www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXV. KAPITULUA

Sisaraen heriotzea

Yuieak 4.

 

        Josue bera, eta haren ondoan, hamabortz urthe bizi izan zirenak, hil zirenean, yuduen populua erori zen deserregelamendu handitan. Eman zuen erakutsterat arimeen zoriona maiz artzain on baten zuhurtziari datxekola, eta bere buruz gidatzen dena urrikalgarri dela. Yuduak buruzagirik gabe aurkhitzen ziren, eta nor bere gisa gobernatzen zen: horrek egin zuen, iskribu sainduaren arabera, erori baitziren asko bekhatutan, eta gero gathibutasunean; orduan egin ziotzoten bere othoitzak Jainkoari. Entzunak izan ziren. Jainkoak egorri zituen zenbait aitzindari heien libratzekotzat. Hartu zuten yuieen izena. Othoniel, Kaleben, Aoden eta Samgaren ilhoba eta ondorioa hil zenean, Jainkoak eman zioen Debora zaritzon emazte bati bere populuaren aitzindaritasuna: ikhusi zen emazte haren baitan nor-nahi on dela guzietako, Jainkoari hala zaioenean. Debora aitzindari zela, Jabin Kanaango erregeak gerla biztu zioten yuduei, eta egorri zuen heien kontra Sifara, bere tropeen buruzagia. Debora Jainkoaren izpirituaz bethea zatzan: agertu zuen bakean zuhurtzia bezanbat gerlatean animo. Hasi zen ematetik aitzindari bat Sifaraekin iharduki behar zuten tropei: gaztiatu zion Baraki Jainkoak hura hautatzen zuela bere armadaren aitzindaritzat; ordean Barakek erran zion etzela agerturen gerlate hartan, non etzen hura ere han kausitzen. Hartu zenean guduko eguna, Deborak manatu zioen Baraki abiatzeaz hamar milla gizonekin atakatzekotzat Sifara. Jabinen armadaren aitzindari hau deskantsu guzietan bizi zen, nihoren beldurrik gabe: fidantzia itsu bat zuen bere karriotetan, eta sega zorrotzez armatuak ziren bere yende ezin kondatuzkotan; ordean Jainkoak sar-arazi zuen, bet-betan, izialdura etsaieen bihotzetan. Azkenaz goiti, Sifara bera eman zitzaion oinez ihesari, eta arte hartan xehakatu zuten haren armada guzia. Ihesi zohala, Jael Haberen emaztea, eta Jabinen urkhoa, athera zitzaion biderat, eta othoitztu zuen sartzeaz haren kabanan; ordean ihesi lasterkatzeak behartu zituen haren indarrak, eta etzan behar izan zen lurrean. Jaelek estali zuen, eta eman zioen esnea edaterat, galdetu zioen uraren orde. Sisara lo pisu batean zatzala, Jaelek hartu zuen itze handi bat, sartu zioen burutik, eta itzeztatu zuen lurrarekin batean. Barak agertu zen handik laster Sisaraen ondoan zabillala, Jaelek sar-arazi zuen bere kabanan: molde huntan, Barakek ikhusi zuen Sisara hil gogorra lurrean.

        Deborak eskerrak bihurtu ziotzon Jainkoari garaitia seinalatu hartaz, kantatuz esker-onezko kantika bat, zeinetan altxatzen baitzituen Jaelen zuhurtzia eta animoa. Erran nahi da beraz emazteki batek hasi zuela gerla, eta bertze batek akhabatu. Batak nola bertzeak ezagut-arazten dute Jainkoak ematen diotela emaztekiei, gizonei bezala, indarra eta animoa egiteko handiei buru emateko, berari hala zaioenean. Deborak eskuratu zuen bere zuhurtziaz populu bat, zeinaren erauntsien ixil-araztea hanbat gostatzen baizitzaion Moise berari. Debora izan zen oraino, emazteki guzietarik lehena, Jainkoak bere populuaren aitzindaritasuna ohoratu zuena. Hain zagokon ederki aitzindegia, non edireten baitziren haren baitan gizon adituenetarik igurik ahal zitezkeien guziak. Berak berezten zituen tropeen aitzindariak; berak ikhusten zuen zer yende galdetzen zuen gudu bakotxak; berak oraino hartzen zituen guduko egunak eta mugak. Baliatu zen, hala da, Barakez; erran daite ordean, hobeki egortzen zuela aitzindari hura garaitzerat ezen-ez gudukatzerat. Barak, zenbat baitzen ere gerlako ofizioan trebe, behatzen zioen Debora, alhargun sainduari, Jaunaren aingeru bati bezala. Uste ere zuen haren garaitia guziak, Debora guduan aurkhitzetik heldu zirela.

        Elizako aitek kausitzen dute etsenplu aiphatu ditugunetan, deusere ez dela lurraren gainean handirik eta borthitzik non ez duen asentutzat Jainkoaren izpiritua; gizonak emaztekiak baino oraino herbalago direla, largatzen diotzatenean bere buruak bere flakeziari; eta emaztekiak gizonak baino hazkarrago gerthatzen direla, Jaunaren izpirituaz borthitztuak direnean. Deborak eman zuen argitarat Yaun-doni Pauloen hitz hunen egia; Jainkoak batzutan hautatzen dituela, munduaren arabera gutien zuhur direnak, ahalkaraztekotzat zuhurren direlakoak; orobat hautatzen dituela, bertze aldi batzutan, munduko iduriz herbalenak, konfunditzekotzat borthitzenak.

 

aurrekoa hurrengoa