www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CX. KAPITULUA

Hamar tribuak erortzen dire idolatrian.
Profeta desobedienta

3. Erreg. 13.

 

        Jeroboam erregetu zenean, bere buruari erran zioen: baldin populu hau heltzen bada, ohi bezala, bethi Jerusalemerat sakrifizioen ofrendatzerat Jaunaren etxean, erresuma laster bihurturen da Dabiten ondoriorat: bihotzak hurbilduren dire Roboamengana, hari emanen zaizko, eta hillen naute. Gauza hunen gainean, egin zituen bere gogoetak: uste izan zuen bere tronuaren ez galtzeko biderik hoberena zela, utztea bere errelijionea hartzeko bertze bat. Eragin zituen urrezko bi xahal: ezarri zuen hetarik bat Bethel hirian, eta bertzea Dan zaritzon lekhu batean; erran zion populuari: ez zohaztela gehiago Jerusalemerat. Huna zuek Ejiptotik athera zaituzten Jainkoa. Idol hek eror-arazi zituzten israeldarrak bekhatutan; ezen populua heltzen zen Daneraino urrezko xahala adoratzekotzat. Jeroboam yarraikitzen zitzaion, idolen ohoratzeko moldean, Jerusalemen egiazko Jainkoaren alderat begiratzen zenari. Higan ere izan zen bera aldarerat intsentsuen ofrendatzekotzat.

        Jeroboam intsentsu erre-arazten hari zen ordu berean, hurbildu zitzaion Jainkozko gizon bat, Judako herritik heldu zena, zeina hasi baitzen, oihuz, erraten: aldarea, aldarea, huna nola mintzo den Jainkoa: sorthuren duk Dabiten ondoriotan printze bat Josias deithuko dena. Printze hark hill-araziren ditik orai hire intsentsatzen hari diren aphezak, eta hire gainean erre-araziren ditik gorphutz hillen hezurrak. Ematekotzat erakutsterat Jainkoa bera mintzatu dela, urratuko haiz eta eroriko orai berean lurrerat, hire gainean den herrautsa ere barriatua izanen duk bazterretarat. Hala gerthatu zen.

        Erregek entzun zituenean Jainkoaren gizon haren hitz hauk, hedatu zuen bere eskua, eta erran: har bezate gizon hori. Momento berean, ihartu zen Jeroboamen eskua, eta ezin bereganatu zuen. Orduan errege hark erran zioen Jainkoaren gizonari: othoitz ezazu Jainkoa sendatzeaz ene eskua. Jainkoaren gizonak egin zuen bere othoitza, eta sendatu izan zen esku ihartua. Jeroboamek bere ezagutza seinalatzekotat, erakharri nahi izan zuen gizon saindu hura berekin yaterat, eta nahi izan ziotzon eman ontasun handiak. Bertzeak ihardetsi zuen: izatekotan ere zure etxearen erdia, ez dut hemen yanen ez eta edanen: Jainkoak debekatu darot gauza hori, eta erran darot ez bihurtzeaz ethorri naizen bidez. Hitz hauk erran eta, abiatu zen bertze bide batetarik.

        Bethelen zatzan profeta zahar bat gauza iragan hauk guziez yakintsun zena, bere haurrek erranik; bazakien orobat Jainkoaren gizonak erregeri erran ziotzon guziak. Galdegin zuen zein zen hark hartu zuen bidea; higan zen bere astoaren gainerat, eta eman zen haren ondoan. Bathu zuen arbola baten azpian: yakin zuenean berarenganik hura zela hark bilhatzen zuena, othoitztu zuen harekin yateaz. Ezin hori egin dezaket, ihardetsi zion Jainkozko gizonak, debekatua zait. Profeta zaharrak erran zioen: ni ere profeta naiz zu bezala: aingeru bat hedatu zait Jainkoaren mezuz, eta erran darot zu eraman-arazteaz ene etxerat yan eta edan dezazuntzat. Hunela izan zen enganatua: yan eta edan zuen profeta faltsoaren etxean. Mahainean zirela, Jainkoak hel-arazi zuen bere boza profetaren beharritarat, eta hunek erran zion bertzeari: desobedientzia egin diozunaz geroz Jainkoari hemen yanik eta edanik hark debekatu arren, hillen zarenean, zure gorphutza ez da ehortziren zure arbasoen hobian.

        Mahainetik lekhora, Jainkozko gizon hura eman zen asto baten gainean, eta hartu zuen bere etxeko bidea. Ordean athera zitzaion lehoin bat itho zuena, eta egon zena geldi-geldia haren gorphutzaren aldean, batere gehiago ukitu gabe haren gorphutz hilla, ez eta haren astoa. Berri hau laster hedatu zen profeta zaharraganat, zeina mintzatu baitzen hunela: Jainkoaren gizon batek hautsi izan du Jaunaren manua: horra zergatik nahi izan duen lehoin batek hil zezan. Joan zen gorphutz hilla zen lekhurat, ezarri zuen bere astoaren gainean, eta ehortzi bere hobian: erran zioten bere umei: behintzat, hiltzen naizenean, emanen nauzue Jainkoaren gizona datzan hobia berean: ene hezurrak izan beitez haren hezurren aldean: ezen, hark Jainkoaren mezuz, erran dituen gauza guziak hala gerthaturen dire.

        San Gregorioren arabera, Jainkoaren profetak atsegin gorde bat izan zuen egin zituen gauza handiez, dela erregeren eskua ihar-arazteaz, dela ondoan sendarazteaz esku bera: urgileriak hantu zuen gizon miragarri haren bihotza, eta hedatu zituen haren izpiriturat ondikozko ilhunbeak. Tieso eta leihal egon behar bidean Jainkoaren manuaren alderat, errextasun handiegi bat izan zuen sinhetsteko haren tentan zabillan profeta faltsoa, eta erortzeko haren erranetarat. Gosta zitzaion bere hutsa. Heriotze triste bat izan zen haren desobedientziaren punimendu dorphea. Etsenplu ikharagarria, irakhatsten darokuna humilki errespektatzen eta arthoski bethetzen, gauza guzietan, Jaunaren nahi saindua.

 

aurrekoa hurrengoa