www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LVI. KAPITULUA

Kore, Dathan eta Abiron

Nonb. 16.

 

        Kanaako berriek sor-arazi zuten asaldurak baino oraino gehiago ofentsatu zuen Jainkoa handik laster gerthatu zen gaizki batek. Kore, Dathan eta Abiron altxatu ziren mortuan Moisen eta Aaronen kontra, eta bereganatu zituzten berrehun eta berrogoi eta hamar gizon, populuaren artean lehenbizikotarik zirenak. Errenkuratzen ziren Aaron zuzen kontra yabetu zela apheztasunaz, eta Moisek dorphekiegi zakharkeiela Israelgo populua. Korek apheztasunaren hirritsa zuen: berriz Dathanek eta Abironek nekhez onhetsten zuten nausitasun guzia Moisen eskuetan: populu hori guzia (erraten zioten) konsekratua da Jainkoaren zerbitzuari, Jainkoa harekin datza, zerentzat beraz dadukazu zure burua yende horien buruzagitzat? Moise, hitz hauk entzutearekin batean, eman zen lurrean ahuzpez: gero erran zioten Koreri eta haren lagunei: Bihar goizean Jainkoak emanen du erakutsterat zein diren harenak eta hari konsekratuak. Hurbil-araziren ditu beregana bereak dauzkanak. Erradazue, o! zuek Lebiren umeak, ez othe zen bada aski, Jainkoak berex zintzaten, bertze guzien artean haren tabernaklean zerbitzatzeko? Behar othe zineren bada oraino abiatu bortxaz sartzerat apheztasunean! Zer? Jainkoaren kontra altxatzen zarete? O! itsumendua. Othe dakizue nor den Aaron zeinarentzat hanbat errateko edireten baiduzue?

        Moisek galdegin zituen Dathan eta Abiron; ordean ihardetsi zuten: Ez gara zureganako: aski ahal zen gu ilkhi-araztea lur gizen eta nahikarazko batetarik hiltzekotzat mortu huntan, oraino dorphetasun hortan agertu gabe gure alderat. Ez, ez gara zureganat hurbilduren. Moisek gaitzetsi zituen errenkura inyustu hek, eta erran zioen Koreri: Ager zaite bihar, zure lagunekin batean, Jainkoaren aitzinean, harturik zuen insensarioak eta urrin-onak; eta Aaronek ere egin beza gauza bera.

        Biharamunean, Kore ethorri zen bere lagunekin tabernaklerat, yende oste bat yarraikitzen zitzaioela. Orduan Jainkoak erran zioten Moisi eta Aaroni: Berex zaitezte yende horietarik, guziak betan fundi detzadantzat. Berehala, Moisek eta Aaronek artiki zituzten bere buruak lurrerat, eta erran zuten Jainko guziz botheretsua, zer? bakhar baten bekhatuagatik, nahi ditutzu bada gal-arazi guziak? Jainkoak ihardetsi zioen Moisi: Erran diozozu populuari urrun dadiela Koreren, Dathanen eta Abironen ingurutarik. Moisek manu hau konplitu bezain laster, lurra arraillatu eta ideki zen Koreren, Dathanen eta Abironen oinen azpian, eta izan ziren, bet-betan, fundituak, populuaren begietan. Orduko su berak erre izan zituen Koreekin insensatzen han ziren berrehun eta berrogoi eta hamar gizon.

        Ikhusgarri hark etzuen hargatik populua zuhurtu. Egundaino bezala abiatu zen, biharamunean, erasten Moiseren eta Aaronen kontra, zorigaitz ikharagarri hartaz hobendun izan balire bezala. Jainkoak egorri zituen, berriz ere, suzko khar bizi batzu, ziren guziak arras iretsiren zituztenak, baldin Moisek eta Aaronek ez balute aphur bat aphazegatu haren haserradura saindua. Bi gizon miragarri hauien othoitzerarat iraungitu izan zen su lasimagarri hura. Etziren hargatik gutiago erre hamabortz milla gizon, edo inguru hura.

        Jainkoak oraino hobeki finkatzekotzat apheztasuna Aaron baitan, nahi izan zuen tribu bakotxak eman zezan zigor bat tabernaklean bere izenarekin; loraturen zen zigorretik behar zen yakin zein izanen zen altxatua apheztasunerat. Aaronen zigorra, zelarik ondo ihartu batetarik egina, gerthatu zen bakharra hostoak era loreak ekharri zituena. Jainkoak begiratu zuen zigor hura tabernaklean.

        Aiphaturik heldu garen etsenplu handiek gibelatu behar dituzte presuna zuhurrak sartzerik, bere buruz, aldare sainduen ministerioan. Beldurtu behar dire hartzeaz arinkiegi insensario bere eskutan. Eliza gizonek orhoitzeko dute Kore, Dathan eta Abiron ehortziak izan zirela su lametan, bizi biziak, eta ifernuan barna artikiak. Izan behar dute beraz desfidantzia saindu bat bere buruez: yakin behar dute zenbat den handia zerbitzatzen duten nausi adoragarria; eta ezin daitekela behar den bezala, bere ministroez zerbitzatua, non ez dituen berak altxatzen funkzione saindutarat. Ematen diote halakoei behar diren laguntza eta dohain guziak sainduki bethetzekotzat bere eginbideak.

 

aurrekoa hurrengoa