www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLVI. KAPITULUA

Urrezko xahala

Exod. 32.

 

        Yuduek eman zutenean erakutsterat nahiago zutela Moise mintza zakioten, ezen-ez Jainkoa bera, nausi soberanoak iragan-azi zuen gizon saindu hura mendiaren gainerat, eta egin zuen yakintsun haren populuaren gobernatzeari zagozkon lege sainduez: emanak ziren hanbat zuhurtziarekin non populuen gisa guzietako gidariek kausi baidezakete hetan zertaz probetxa. Jainkoak nahi izan zuen Moise geldi zadin ber-bera harekin, berrogoi egunez eta berrogoi gauez, mendiaren gainean. Deklaratu ziotzonean bere nahi guziak, egorri zuen bere populuaganat, emanik bi tabla, bere Jainkozko erriaz iskribatuak. Tabla hetan ziren ezarriak Jainkoak populuaren aitzinean aiphatu zituen hamar manamenduak, eta manatu zituen gauza guziak. Ordean populua egundaino bezain sorraio eta sinhets gogor, agertu zen Moise berantetsirik, goan zitzaion Aaroni eta eragin zioten, bortxaz, urrezko xahal bat; hortarakotz, yuduek eman zituzten bere emazteen, beharritakoak, edo petentak, eta adoratu zuten idol hura allegrantzia handirekin. Moise yautsi zenean menditik Jainkoak berak iskribatuak ziren bi tableekin, entzun zuen bihotz minekin orduko haro handia; eta aphur bat hurbildu zenean, ikhusi zuen urrezko xahala, eta haren ingurutan egiten ziren dantza erhoak. Orduan haren bihotza izan zen sustatua khar saindu batez, zeinak artik-arazi baitziotzan lurrerat bi tablak; eta izan ziren hautsiak mendiaren beherean. Alferretan zaduzkan Jaunaren legeak harriaren gainean ezarriak, ya bihotzetik kanpoan balin baziren. Etzitzaion iduritzen arima ganbiakhor hek gai zirela ohoratuak izateko Jainkoaren manuez. Hartu zuen populuak adoratzen zuen xahala, erre zuen guzien aitzinean, eta ezarri zituen haren hautsak urean; gero edanarazi zioten ur hartarik israeldar guziei. Moisek irakhatsten zioten, horrela eginik, zein gauza arbuiagarria zen hek adoratzen zuten urrezko xahala: gaitzitu zitzaion Aaronek ez gibel-arazteaz gaizki hek guziak; eman zen, israeldarren kanpatik hurbil, eta abiatu zen erraten, oihuz: Jainkoari yarraiki nahi direnak eman beitez enekin. Berehala Lebiren tribua edo populua bildu zen Moiseen ingurutarat: gidari saindu hunek erran zioten populu hartako guziei, har zetzatela bere ezpatak, zohazela eta bihur zitezela kanpan gaindi; hil zetzatela bathuren zituzten guziak nihor guphidetsi gabe, ez adiskiderik, ez ahaiderik, ez anaiarik, ez eta umerik. Lebiren tribuak konplitu zuen khar handirekin Moiseen manua, eta hil izan ziren sarraski hartan hogoi eta hirur milla gizon. Moisek benedikatu zuen, ordu beretik, Lebiren populua, eta erran zioen etzuela Jainkoa damutatu odol isur-arazte hartaz, aitzitik, konsekratu ziotzala bere eskuak.

        San Gregoriok ematen dio khar hari bere admirazionea: uzte du eskola handi batentzat balia dakioketela aita ez antsiatu batzuei, zeinak herabe baidire ematerat abisurik ttipiena bere umei, ikhusirik ere phulunpatuak direla munduko amudioan eta gaixtakerian, mundu hau egiazko idolatria bat den denboran. Lebitek maite zituzten bere umeak, guziarekin etzituzten guphidetsi; gabetu zituzten biziaz ihardetsekotzat Jainkoaren manu hertsiari; eta guk, maitatzen ditugu gure umeak, nola? Haragiaren araberako amudioarekin, ez ditugu korreyitzen beldurrez damurik hei egin. Bizkitartean amudiorik amultsuenak berak badu bere gisako haserradura bat. Ez ahal da aitarik bere umea maite duenik Moisek bere populua maite zuen bezanbat; ezen nahi zuen izan borratua biziaren liburutik, eta galdu bere bizia begiratzekotzat bere populuarena: bizkitartean, eta bere amudio handi guziaren erdian, hil-arazten ditu hirur hogoi eta hirur milla gizon bere populu maite hartarik. Barnean errea zadukan amudioaren sua konpuntzen zen miragarriki yustiziaren alderat zuen leihaltasunarekin. Zenbatenaz baitzen Moise beldur Jainkoaren kolera sainduaz bere umeentzat, hanbatenaz lehiatzen zen heien hartarik begiratzerat; horra zergatik zuen berak artha zorrotz bat hekien gaztigatzeko garratztasun etsenpluzko batez.

 

aurrekoa hurrengoa