www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVI. KAPITULUA

Sodoma errea

Gen. 19.

 

        Lot bethi Sodoman zagon. Hiri hartako eta ingurutan ziren bertze lau hiritako populuak largatuak ziren gaixtakeria izigarrienetarat. Urrun da ordean Lot kutzatzen baitzen bekhatutan: garbi zaduzkan bere begiak, bere beharriak, eta guziz bere bihotza.

        Bi aingeru, gizonak ziruritenak sarthu ziren Sodoman, Jainkoak hiri hura gal-arazterat zohala Abrahami erran zioen egun haren arrats- aphalerat. Ordu hartan Lot yarria zatzan hiriko athean. Ikhusi zituenean bi aingeruak, altxatu zen bere yar lekhutik, hurbildu zitzaien, eman zen ahuzpez heien oinetan, eta othoitztu zituen sartzeaz haren etxean. Aingeruak etziren berehala erori Loten othoitzetarat; ordean gizon saindu hark eskuratu zituen, emeki-emeki. Bere etxerat zituenean, emanarazi zioten yaterat. Hurbildu zenean etzateko muga, hiri hartako yende guziek inguratu zuten etxe hura, eta erran zioten mehatxurekin Loti, ilki-arazteaz barnean zaduzkan bi arrotzak. Gizon saindu hura agertu zitzaieen bera, eta egin zituen bere egin ahal guziak yende hek urruntzekotzat bere xede gaixtotarik; ordean zoratu hek, sarthu behar bidean bere baithan, lothu zitzaizkon muthiriki berari, eta nahi izan ziren haren bortxa, sarthu haren etxean. Hori ikhusirik, bi aingeruek hartu zuten Lot eskutik, eraman zuten barnat, eta hertsi zuten athea. Gehiago egin zuten: itsu-arazi zituzten kanpotik ziren yende hek guziak. Halarik ere, heien errabia etzen baratu; bere itsutasunean berean, etxearen ingurutan zabiltzan, asmurat, han nondik sar ezin edirenez.

        Ordu berean, aingeruek erran zioten Loti: balin baduzu ahaiderik Sodoman, lehia zaite hek handik ilki-arazterat, ezen gaitzerat daramagu hiri hau. Hemengo populuaren bekhatuek tarritatu dute zerua, eta Jainkoak mezutu daroku fundi-arazteaz hiri huntan diren guziak. Lotek etzuen galdu denborarik, berehala mintzatu zitzaien bere bi alhabeen senar gaiei, eta erran zioten: lauster, egizue, ilki zaitezte hiritik; ezen Jainkoak suntsi-arazterat darama. Yarraikitzetik urrun Loten erran zuhurrari, hirri egin zuten haren izialduraz.

        Argia urratzerat, bi aingeru hek nahi izan zuten ilki-arazi Sodomatik Lot bere emaztearekin eta bere bi alabeekin (Jainkoa orhoitzen zen Abrahamez, eta beiratu nahi zuen Lot galdua izatetik bertzeekin batean.) Nola nagi baitzen hiritik atheratzerat, aingeruek hartu zuten eskutik, eta eraman kanporat; erran zioten: begira zazu zure bizia, hortarakotzat, ez beha gibela, ez trika alderdi hautan, zohazi lehen-bailehen menditarat, bertzela galdua zara bertze guzien baltsan. Lotek galdetu zuen izan zakion zilhegi heltzeaz Segor zaritzon hiri xume baterat. Jainkoak onhetsi zuen haren galdea. Etzen hain lauster sarthu hiri hartan, non Jainkoak yautsarazi baitzuen sufrezko eta susko uri bat Sodomaren, Gomorheen eta alde hetako herrien gainerat. Bortz hiri oso bere ingurutako lurrekin izan ziren herrautsetan emanak. Loten emazteari gerthatu zitzaion huts bat, gosta zitzaiona; hautsirik Jainkoaren debekua, behatu zuen gibelat: ordu berean izan zen gatzezko figura baterat ganbiatua. Biharamunean, Abrahamek ikhusi zituen, Jainkoa mintzatu zitzaion lekhutik, Sodomatik, Gomorhetik eta inguru hetatik, hedoiak bezala, altxatzen ziren khe beltza eta herrauts bihotz erdiragarriak.

        Aithor agun pasioneak su handia ematen duela, eta gizonaren bihotza, phozoatzen duen bezala, haren izpiritua ere, ondikoz! itsutzen duela. Non zen bada sodomiarren adimendua bortxa egin nahi izateaz Lot prestuari bere etxean, eta idoiztatu nahi izateaz gizon saindu hark bereganatu zituen bi arrotzak! Ordean zer dire gizoneen egin-ahal guziak, Jainkoaren araberakoak ez direnean? Ala ungi begiratuak baidire Jainkoak bere arthaen azpian daduzkanak! Eta ala urrikaltzeko baidire Jaunaren lege sainduari ukho eginik, bere zoramendurat utzi nahi direnak! Etsenplu ikharagarri bat edireten dugu Sodomaren eta haren hiri laguneen gaztigu dorphean. Guri dagoku ihes egitea Jaunaren haserradura sainduari, aitzitik gureganatzea haren laguntza guziz salbagarria: deus ere herrexagorik hori baino. Gaiten gibela gaizki egitetik, gakizkon yarraik ungiari: hortan datza guzia. Horra bide segura urruntzekotzat gureganik zeruko gaztiguak, eta yauts-araztekotzat gure arimetarat hango laguntza eta grazia berezienak.

 

aurrekoa hurrengoa