www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXIII. KAPITULUA

Eliaren sakrifizioa

3. Erreg. 18.

 

        Agortasunak eta goseteak iraun zuten hirur urthe eta erdi. Denbora hartan guzian Akab Eliaren ondoan zabillan. Etzen herririk ez eta hauzotako erresumarik, zeinetan ez baitzuten galdetzen profeta haren berri. Ordean alferretan izan ziren haren egin ahalak. Ezin egundaino yakin zuen zer ethorri zen profeta hura. Ohiko errabian bizi zen Jezabel. Hil-arazten zituen ardiets ahal zetzakeien Jaunaren profeta guziak: hetarik batzu, ez nahiz erori haren eskutarat, gorde behar izan ziren zilhokotan largaturik bere buruak goseari eta gauza guzien eskasiari. Azkenean Jainkoak erran zioen Eliari: ager zaite Akaben aitzinerat: ezen banoha yauts-arazterat uria lurraren gainerat.

        Elia lothu zitzaionean bideari, bathu zuen Abdias erregeren etxeko gobernadorea. Hura zen gizon bat haurdanik Jainkoaren beldurrean bizi zena, gorde eta hazi zituena, lekhu gerizatutan, ehun bat profeta, Jezabel heien hiltzerat hari zen ordu berean. Abdiasek ezagutu zuen Elia, eta eman zen, ahuspez, haren oinetan. Profetak erran zioen: zohazi, egizu zure nausia yakintsun han duela sarri Elia. Abdias herabe zen mandatu haren egiterat; beldur zen bere biziarentzat; eta erran zion profetari: urrunduren naizenean zureganik, Jaunaren izpirituak eraman zaitzake ezagutua ez den zenbeit lekhutarat: hedatzen badut Akaben beharritarat zure errana, eta ez balin bazaitu edireten, eramanen darot bizia. Eliak agindu zion agertuko zela, egun hartan berean, Akaben aitzinean: hitz hunen gainean, Abdiasek egin zuen mandatua. Printze hura athera zitzaion berehala biderat Eliari; eta ikhusi zueneko, erran zion: hor zara beraz, Israel guziaren asaldatzaillea! Eliak ihardetsi zuen: ez dut nik Israel asaldatzen; bainan bai, zuk, eta zure aitaren ethorkikoek, utzi duzuenaz geroz Jaunaren legea yarraikitzekotzat Baali. Eliak erran zioen oraino Akaberi: bil-araz ezatzu Israel guzia, eta Baalen aphez guziak. Bildu zirenean, profeta berak erran zion populu guziari: noiz artean biziren zarete berex? Baldinetariak zeru lurren kreatzaillea bada egiazko Jainkoa, eman zakizkote; eta Baal balin bada, orobat yarraik zakizkote. Neroni gerthatzen naiz hemen Jainkoaren profetetarik bakharra; eta horra non diren Baalen lau ehun eta berrogoi eta hamar aphez: eman bekizkigu bi idi; har bezate hetarik bat, eta hartuko dut nik bertzea. Eman bezate bere idia zathitan, eta zathi hek aldarearen gainean: nik ere eginen dut gauza bera. Othoitzturen dugu zeinek bere Jainkoa, eta noren ere Jainkoak yauts-araziren baidu, gure othoitzetarat, zeruko sua sakrifizioaren gainerat, eta hura bera bedi ezagutua egiazko Jainkotzat. Konpuntu ziren gauza hortaz. Baalen aphezak hasi ziren lehenik. Ezarri zuten idi bat zathitan aldarearen gainean, eta othoitzak egin ziotzoten bere Jainkoari egu-erdiraino; ordean bere Jainkoak etzaroen deusere ihardetsi: horrek erakharri zuen Elia hei burla saindu batekin erraterat: egizue oihua gorago. Gertha daite lo datzan, edo mahainean den zuen Jainkoa. Aphez hek alferretan ezarri zituzten bere gorphutzak sarraskitan, alferretan altxatu zituzten bere oihuak, ezin deusik ardietsi zuten Baal bere Jainkoaganik.

        Ordu hartan berean, Eliak eragin zuen harrizko aldare bat, eta ur bide bat haren inguru guzian. Eman zituen aldare haren gainean egurrak eta idi baten zathiak. Isur-arazi zituen aldare hartarat lau yarro handi ur, hiruretan bethe-arazirik. Ura zurrutan zohan alde guzietarik, eta laster izan zen bethea ur bide edo arroilla aiphatu duguna. Muga zenean Eliak egin zioen othoitz Jainkoari, eta yautsi zen berehala zeruko sua, iretsi zituena holokaustak, egurrak, herrautsak, ura bera ere. Orduan populu guzia eman zen lurrean ahuspez, eta aithortu behar izan zuen gure Jainkoa zela egiazko Jainkoa. Aithor hura egin zuenean populuak, Eliak erran zioten: har ezatzue beraz Baalen aphez horiek guziak; ez bedi itzur hetarik bakhar bat. Hil-arazi zituzten ziren guziak. Orduan Eliak agindu zion Akabi uria. Akab etxerat hurbildu zeneko abiatu zen uria.

        Ala handia baida egiaren indarra, eta errexki garaitzen baiditu hari yazarri nahi diotenak! Zer etzuten egin idolatrian erori ziren presuna zoro eta itsu hek bereganatzeko Elia saindua? Ordean heien etsenplu gaixtoak, heien mehatxu handiak, guziak alferretan izan ziren. Deusek ere ezin kordokatu zuen profeta haren Jainkoaren alderako leihaltasuna. Ikhusi izan zen, ordu hartan, Jainkoa nola agertzen den egiaren alde, eta nola konfunditzen duen gezurra. Ederrets dezagun Eliaren zuhurtzia, eta haren hartzeko moldea erakhartzekotz egiaren argi zabalerat gezurraren eta idolatriaren ilhunbetan ehortziak zaudenak.

Jainkoak saristatu zuen profetaren fidantzia handia, eta eman zuen bere yustiziaren etsenplu ikharagarri bat hil-araztean idolen aphez faltso guziak.

 

aurrekoa hurrengoa