www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX. KAPITULUA

Abrahamen sakrifizioa

Gen. 22.

 

        Ismael Abrahamen etxetik khendua izan zenean, Isaak bakean bizi zen, bere aitaren ontasun guzien primu bezala. Ordean hogoi eta hama-zazpi urthe bethe zituenean, hebreudarrek diotenaren arabera, Jainkoak, nahiz Abraham frogatu, manatu zioen har zezan Isaak bere seme maitea, eta imola ziozon mendi gain batean. Abrahamek bazakien Jainkoaganik zuela seme hura: ekharria izan zen haren berehala berari bihurtzerat. Haren fede handiak ithotzen zituen ethor ahal zakizkon gogoeta guziak, orhoitzean Jainkoaganik askotan izan zituen agintzeez, zeinen arabera, izan behar baitzuen Isaaken bidez, ondorio bat emendaturen zena, izarrak zeruan bezala. Abraham yeiki zen hainitz goiz, eta deusere nihori aiphatu gabe bere xedeaz, hartu zituen berekin Isaak, eta bi sehi. Pikatu zuen bere holokaustaren erre-arazteko egurra, eta igan zen Jainkoak erakutsi zioen lekhurat. Egon zen bi egun oso, bere xede fermuan; bere semearen ikhusteak etzuen hautsten haren bihotza. Hirurgarren egunean, altxatzearekin begiak, ikhusi zuen urrundanik sakrifizio handi hartako behartzen lekhua: orduan manatu zioten bere sehiei egoteaz mendiaren beherean, bera yoanen zen artean bere semearekin Jainkoa adoratzerat: hartu eta ezarri zuen Isaaken bizkarrean holokaustarentzat egina zen egurra: horrela Isaak higan zen mendirat, bere burua erretzeko egurra berekin zaramala; hortan ezagut-arazten zuen Isaak egiazkoa geroztik Kalberioko mendirat higan dena haren sakrifiziotzat behar zen zuraz kargatua. Abrahamek mendirakoan eskutan zaduzkan espata eta sua: Isaak yarraikitzen zitzaion alegeraki: seme hunek galdetu zion bidean, bere aitari, non zen hil-arazi behar zuen biktima. Abrahamek, ahantzi balitzaio gisa, buraso zela, ihardetsi zuen fermuki, Jainkoak behar zen guziez kontu eginen zuela. Seinalatu zitzaien tokirat zirenean, Abrahamek egin zuen aldare bat, eta han ezarri zuen bere semeak ekharri egurra; estakatu zuen Isaak bere ume maitea, eta eman zuen susko aldare hartan; hartu zuen espata eta altxatu zuen besoa hiltzekotzat Isaak.

        Jainkoa ukitua izan zen burasoaren fermutasunaz eta umearen sumetimenduaz. Etzuen nahi ya konplitua bezala ikhusten zuen sakrifizio handi hura izan zadin buztia bibimaren odolaz. Marka zezantzat gure aldaretako, odol isuri gabeko sakrifizio saindua. Geldi-arazi zuen aingeru batez, Abrahamen besoa, zeren ezagutu baitzuen haren beldurrean bizi zela, etzuenaz geroz guphidetsi bere seme bakharra ere. Lekhu hartarik hurbil gerthatu zen akher bat, sasitan adarretarik hartua zena; Abrahamek ofrendatu zioen Jainkoari azienda hura, bere semearen orde, eta bihurtu zen etxerat.

        Yadan, erran dugu historio huntako gauza ederrek ematen zutela adi-arazterat, zer beharko zitzaion egun hatez gerthatu, Jesu-Kristo gure salbatzailleari. Historio berean burasoek edireten dute, elizako aireen arabera, eskola zuhur bat zeinetan ikhas baidezakete behar diotzatela lehiarekin imolatu bere umeak Jainkoari. San Krisostomek minki auhendatzen ditu giristino direlako aita, amak, imolatzen diotzotenak bere umeak, ez Jainkoari, Abrahamek bezala, bainan bai Satan gaixtoari, hek erakharriz munduko banitatetarat, eta gal-araziz heien bihotzak bere ondikozko etsenpluez.

        Abraham bakharra da, dio oraino San Krisostomek, bere semea Jainkoari ofrendatzen dioena; ordean zenbat buraso ez da bere umeak etsaiari sakrifikatzen diotzotenak! Bozten gara ikhusteaz zenbeit buraso bakhar, bere umeak altxatzen dituztenak artha saindu batekin. Ordean ala lauster ahantzia baida gure bozkarioa, ikhusteaz buraso gehienak bere umeen galtzen hari direla! Hulako buraso lazo eta mundutiarrek hobeki ahal dute merezi bere umeen hiltzailleen izena, ezen-ez heien aireen eta ameena!

 

aurrekoa hurrengoa