haren populuak aurkhi zezan tenplu berean gerize segur bat etsaien asalduren kontra, zerua eginen zenean, gizonen bekhatuengatik, metalaren berdin, lurra burdinaren, eta agorte luze batek erakharriko zuenean gosete ikharagarri bat. Errege hark errekeritu zuen oraino Jainkoa, arren aiphaturik heldu garen ordu hetan tenpluan eginen ziren othoitzek, yauts-araz zetzaten zeruko ihintz gozoa, eta hango benedikzione guziak lurraren gainerat.

        Dedikazionearen zeremonia ederrak iraun zuen hamabortz egun.

        Elizako aitek diote, Salomonen tenpluari bihurtu zitzaizkon ohore handiek behar luketeiela zigillatu giriztino guzietan, errespektu guzizko bat gure eliza sainduen, eta sainduen saindua dadukateneen alderat. Ez gintezke behar hetan sarthu zaurthuak izan gabe ikhara-salbagarri batez. Zer edireten zuten Juduek Salomonen tenpluan? Egiaren itzala, eta horra guzia; ordean guk edireten dugu gure elizetan egia bera, Jainkoa bera, bere maiestate adoragarrian, deus-ere gutiago. Zabal baleitez zeruak eta zeruetako zerua, ez laite han kausi, dio S, Krisostomek, deusere handiagorik eta sainduagorik gure aldaretan edireten dena baino. Oi! non da gure fedea hotztasun eta barraiadura ahalkagarri batekin agertzen garenean, Jainkoak bere maiestate adoragarriaz ohoratzen eta bethetzen dituen elizetan!

 

aurrekoa hurrengoa