www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XCV. KAPITULUA

Saulen heriotzea.
Nola hartzen duen Dabitek berri hau

1. Erreg. 31.

 

        Saul kanparat zenean, eman zen gudua: israeldarrak garaituak izan ziren; hill zuten hetarik hainitz Gelboeko mendiaren gainean. Jonathasek eta Saulen bi semeek galdu zuten bizia gudu hartan: etsaiek Saul berari yazarri zioten gehienik. Kolpatua izan zen, eta ikhusi zuenean hartua izaterat zohala, erran zioen bere aitzindaritarik bati: athera ezazu zure ezpata, eta hill nazazu, errana izan ez dadin etsaieen eskutik galdu dudala bizia. Galde hunek laztu zuen aitzindari hura, eta etzen eman izan nahi eginbide hartan. Saulek hartu zuen bere ezpata, landatu zuen puntaz gora, eta artiki zuen bere burua haren gainerat. Orduan aitzindari hark ikhusirik etzela gehiago bizirik Saulentzat, eman zion heriotze kolpea.

        Biharamunean, filistindarrek ediren zituzten Saul eta haren hirur semeak hillak, eta ebaki zuten Saulen burua; hartu zituzten errege haren armak, eta ezarri zituzten bere Jainko faltso baten tenpluan. Gehiago egin zuten: urkhatu zuten Saulen gorphutza Bethsanako murruen gainean: ordean Galaadarrek altxatu zituzten, gauaz, errege haren eta haren hirur semeen gorphutzak, erre zituzten, eta lurpean sarthu heieen hezurrak.

        Gauza hauk guziak iragaten ziren denboran, Dabit Sikelegko hirian gerthatu zen. Hurbildu zitzaion gizon bat Saulen armadatik heldu zena, eta egin zion agur handi bat. Nondik heldu haiz, erran zioen Dabitek? Jauna, ihardetsi zion bertzeak, itzuri naiz israeldarren armadatik. Dabitek erran zioen: zer berri da bada alde hartan? Nola iragan dire egitekoak? mintza hadi. Gizon hark ihardetsi zuen: gudua eman da; armada desegina izan da; hainitzak hill dire: gehiago dena: Saulek eta Jonathas haren semeak galdu dute bizia. Dabitek galdetu zion berri ekhartzaille hari: nondik dakik Saul eta Jonathas hill direla? Bertzeak ihardetsi zuen: ikhusi dut Gelboeko mendi gainetik nola Saulek sartzen zuen bere burua ezpatan. Hartua izaterat zohan filistindarrez, hori ikhusirik, Saulek deithu nau beregana, eta othoitztu nau hil nezan lehen bai lehen. Nola ezin gehiago bizi baitzitekeien bere buruari eman zioen kolpearen ondoan, egin dut galdetzen zuena, eraman diot bizia: hartu ditut gero, haren khoroa, eta brazeletak edo esku-muthurretakoak: huna non ekhartzen darozkitzudan. Zer berri hiragarri Dabitentzat! Gizon miragarri hau yarri zen nigarrez, eta erran zion berri ondikozko heien emailleari: nola atrebitu haiz eskua ezartzerat Jaunaren gantzutuaren gainean? Denbora berean, eman zuen manua hil zezatela gizon hura, kutsatzen zenaz geroz, bere aithorraren arabera, Saulen heriotzean.

        Saul hil zenean, Dabitek konsultatu zuen Jainkoa, yakitekotzat zer egin behar zuen. Jainkoak erran zion zohala Judearat. Hala egin zuen, eta Judako tribuak sakratu zuen bere erregetzat: Dabitek hogoi eta hamar urthe zituen ordu hartan. Abner, Saulen armadako aitzindariak, ezagut-arazi zuen Isboseth Saulen semea bertze hamar tribuen erregetzat. Handik bi urtheen buruan, bi gaixtaginek hil izan zuten Isboseth lo zatzala, eta eraman zuten haren burua Dabitgana, ustez hari atsegin egin. Zenbat ere Isbosethen heriotzeak eror arazten baitzituen Judako tribu edo herri guziak Dabiten eskutarat, eta ezartzen baitzuten Dabit erresuma oso baten buruan, urrun da bizkitartean boztu baitzen, den gutiena, ikhusteaz ebakia Isboseth bere etsai muthiriaren burua. Gehiago dena, hil arazi zituen berehala buru haren ekhartzailleak.

        Dabiten emetasunak eta bihotz ontasunak irakhatsten darokute, ez dugula atsegin hartu behar gure etsaieen heriotzeaz, ez eta heien atsekabeaz, zer nahi damu, idoi eta bidegabe izan dezagun heienganik. Orhoit gaiten bethi gaixki-egilleak ere anaiak ditugula, eta Jainkoaren manu zorrotza dela hei barkhatzea eta heien maitatzea. Nola ez barkha gure etsaiei, yuie ikharagarriak hanbat barkhatzen darokunean? Nola hek ez maita, salbatzaille amultsuak maite gaituen denboran gure gaixtakeria guzien erdian? Errateko edireten dugu Dabiten alderako Saulen eskergabetasunaz eta herrakhundeaz. Zer dire bizkitartean Saulen gaixki guziak, guk, aitarik hoberenarentzat agertzen dugun urruntasunaren, eta gure bekhatuak haren maiestate adoragarriari egiten dioen idoi eta ofentsaren aldean.

 

aurrekoa hurrengoa