www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XCIV. KAPITULUA

Samuel agertzen zaio Sauli

1. Erreg. 28.

 

        Filistindarrek bildu zituzten bere tropak: kanpatu ziren Sunaman, eta Saul eman zen israeldarrekin Gelboen. Errege hunek ikhusi zuenean filistindarren armada, izialdura sarthu zitzaion bihotzean. Konsultatu zuen Jainkoa, eta Jainkoak etzioen deusere adi-arazi ez ametsetan, ez aphezen, ez eta profeten bidez. Khendu berri zituen bere erresumatik aztiak eta sorginak, Jainkoak debekatzen zuelakotzat halakoen konsultatzea; ordean ikhusirik Jainkoak etzioela batere ihardetsten, yo zuen berak hetarat. Erran zitzaion bazela Endoren emazte bat sorginkoan zakiena: harturik bi lagun, hedatu zen harengana, gerizatzen zuelarik bere burua. Sarthu zen, gau minean, emazte haren etxean, eta othoitztu zuen erakhartzeaz haren begietarat, hark erranen zioena: emazte hura nekhez eman zen hartan: etzen sobera fida; beldur ere zen eraman ziozoten bizia: ordean Saulek hitz eman zioen yuramentuaren azpian, ez zitzaiola gaixkirik eginen. Orduan emazte hark galdetu zion Sauli: nor nahi zinduke ikhusi? Saulek ihardetsi zuen: erakuts diezadazu Samuel: bazuen bi urthe profeta hau hilla zela. Emazte hark ikhusi zuenean Samuel agertzen, artiki zuen oihu handi bat, eta erran zioen Sauli: zergatik enganatu nauzu? ezen Saul zara. Erregek ihardetsi zuen: ez izan beldurrik. Zer ikhusi duzu? Ikhusi dut, erran zuen emazte hark, Jainko bat lurpetik atheratzen. Saulek galdetu zion: nola da egina? Emazte hark ihardetsi zuen: gizon zahar bat da, kapaz estalia. Saulek ezagutu zuen Samuel bera zela, eta eman zen lurrean ahuspez. Orduan Samuel mintzatu zitzaion hitz hautaz: zertako asaldatu duzu ene deskantsua, ni hunat erakharririk? Saulek ihardetsi zion: ezin erranezko hersturan gerthatzen naiz. Filistindarrek gudu ematen darotet, eta Jainkoa urrundua da eneganik. Konsultatu dut, eta ez du deusik ihardetsi: horra zergatik nahi zintudan ikhusi; atsegin nuke yakitea, zure ahotik, zer egin behar dudan. Samuelek erran zioen horren gainean: Jainkoak utzi zaituenaz geroz, zer nahi duzu eneganik? Eginen du zure alderat, nik haren izenean, erran darotzudana: emanen dio zure erresuma Dabit zure semeari, zeren ez diozun obedientzia ekharri Jaunaren manuari, eta zeren etzaren amalezitarren alderat agertu haren kolera sainduak galdetzen zuen bezala: largaturen du Israel filistindarren eskutarat, eta enekin izanen zarete, bihar, zu eta zure semeak. Solas hunek laztu eta ikharatu zuen Saul hutaraino, non erori baitzen zabal-zabala lurrerat. Deusere hartugabea zen egun hartan guzian: emazteki azti hark, eta han ziren bi lagunek erakharri zuten Saul aphur bat yaterat. Errege hark bildu zituen bere gorphutzeko indarrak, eta hedatu zen bere armadarat.

        Saul, bera nor izaterat, errege handi eta dohatsu bat behar zen: hortakotzat aski zuen Jainkoaren nahia egitea; ordean desleihal agertu zen haren alderat, eta ordu beretik, izan zen largatua bere itsumendu ondikozkorat: yauts-arazi zituen bere gainerat gaztigurik izigarrienak. Saul dohakabearen etsenplu lazgarriak irakhatsten daroku munduko izateak, handitasunak, erregetasuna bera deus guti direla, edo hobeki errateko, deusik ez direla zeruko laguntza gabe; ordean gureganatzekotzat zeruko graziak, bethe behar ditugu arthoski Jaunaren manu salbagarriak, eta begiratu maiteki haren amudio saindua. Saulen zorte auhendagarriak erraten daroku beraz ediretekotzat gure zorion egiazkoa, bilhatu behar dugula, ez inbidian eta herrakhundean, edo gure nahien egitean, bainan bakharrik Jainkoaren alderako leihaltasun oso eta itsu batean.

 

aurrekoa hurrengoa