www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXV. KAPITULUA

Jerusalemeko tenplua
eta hiria erreberrituak

2. Esdras 2.

 

        Yuduak egon ziren gathibutasunean, Jainkoaren erranaren arabera, hiruretan hogoi eta hamar urthez: heien buruan, Zirus Persako erregeak eman zioten libertatea bihurtzeko bere herrirat, eta erreberritzeko Jerusalemeko tenplua; eman ere ziotzaten tenplu hartako gauza sakratu Babiloniako erregeek beretu zituztenak. Yuduak lothu zitzaizkon Judako bideari: heltzen ziren berrogoi eta bi milla gizonetaraino. Bazituzten bere buruzagiak: heien arteko phuruenak ziren Zorobabel printzea Dabiten ethorkitik heldu zena, eta aphez-handi bat.

        Yuduak bere herrirat zirenetik laster, bildu ziren Jerusalemerat. Erreberritu zuten holokausteen aldarea, eta hasi ziren ofrendatzen Jainkoari sakrifizioak. Handik urthe baten buruko egin zuten allegrantzia handirekin tenpluaren asentua. Ordean halako moldez hartu ziren samaritarrak non yuduak izan baitziren debekatuak obra aitzinatzetik: utzi behar izan zuten beraz tenplua erdi hasia, eta hala egon zen hamasei urthez eta gehiagoz.

        Arte luze hartan iraungitu izan zen yuduen kharra. Eman ziren etxe ederren egiten beretzat, hurren orhoitu gabe Jainkoaren etxeaz: bada, zioten, oraino muga. Jainkoak erran zioten profeta baten ahoz: noiz nahi den muga da zuen egoitza, etxe ederretan egiteko, eta ni, etxerik gabe aurkhitzen naiz. Zohazte mendi gainetarat, ekhar etzatzue behar diren zurak: egizue ene etxea: atsegin eginen darot, eta ene loriak diztiaturen du haren barnean.

        Yuduek errespekturekin hartu zuten Jainkoaren manua. Ardietsi zuten bere aitzindaritarik Jaunaren etxea egiteko libertatea, eta lothu zitzaizkon lanari. Obra osatu zuten hasia izan zenetik lau urtheen buruko, eta populua abiatu zen ohoratzen Jainkoa bere etxe sainduan.

        Persako erregeek eman zioten yuduei tenpluaren erreberritzeko libertatea; ez ordean Jerusalemeko murruen altxatzekoa; horra zergatik egon zen hiri hura, asko urthez, idekia alde guzietarik. Nehemias deithzen zen yudu prestu bati urrikaldu zitzaion hiri saindua. Othoitztu zuen bere erregea utzteaz goaterat Jerusalemerat erreberritzekotzat hango dorreak eta murruak. Errege erori zen Nehemiasen nahitarat; eman ere zioen Judako buruzagitasuna. Nehemias etzen hain laster Jerusalemen sarthu, non hasi baitzen lanean, yuduek laguntzen zutelarik khar handienarekin. Ordean ingurutako printzeek egin zuten bere artean etzutela behar utzi Jerusalem erreberritzerat. Nehemiasek yakin zuenean printze hek bidean zirela, altxatu zioen bere bihotza Jainkoari, eta hartu zituen bere arrimuak buru egitekotzat etsaiari. Berekin zuen gazteriaren erdiak etzuen lana utzi, eta bertze erdia armatua zagoen gudukatzeko. Gauza miragarria! Langilleak berak ikhusi izan ziren palota esku batean, eta ezpata bertzean. Printze hek ezin konplitu zuten here nahia: bihurtu behar izan ziren bere lekhutarat. Denborarekin Jerusalemeko hiria izan zen murru sendoz inguratua, eta etzuen nihoren beldurrik.

        Nehemiasek eman zituen gauza guziak erregelan Jerusalemeko hirian. Egin zituen bere egin ahalak bihur-araztekotzat Jainkoari zor zaioen ohorea. Debekatu zuen lana larunbatetan: ordu hetan larunbata zen orai igandea bezala. Etzuen nahi hiriko atheak idek zitezen egun saindu hartan, ez eta egin zadin batere traturik.

        Oxala giriztinoek begira baletzate igande, beztak, yuduek larunbatak begiratu behar zituzten leihaltasunarekin. Urrun da ordean hainitzek santifikatzen baidituzte egun saindu hek yarraikiz ofizio dibinoei, ihes eginik bekhatuzko bidei, egitekoen barraiadurari eta sakramendutarat hurbilduz. Aitzitik, Jainkoak beretzat konsekratu eta aldaratu dituen egun hek berak ahal dire, ondikoz! zeinetan haren maiesyate adoragarria aurkhitzen baida gehienik arbuiatua eta ofentsatua.

        Nehemiasen etsenpluak irakhatsten daroku nolako artha izan behar dugun Jainkoaren lorifikatzeko, eta gure bihotzen sustatzeko haren aldetako khar sainduaz. Erran daite gizon saindu hartaz J. D. Paulek bere buruaz erran duena etzuela gudurik baizen, dela kanpotik, dela barnetik. Eta, egiaz, Jainkoaren populuaren etsaiek etzioten utzten bakerik, eta bazituen hiriaren barnean profeta traidore batzu haren izitzerat hari zirenak, eta bere xede laudagarritarik gibelatu nahi zutenak. Ordean zer dire gizonen gaixtakeria eta egin ahal guziak Jainkoa alde denean? Zer laguntza ez dezake ardiets arima Jainkotiarrak, zeruko aita bere umeak hanbat maite dituenarenganik?

 

aurrekoa hurrengoa