www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXIV. KAPITULUA

Jerusalem sethiatua eta sutan emana

4. Er. 25.

 

        Bazuen bederatzi urthe Sedezias Judako errege zela, Nabukodonosorek sethiatu zuenean armada handi batekin Jerusalemeko hiria. Ejiptoko erregek entzun zuenean sethio haren berria, eman zitzaion bideari nahiz Sedezias lagundu. Nabukodonorosek, ez izatekotzat egiteko, betan, bi etsaiekin, altxatu zuen sethioa, eta athera zen Ejiptoko armadaren biderat. Yuduek uzte izan zuten libro zirela etsaietarik, eta yarri ziren bozkarioan. Bere profeta faltsoek hala sinhets-arazten zioten. Bertzela mintzo zen Jeremia. Huna profeta haren hitzak: zuen laguntzerat heldu zen armada bihurturen da bere lekhurat. Kaldeendarrak hunako dire berriz ere. Atakaturen, harturen eta sutan emanen dute hiri hau. Ez duzue zeren zuen buruei eman kaldeendarrak bere herrirat bihurtuko direla. Ez, ez, ikhusiko ditutzue oraino hemen; gehiago dena, emanen duzue heien armada hurren guzia zathitan; ordean hetarik zenbeit bakhar itzuriko dire zuen eskutarik, eta hek izanen dire zuen hiriari su emanen diotenak.

        Gauzak, Jeremiak erran bezala, gerthatu ziren. Nabukodonosorek sethiatu zuen Jerusalem bigarren aldian. Hiri handi eta eder hura ezin erranezko hersturan edireten zen: ogiak arras eskas egin zuen. Saltzen zituzten gauzarik baliosenak yanari sari. Ezin bertzela eginez, bizi ziren likhitzkeria desgustagarrienez. Zer ikhusgarri dorphe! Azkenaz goiti, amek yaten zituzten bere umeak, mundurat eman bezain laster. Herstura izigarri hura etzen bakharrik yende xehentzat eta erromesentzat, den aberatsenak eta frankia guzian ohituak, etziren guphidetsiagoak, etzuten bertzek baino gutiago pairatzen golletearen partetik.

        Kaldeendarrak sarthu ziren, Jeremiak erran zuen bezala, Jerusalemeko hirian. Egin zuten sarraski izigarri bat; etzuten izan nihortaz urrikalmendurik. Zahar, gazte, gizonki, emazteki, hitz batez, hurren guziek zorte bera izan zuten. Gutiak ziren bizia galdu etzutenak. Etsaiek etzuten deusere utzi dela hirian, dela tenpluan, yabetu ziren beretzat on zituzten guziez. Bizirik utzi ziren gehienak izan ziren gathibu eramanak. Zenbeit nekhazale bakhar gelditu ziren lur lanei hots ematekotzat.

        Nabukodonosor egin zen yakintsun Jeremiak nola erran zioten yuduei Jerusalem hartua izanen zela, erakharri ere zituela largatzerat, onez onean, bere buruak etsaieen eskutarat. Bazakien oraino yuduek dorpheki yazarri zioteia profeta hari, zeren egiaz mintzatu zen. Errege hark atherarazi zuen berehala presondegitarik gizon saindu hura; eta izan zuen harentzat haren saindutasunari zor zitzaizkon amodioa eta errespektua.

        Jerusalem hartu zeneko, Jeremiak gomendatu zioten Jainkoaren beldurrean bizi ziren aphezei, aldaratzeaz eta emateaz lekhu seguretan tabernaklea, allientziaren arka eta urrin-onerako aldarea; emateaz orobat zenbeit lekhu gordetan holokausteen aldarearen gaineko su sakratua. Hauk guziak egin ziren Jeremiak manatu zuen bezala. Profeta hunek erran zuen gauza gordearazi zituen, eta aiphaturik heldu garenak, agerturen zirela denboraekin, erran nahi da, Jainkoak bilduko zuenean baterat bere populu barraiatua, eta eginen zioenean miserikordia.

        Jainkoaganat zinez itzulia dena deskantsu datza munduko nahikabe guzien erdian. Bihotzean dakharke bere salbatzaille maitea, eta ordutik herekin du behar duen guzia. Alferretan yazartzen zioten Jeremia profetari. Mehatxuak, presondegiak, gatheak etziren gai kantitzeko haren fede bizia. Etzakien egia zaurtzen. Libertate saindu batekin mintzo zen, Jainkoaren nahiak hala manatzen zuenean. Oxala leihaltasun bera bagindu gure eginbidetan, eta Jainkoak gureganik galdetzen dituen gauza guzietan! Errankisunak edo errespektu humanoak ez gaituzte behar behinere gibelatu gure Jainko handiari yarraikitzetik. Mundu huntan ez bada, bederen bertzean aurkhituren dugu ungiaren saria.

 

aurrekoa hurrengoa