www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVIII. KAPITULUA

Moise Faraonen aitzinean

 

        Moisek, Jaunaren partez, Faraoni galdegin zion lehen gauza, izan zen bere populua morturat eramateko libertatea, ofrendatzekotz sakrifizioak haren majestate adoragarriari. Errege hura doztatu zen galde hartaz, erraten zuelarik hark etzuela Jainkorik ezagutzen. Gehiago dena: Jainkoaganik heldu zitzaioen manu hertsi hari, behatu zioen haren kontra egiten zen errebolta bati bezala, eta erakutsi zioen Moisi galde fuerte hura gaitzitzen zitzaioela: tratatu ere zuen gizon saindu hura haren kontra altxatu ziteken presuna bat bezala. Faraonek oraino manatu zuen doblatzeaz populuen alderako gogortasunak, eta ekhar-araz ziozaten egun oroz, lehen bezanbat adrillu, edo brika; eta etzuen nahi eman zakioten, ohi bezala, lastorik. Populuek ikhusi zutenean gaitzak egundaino bezala berratzen hari zirela, bere errenkurak egin ziotzaten Moiseri eta Aaroni, persekuzione berri haren ithurburuak izan balire gisa: ala ordu hartako errenkurek miragarriki ezagutzarat eman baitzituzten, gerorat elizan izanen ziren erratekoak, eta eraunsiak arimen artzain egiazkoen kontra, nahiko dituztenean itzul-arazi populuak Jainkoagana, arherarazirik Ejiptotik, erran nahi da, bekhatutik. Jainkoa ukitatua izan zen bere populuaren alderako ihardukitze dorpheaz. Atsekabea bera boz ukigarri bat da Jaunaren tronurat heltzen dena; berriz ere egorri zuen Moise Faraonganat hari manatzekotzat arren utz zezan bere populua goaterat. Moisek egin zuen Jainkoaren mezuaren arabera, eta ematekotzat erakusterat printze hari Jainkoaz egorria zela, ganbiatu zuen haren begietan Aaronen zigorra sugetarat. Ordean Faraonek bazituen xarmatzailleak, zeinek, nahiz gal-arazi Jainkoaren mirakuillu egiazkoen ospea, egin izan baitzituzten, heiek ere, halakotsuak; ezen ganbiatu zituzten orobat Faraonen aitzinean, bere zigorrak sugetarat, bere majiaren edo sorginkoaren ariaz: horra zergatik Moisek egin zuen mirakuilluak etzuen Faraon eskuratu. Jainkoa etzen hortan gelditu; mezutu zuen Moise zohala oraino, haren partez, errege harengana, eta mana ziozala utzteaz bere populua ilkhitzerat. Moise athera zitzaion Faraoni biderat Nilgo hegian, kontu guti eginik errege haren mehatxuez. Mintzatu zitzaion libertate saindu batekin, deus ere galdu gabe bere leheneko eztitasunetik eta humiltasunetik: othoitztu zuen, egundaino bezala, permeti ziozan eramatea Jainkoaren populua morturat, hari sakrifizio bat ofrendatzekotzat. Ordean Faraonek etzuen entzun egiten zitzaioen othoitz humila. Orduan Moisek eman zioen Aaroni manua hedatzeko bere zigorra Nilen gainean, zeinaren bazterrean aurkhitzen baitziren. Jainkoaren botherearen handia! memento beretik, arribera handi hartako ura, hala nola Ejiptoko bertze ur guziak izan ziren itzuliak odoletarat, eta hil izan ziren hetako arrain guziak.

        Hulakoa gerthatu zen Ejiptoak izan zuen lehenbiziko zauria. Ematen zuen erakutsterat, Jainkoak bethi zehaturen zituela haren hitz sainduen alderat sinhets gogor agertuko zirenak; zeren halakoek, haren egiaren ur garbien orde, ez baidute edireten odolik baizen, erran nahi da, lurrezko eta haragiaren araberako sentimendurik baizen. Ezin aski mirets daite Faraonen sorraiotasuna, mirakuillu batek berak etzuenaz geroz hautsi haren bihotza: egia da, haren majizianoek finkatzen zutela haren ostrinamendua, eskarniatzean Jainkoak, Moisen bidez, obratu zuen mirakuillua, eta hortan, arintzen bezala zuten errege haren gaizkia, bere burua itsutzerat hari zenaz geroz. Ordean majiziano hek ezin behinere garbi zezaketeien bere hobenetik; nahi dut egin zezaketela, bere sorginkoaz, gaixtakeria hainitz; ordean etzuten behinere eskurik gaizkiaren borratzekotzat. Badaite bihur-araz zezaketen, Moisek bezala, ura odoletarat; ez ordean ganbia, gizon saindu hark bezala, odola uretarat.

        Faraonek Moisenganik izan zituen zigorradak eta atsekabeak, aski behar ahal ziren printze harentzat idekitzekotz begiak egiari! Bertzealde, zenbat arrazoin etzuen egia ezagutzekotzat, ikhustean bere atsekabe guziak baratuak, norenganik ere heldu baitzitzaizkon, eta haren beraren othoitzetarat! Ordean guziak ondikoz! Alferretan dire behin itsutzerat utzten den izpiritu batentzat: ez, deus ere ez ahal da lurraren gainean, guri dezakenik bihotz bat, zerutik heldu zaizkon kolpek berek, burdina bezala, gogortzen dutena, eta bere gaixtakeriarat Jainkoak, yuiamendu zuhur batez, largatzen duena!

 

aurrekoa hurrengoa