www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXX. KAPITULUA

Jezabelen eta Akabaren umeen heriotzea.
Jehuren konportamendua.

4. Erreg. 9.

 

        Benadab Siriako erregea hil izan zen, Samaria sethiatua izan zenetik laster. Hazaelek itho izan zuen ohean eria zatzala, eta yarri zen haren tronuan. Denboratsu hartan, Eliseak erran zioen profeteen haur bati: har ezazu olioz bethea den anpoilla hau, eta zohazi Ramotherat. Edirenen duzu hiri hartan Jehu; hura da Joramen erresumako aitzindari bat: othoitztuko duzu sartzeaz zurekin gela batean: isuriko diozu olio hortarik buruaren gainerat, erraten diozula Jainkoak sakratzen duela Israelgo erregetzat. Gauza hori egin bezain laster, idekiren duzu athea, eta emanen zaizko ihesari, batere trikatu gabe lekhu hartan.

        Gizon gazte hark egin zuen leihalki manatu zitzaion guzia; erran zioen Jehuri: huna nola mintzo zaitzun Jainkoa: sakratu zaitut Israelgo erregetzat. Suntsi-araziko duzu Akaben egokia: yazarriren diot Jezabeli, zeren hil-arazi dituen ene profeta eta ene zerbitzari hainitz. Zakhurrez yana izanen da Jezraelgo landan; eta ez da nihor izanen hura ehortziren duenik: hitz hauk erran eta, ideki zuen athea, eta abiatu zen ihesi.

        Jehu goantzen Jezraelerat. Jezabel eman zen leiho batean bere bisaia fardaturik, eta bere burua ederki aphaindurik. Ikhusi zuenean Jehu sartzen hirian, erran zuen: zer igurik ahal dezake onik, Zanbrik bezala, bere errege hil duenak? Jehuk altxatu zituen begiak leiho hartarat, eta egin zuen oihu: bada nihor hor? Berehala bia edo hirur aitzindari agertu zitzaizkon agur errespektuzko bat egiten ziotela. Jehuk erran zioten: artik ezazue emazte hori behere huntarat; ordu berean artiki zuten leihotik behera. Haren odola zurrutan zohan murrutarik, eta zamariek ostikatu zuten haren gorphutza. Jehu sarthu zen bere palazioan: yan zuen ondoan, erran zuen: izan bedi ehortzia emazte dohakabe haren gorphutza. Nolakoa bazen ere bera, errege baten alaba zen. Nahi izan zutenean ehortzi, ediren zuten gorphutza zakhurrek yana; etzen bertze deusik ageri buru kaskoa, oinak eta eskuak baizik. Jehuk hori yakin zuenean, erran zuen: horra beraz non den konplitua Jainkoak, Elisea bere zerbitzariaren ahoz, errana. Samariako hirian aurkhitzen ziren Akaben hirur hogoi eta hamar ume. Hiri hartako phuruenen etxetan zituzten bere egoitzak. Jehuk iskribatu zioten printze hek bizi ziren etxetako nausiei guthun, edo letra bat hitz hauk zaduzkana: eneak balin bazarete eta nahi baduzue egin nik nahi dudana, ekhar dietzadatzue, bihar, muga huntako erregeren umeen buruak. Irakhurri zuteneko guthuna, hil-arazi zituzten Akaben hirur hogoi eta hamar umeak. Eman zituzten heien buruak saskitan, eta egorri Jesraelerat. Jehuk ezar-arazi zituen buru hek guziak, bi metetan, hiriaren aitzinean. Biharamun goizean bera ere han aurkhitu zen. Erran zioten harat bildu ziren guziei: ez duzue, zuek, hobenik. Ni naiz, aithortzen dut, Joram ene erregea eta ene nausia hil izan dudana. Ordean, nor da hauk guzien hil-araztzaillea? Ikhas ezazue hemen Jainkoak Akaben familiaren kontra erran izan dituenak egiak edireten direla. Jehu etzen hartan baratu. Oraino hil-arazi zituen Akaben familiari zatxeizkon guziak, haren gortheko handiak, haren adiskideak, haren aphezak berak.

        Jehuk adi-arazi zuen bere erresuma guzian sakrifizio handi bat Baali ofrendatzeko gogoa zuela. Manatu zituen Jainko faltso haren profetak eta aphezak kausitzeaz sakrifizio hartan, biziaren penan, eta hulako egunez. Hunela nahi zituen sar-arazi saretan, eta gal-arazi Baal adoratzen zutenak. Guziek egin zuten obedientzia. Jehu sarthu zen bertzeekin batean tenpluan, eta erran zioten: ikhus ezazue badenez, zuen artean, Jaunaren ministrorik batere. Jehuk tenpluko athean zaduzkan lauetan hogoi gizon armatuak. Hei erran zioten baldinetariak bakhar bat itzurtzen bada zuen eskutarat libraturen ditudanetarik, gostako zaitzue bizia. Ofrendatu zenean sakrifizioa, Jehuk erran zioten gizon armatu hei: sar zaitezte, hil zatzue guziak, ez bedi bakhar bat geldi bizirik. Sarthu ziren, eta egin ziotzoten zintzurrak Baalen aphez guziei. Heien gorphutzak izan ziren artikiak kanporat. Baalen idola izan zen zathitan emana, eta egin zuten bi erdi haren tenplua.

        Horra nola suntsi-arazi zuen Jehuk Baalen alderako adorazionea. Leihalki konplitze sari Jainkoaren nahia Akaben egokiaren alderat, Jainkoak agindu zioen Jehuri baten umeak Israelgo tronuaren gainean izanen zirela yarriak laugarren belhaunerainokoan. Hil zen Jehu erreginaturik hogoi eta zortzi urthez; utzi zion bere khoroa Joakaz bere semeari.

        Nor dagoke auhendatu gabe Jezabelen heriotze lastimagarria! Aithor agun Jainkoaren yuiamenduak ungi ikharragarriak direla. Erregina dohakabe hark ezagutzen zuen, dio san Anbrosiok, egia, eta yazartzen dio egia hari berari. Profeta faltsoen lausengek lilluratu, eta heien alde yar-arazi zuten egiterainokoan gerlarik barbaroena Jaunaren profetei. Erran behar da non-bait, urgilleriak ungi zoratzen duela presuna, eta ilhunbe lodiak hedatzen dituela haren izpiriturat. Jezabelek ez du gehiago ikhusten bere ona; aitzitik bere zorigaitzaren ondoan dabilla. Largatzen du bere kreatzaillea, bere guzia: ematen da Jainko faltsoen adoratzen, eta suntsi-arazten, bere egin ahal guziez, bakharrik egiazko Jainkoari zor zaion ohorea. Ordean zer gerthatu zitzaion Jezabel zoroari? Hiltzea heriotzerik izigarrienaz. O! urgilleria, zer desmasia ez dezaket egin bihotzetan! Zer kalte ez dezakek erakhar arimetarat!

 

aurrekoa hurrengoa