www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LV. KAPITULUA

Hamabi berri-ekhartzailleak

Nonb. 13.

 

        Jainkoak bere populuari egortzen ziotzan gaztigu guziak etziren aski erauntsien ixil-arazteko: azkenaz goiti, Aaron bera eta Moisen arreba eman zitzaizkon errenkurari. Inbidia ekhartzen zioten gidari saindu hari, Jainkoak utzi zion nausitasun handiagatik, erraterainokoan Moise etzela bakharra, Jainkoa mintzatu zitzaioena; eta nola haren emaztea ethiopiarra baitzen, hori bera hartu zuten bere erauntsien estakurutzat. Moisek, orduan ere, begiratu zuen ohi bezala eztitasun guzia; ordean Jainkoa yarri zen haren alde. Guphidetsi zuen Aaron bere dignitateari esker. Bainan egorri zioen Moisen arrebari lepra bat, huntaraino izigarria non iretsi baitzioen, bet-betan, gorphutz guzia. Alferretan Moisek othoitztu zuen Jainkoa sendatzeaz haren arreba; etzen izan entzuna. Jainkoak nahi izan zuen haurride hura egon zadin, zazpi egunez, kanpatik khendua eta hastandua; egun hek iragan zirenean, sendatu izan zuen. Etziren oraino zeinbait bakhar baizik erauntsi zutenak; ordean handik laster populu guzia abiatu zen errenkuratzen. Huna zertaz: Jainkoak manatu zion Moisi egortzeaz tribu guzietarik gizon bana Kanaango herrien ikhusterat, ekhartzekotzat hetako fruitutarik. Gizon hek egin izan zuten Kanaako itzuli guzia; eta ethorri ziren, berrogoi egunen buruan, israeldarren kanparat. Bertze fruituen artean, ekharri zuten mahats mulkho bat lur hek hainitz onak zirela erakutsten zuena. Bildu ziren guziak nahiz yakin Kanaako berri. Erran zitzaien bazter hek nahikarazkoak zirela, etzela han deuseren eskasik; ordean hango hiriak murru lodiz inguratuak zirela, eta yendeak izigarriki zirela handiak, bertze gizonak, hetakoen aldean, etzirela uliak baino gehiago; etzela beraz zeren abiatu Kanaanat, herri hetako yendeak ezin garaituzkoak zirela. Berri hauiek hedatu zuten izialdura bihotzetarat. Guziak hasi ziren Moisez errenkuratzen, nahiagoko zuten galdu bere biziak mortuan berean, ezen-ez gudukatu halako gizon izigarriki handi batzuen kontra. Gehiago dena, eman ziren eginbidetan hautatzeko aitzindari bat Ejiptorat bihurtzeko.

        Moisek eta Aaronek ikhusi zutenean populuaren asaldura, eman ziren ahusphez Jainkoaren oinetan, nahiz aphazegatu haren kolera saindua; eta denbora berean, Josue eta Kaleb Kanaanen ibilli ziren hamabi hetarik zirenak hari ziren, egin ahal guzian, populuaren eztitzerat eta bihotzen altxatzerat, ziotelarik: Begira zaitezte deusere egitetik Jainkoaren desgogara; ez duzue zeren beldurrik izan herri hetako yendez. Jainkoa alde balin badugu, irets detzakegu hek guziak ogi zathi bat bezain errexki: ez dute batere laguntzarik, eta guk gurekin dugu gure Jainkoa; ez beraz izi. Urrun da ordean entzunak baitziren; populua egundaino bezain borthitzki mintzo zen, eta harrikatzerat zaramatzan Josue eta Kaleb baldin Jainkoak ez balu hartarik gibelatu, agertzen zelarik tabernaklearen gainean, bere distiadura guzian. Jainkoak manatu zuen tabernaklearen gainetik, errateaz populuari entzun zituela haren erauntsiak eta murmurantzak; eginen zuela guzien alderat berek galdetzen zuten bezala; eta heien nahia zenaz geroz mortuan hiltzea, hala gerthaturen zitzaiotela; beraz mortuan berean galduren zutela bizia hogoi urtheak bethe zituzten guziek, eta heien umeak izanen zirela bakharrak sarthuren zirenak Kanaango lur aginduan, ibilliko ziren ondoan, berrogoi urthez, errebelatuak mortuan. Josue eta Kaleb guphidetsiak izan ziren, izpirituen aphazegatzaille bezala; ordean Kanaango lurraren ikhusterat egorri ziren bertze hamarrak eta populua asaldatu zutenak izan ziren hillak bertze guziekin batean, eta oren berean.

        Erran ditugunetarik ageri da, Jainkoak ez duela nahi izi gaiten yasan behar diren gudu ttipiez, heltzekotzat agintzen dituen sari handitarat. Ezin nihor sar daite lur aginduan, non ez duen lehenik garaitzen hango athea hertsia dadukan etsaia. Ez dugu utzi behar bihotza erortzerat etsaia ikhustean, aitzitik orduan behar dugu altxatu gure fedea, eta eman deskantsuan barnea, orhoiturik Jainkoa gure alde gudukatzen dela. Ez du agintzen bere erresuma bortxarekin arrapaturen dutenei baizik. Erresuma dohatsu hartaz etsitzea ahal da, Jainkoak haren ardietstekotzat manatzen dituen gauzak ez egitea. Ez dugu erran behar harat heltzeko bidean bathzen diren trabak eta debekuak ezin garaituzkoak direla: hunela mintzo laitezkenak izanen dire Jainkoaz punituak, berekin batean bertzeak gal-arazten dituzten zoro batzu bezala.

 

aurrekoa hurrengoa