www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XCIII. KAPITULUA

Sikelegko ontasunak eramanak,
eta hiri hura errea

1. Erreg. 29.

 

        Dabit Sikelegko hirian zela, gerla, ohi bezala, biztu izan zen israeldarren eta filistindarren artean. Akifek bazakien Dabiten eta harekin ziren gizoneen animoaren berri; fidatzen zen bertze-alde, heien leihaltasunaren gainean: eraman zituen beraz berekin gudurat. Ordean herri hetako buruzagiak zenbait traidorekerien beldurrean bizi ziren: etzuten nahi Dabit aurkhi zadin guduan, erakharri ere zuten Akis erregea haren urruntzerat. Dabitek orduan hartu zuen damuari yarraiki zitzaion bertze bat oraino minagoa. Amalezitarrak yabetu ziren Sikelegez, erre zuten hiri hura, eta eraman handik aurkhi ahal guzia, baita emaztekiak eta haurrak ere. Dabiten bi emazteak, erran nahi da Akinoam eta Abigail, gathibuen baltsan edireten ziren. Dabit eta harekin zirenak bihurtu nahi izan zirenean hiri hartarat, ikhusi zuten egin zen desmasia izigarria. Eman ziren hasgorapen minenetan eta nigarrik kharatsenetan. Hauk guziak etziren oraino aski. Dabiti yarraikitzen zitzaizkon gizonek ezin konsolatuz galtzeaz bere emazteak eta bere umeak, yazarri nahi izan zioten Dabit berari, zorigaitz hetaz hobendun izan balitz bezala: harrikatzer zuten gizon saindu hura; ordean Dabitek Jainkoa baitan zadukan bere indar eta fidantzia guzia: konsultatu zuen beraz bere nausi dibinoa, yakitekotzat zer egin ahal zezakeien amalezitar gaixtaginen alderat. Jainkoak laudatu zuen heien ondoan abiatzeko zaraman xedea.

        Orduan Dabit eman zen bere yende guzien buruan, nahiz ardietsi amalezitarrak. Dabiten berrehun bat gizon gelditu behar izan ziren bidean, indar eskasez, eta ezin lagunei yarraikiz. Dabitek bathu zuen dohatsuki gaixtagin hetarik bat guzia hagorandua, hirur egun hetan yan eta edan gabea: eman zitzaion behar zena. Dabitek yakin zuenean haina hura amalezitar baten gathibua zela, erran zioen: hel-araz gaitzakek yende hek diren lekhurat? Gathibuak ihardetsi zion, eginen zuela hark galdetzen zuena, ez galtzekotan bere bizia, eta ez izatekotan largatua bere nausiaren eskutarat. Gathibua bere hitzaren yabe agertu zen. Dabitek atzeman zituen amalezitarrak guti igurikitzen zutela: yaten, edaten eta dantzan hari ziren bozkario handitan: yazarri zioten borthizki: desegin zituen hetarik gehienak, eta bertzeak eman zitzaizkon ihesari. Eskuratu zituen gaixtagin hek ebatsi zituzten ontasun guziak, baita berekin zaramatzaten gathibuak: molde hartan etzen deusere galdu.

        Dabitek desegin zituenean amalezitarrak, bihurtu zen ezin yarraiki zitzaizkon, eta bidean utzi behar izan zituen berrehun gizonetarat: mintzatu zitzaien amultsuki. Harekin zirenetarik bakhar batzu hasi ziren txarkeriaz, erraten: ez direnaz geroz gurekin ethorri, ez dute behar etsaien gainean harturik heldu garen gauzetarik: aski da bihur dakizkoten bere emazteak eta bere haurrak. Dabitek ihardetsi zioten zuhurki: ene anaiak, ez egin horrela: Jainkoaganik ditugu izate hauk: hark berak begiratu ditu gure biziak, eta libratu ohoin hek gure eskutarat. Ezin gudukatu dena partzurer izanen da gudukatu denarekin; parti beitez beraz guziak guzien artean. Hala egin zen; eta ordu hartan Dabitek eman zuen manua gerorat lege bilhakatu zen Israelgo erresuman.

        Sikelegko gaixtaginak denborarekin atzemanak eta punituak izan ziren. Erran daite gauza bera gure mendeko bekhatoreez. Probidentzia adoragarriak egortzen diote noiz edo noiz, zenbait gaztigu humiliagarri; batean eritasun borthitz bat, bertzean atsekabe min bat; hitz batez, yasaten ohi dute zeruko zenbait zigorrada handi, bizitze huntarik beretik. Baldin guphidetsiak balin badire mundu huntan, oraino gehiago urrikaltzeko izanen dire bertzean. Zer izanen da hetaz? Zer bilhakaturen dire agertu beharko dutenean yustiziak berak yuiaturen dituenaren begietan! Zer lastima! zer punimendu ikharragarri ez dago heientzat!

 

aurrekoa hurrengoa