www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLV. KAPITULUA

Lehenbiziko tablak

Exod. 19.

 

        Jainkoak, bere populua Faraonen gathibutasunetik libratu zuenetik hirur ilhabeteren buruan, galdetu zuen Moise, eta manatu zion errateaz populuari zer moldez athera zuen Ejiptotik, eta adiarazteaz baldin izan nahi bazen leihal haren alderat, eta nahi balin bazituen haren manuak begiratu, behaturen zioela bethi bere primuzari gisa, eta hari konsekratua izatekotzat, mundu guzian bereziko zuen populu bati bezala. Moisek erran ziotzon populuari Jainkoak manatu ziotzonak. Guziek ihardetsi zuten, boz beraz, eginen zutela Jainkoak manaturen ziotena. Gizon saindu hark deklaratu zioenean Jainkoari populuak erakutsten zuen sumetimendua, Jainkoak erran zioen adiaraz ziozatela guziei prest egoteaz, hirur egunik barnean, eta mintzatuko zitzaiela Sinaiko mendi gainetik; erran zioen oraino ezartzeaz muga harriak mendiaren ingurutan, eta debeka zezala populua heien iragatetik, non ez, bizia galdu behar zela. Moise yauts zen menditik, eta egin zituen Jainkoaren erran guziak. Hirurgarren egunean, argia agertzearekin, entzun izan zen mendi gain hartarik ozpin eta ihurzurien harrabots handi hat. Xismixtek hedatzen zuten argi bizi bat bazter guzietarat, eta hedoi lodi batek estaltzen zuen mundu guzia; entzuten zen, denbora berean, tronpeta soinu harramantza handi bat. Laztu izan ziren israeldar guziak, eta Moisek etzituen errexki ilkhi-arazi bere lekhutarik hurbil-araztekotzat Jainkoagana. Baratu ziren mendiaren beherean: mendi hark, sutan zirurien zela; altxatzen zen handik khar bat sutan datzan labe batetik ilkhitzen den bezalakoa. Populuak urrundanik entzuten zituen Jainkoak, bere ahoz, ematen ziotzan hamar manamenduak. Xismixta bizi hek ikharan zadukan bat bedera. Beldur ere ziren hil, baldin Jainkoa mintzatzen bazitzaien gehiago. Arrazoin hortaz, populuak othoitztu zuen Moise bera mintza zakion, eta erran ziozon, Jaunaren partez, manatu nahi ziotzon gauza guziak. Horra nola izan diren publikatuak, lehen aldikotzat, Jainkoaren hamar manamenduak, zeinak baidire lege guziz saindu batzu. Egiazko giriztinoek behatzen diote, zuzen den bezala, hamar manamendu hei, gure errelijionearen azentu ezin kordokatuzko baten oinean, eta badakite manamendu hetarik bakhar bat hautsten duena, hobendun dela bertze guziez.

        Elizako aireen nahia izan da yuduek Jainkoaren manamenduak entzutean izan zuten izialduratik kutsu bat bederen hel zadin gutarat, eta ikhara gaiten beldurrez den gutiena, kolpa manamendu heien saindutasuna. Denborak eta gaixtakeriak, lehen yuduen artean bezala, orai ere, giriztinoen artean, hainitz estakuru sor-arazi dituzte Jainkoaren manamenduen konplitzetik urrun-araztekotzat. Estakuru ondikozko hek antzerekin dire asmatuak: gizonak, bere lazokerian idukitzeko osoki dire, iduriz gaiak; ordean ez bekigu behinere ahantz salbatzaillearen errana. Seguratzen gaitu lege saindu hetako hitzik ttipiena bera behar dela izan leihalki konplitua. Irakhatsten daroku oraino manamendu hei behar zaiela behatu errespektu bethi berri batekin. Eta egiaz, giriztinoak ez dire orai gathibu, yuduak ziren bezala: ez dute erraten lehenago yuduek ziotena. Urrun bekigu Jainkoa, ez bekigu bera mintza hil ez gaitezentzat. Egiazko giristinoek atsegin dute, aitzitik, Jainkoa mintza dakioten: badakite haren hitzak biziaren hitzak direla, eta gantzudura gozo bat berekin dakharketela. Hargatik ere, dire ekharriak gogotik eta plazerekin konplitzerat, Jaunaren manamendu sainduak. Urrun da behatzen baidiote lege salbagarri hei, yuduek gisa, ezin yasanezko ustarri pisu bati bezala.

 

aurrekoa hurrengoa