www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XL. KAPITULUA

Bazkoko bildotsa

Ex. 12.

 

        Jainkoak zehatu baino lehen Ejiptoa azken zauriaz, egorri zituen israeldarretarat Moise eta Aaron hei egiteko, haren partez, manu hau: Har zazue familia bakotxarentzat urtheko bildotz bana, ordotsa eta notharik gabea. Imolaruren duzue, hil hunen hamalaugarren egunean, arrats aphalerat: harturen duzue haren odoletik, eta hartaz buztiren-tutzue zuen atheen ainak eta sahetsak; gau hartan berean, yanen duzue, etxe berean, suan errea izanen den bildotsaren haragitik, hartarik deusik utzi gabe, eta kanporat eraman gabe, eta hautsi gabe haren hezurrik: bildotz haren yatean, egonen zarete xutik, makilla bat eskuan, eta bethi goateko abian izanen zarete bideranteak bezala.

        Israelgo umeek egin zuten Jainkoak manatu ziotena, eta gauerditsuan, Jaunaren aingeruak hil izan zituen Ejiptoko lehenbizirik sorthu guziak, hasirik Faraonen lehenbiziko semetik, zeina yarria baitzatzan bere tronuaren gainean, eta azken gathibuen lehenbiziko umetarainokoan hil zituen orobat aberetan lehenbizirik sorthu ziren guziak: desmasia hau hedatzen zen etxe guzietarat, berex utzten zirela bildotsaren odolaz atheak seinalatuak ziren etxeak. Faraon eta ejiptiar guziak altxatu ziren, gau hartan, ohetarik. Etzen, alde guzietarik, oihurik eta nigarrik baizen. Etzen etxe bakhar bat non etzen edireten hil bat. Faraonek erakharri zituen, gau berean, Moise eta Aaron, eta erran zioten atherarazteaz lehen bai lehen, israeldarrak lekhu hartarik.

        Ala klarki ikhusi baitzen ordu hartan, Jainkoak gizonez egiten duela, berari zaion guzia, eta erakhartzen dituela azkenean, hark nahi duen guzietarat! Faraon bat, orduraino Jainkoaren eta Moisen manuak arbuiatu zituena, bera izan zen lehenik israeldarrak othoitztu zituena goateaz. Etzuen deusetan mugarriztatu ematen zioten libertatea: utzi ziotzoten eramaterat berekin bere umeak eta arthalde guziak: galdetzen zioten grazia bakharra zen arren lehia zitezen ilkhitzerat: ejiptiar guziek othoitz bera egiten zioten.

        Israeldarrak athera ziren beraz Ejiptotik bazko biharamunean: heltzen ziren sei ehun milla gerla-gizonetarainokoan; emaztekiak eta haurrak berex utzirik; ordean abiatu baino lehen, egin zuten Jainkoak manatu ziotena; galdetu ziotzoten, prestamuz, ejiptoarrei urrezko eta zilharrezko yarroak, eta Jaunaren probidentzia ixilari esker, ejiptoarrek eman izan ziotzoten herabe gabe.

        Horra nola libratu ziren israeldarrak gathibutasunetik, herrehun eta hamabortz urtheen buruan. Gauza miragarria! Etzen eri bakhar bat ere hanbat yendeen artean. Israeldarrek atheratzean Ejiptotik, hartu izan zuten hango ontasunetarik har ahal guzia, nahiz saristatu bere buruak yasan zituzten nekhe handiez ejiptoarren hiria egitean. Israeldarrek berekin eraman zituzten ontasun baliosek ematen zuten ordutik, ezagutzerat elizan zerbitzatuko zirela gauzarik ederrenak eta distiosenak, lekhu saindu haren ohoretan.

        Ejiptotik libratze hark erran nabi zuen bekhatoreak ere libraturen zirela egiazko Ejiptotik, erran nahi da, mundutik eta hango gathibutasunetik; ordean bere auhen guziekin, eta libertatearen hirrits handienaren erdian, bethi gatheetan, erran nahi da, bere estatu ondikozkoan geldi litezke, baldin Jesu-Kristo, biktima garbiaren odol preziatuak, ez balitu laguntzen. Salbatzaille amultsuarenganik behar dute ardietsi bere libertatearen zoriona; eta hori da grazia seinalatu bat zeinetaz Jainkoak nahi baidu haren umeak orhoit daiten, urthe guziez, Elizak duen besta-bururik handienean: egun oroz, ematen daroku, begien aitzinean, grazia beraren orhoitzapena alderako sakrifizio sainduan. Nahi du gogoan atxik dezagun nor den erosi gaituena gathibutasunetik, eta nor zen bere gathetan idukitzen gintuen etsai gaixtoa. Jaunaren nahia da orhoitzapen hunek erakhar detzan gure bihotzak ezagutzarik handienerat bataren alderat, eta higintza oso baterat, bertzearen alderat. Yarraiki behar gaizko leihalki gure salbatzailleari: hura da libertatea ematen darokuna, eta bakharra hartan begira gaitzakena. Bertze alde, ez erortzekotz egundaino bezala, munduaren gathetan, artha handienarekin ihes egin behar diotegu etsai gaixtoaren itzuli enganakhor guziei.

 

aurrekoa hurrengoa