www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV. KAPITULUA

Sarak konzebitzen du Isaak

Gen. 18.

 

        Agarek, Abrahamen etxerat bihurtu zenetik lauster, izan zuen seme bat, Ismael deithua izan zena. Hamahirur urtheen buruan, Jainkoa agertu zitzaion Abrahami egitekotzat harekin allientzia eta batasun hertsiago bat; eta erreberritu ziotzan aitzinago egin ziotzan agintzak. Ganbiatu zuen haren izena, orduraino Abram zaritzon, eta handik harat Abraham izan behar zen deithua; haren emaztea ere han artean Sarai zaritzona, deithua izan behar zen Sara. Jainkoak manatu zion Abrahami zirkonzisionea elkharrekin egiten zuten allientziaren seinale bat bezala; hitz eman zioen Sarak izanen zuela seme bat, bere benedikzione guziez betheko zuena, eta seme harenganik atherako zela hainitz errege eta hainitz populu. Gauza horien entzutean, Abraham eman zen ahuspez lurrean, hirritz zatzala, eta erraten zuela bere bihotzean: baduke bada seme bat ehun urthetako gizon batek? Eta ekhar dezake bada oraino umerik Sara, lauetan hogoi eta hamar urthetan denak? Ordean Jainkoak seguratu zuen Abraham gauza hortaz, eta utzi zuen horrekin batean.

        Handik fite, Abrahamek, yarria zatzala, egun bero batez, bere tenta, eda kabanaren aitzinean, ikhusi zituen, aski hurbil bereganik, hirur presuna: hek ziren hirur aingeru. Haren karitateak nola ez baitzuen utzten nihor iragaterat, hospitalitatea, edo erretiramendua eskaini gabe, athera zitzaien aitzinerat; egin zioten agur errespeduzko bat, othoitztu zituen pausatzeaz, eta permetitzeaz garbi ziotzaten oinak, zerbitza ere zetzan mahainean. Abrahamek ardietsi zituenean, bere othoitz minez hirur presuna hetarik galdetu ziotzaten gauza hauk guziak, yoantzen lehiaz bere kabanarat, eta erran zion Sarari aphain zetzala hirur ogi hauts azpian erreak; hartu zuen berak, bere arthaldean, xahal bat gizena eta utztarra; erre-arazi zuen berehala, eta zerbitzatu zioten bere arrotzei. Yan izan zutenean, galdetu zioten Abrahami zeina baitzatzan arbola baten azpian, hek yan zuten lekhutik hurbil, non zen Sara haren emaztea; Abrahamek ihardetsi zioten bere kabanan zela; oduan, aingeruek seguratu zuten denbora laburrik artean, hek berriz ethorriko zireneko, Sarak konzebituren zuela seme bat. Sarak entzuten zuen hek ziotena, eta ezin debekatu zen hirri egitetik. Aingeruak galdegin zion Abrahami, zertako hirri egiten zuen Sarak, seme bat agintzeaz? Bazen ez bada deusere gaitzik Jainkoarentzat? Orduan Sara laztu zen guzia, eta erran izan zuen etzuela egin hirririk. Aingeruek eman zioten Sarari begien aitzinerat egin zuen gaizkia, gezurra errateaz: yoan ziren gero handik, eta Abraham yarraiki zitzaien. Jainkoak erran zion Abrahaini sodomiarren bekhatuek gaindi egin zutela, ezin yasan zetzakeiela, eta bazohala heien punitzerat. Abrahamek galdetu zioen Jainkoari, etzionez bada barkhaturen hiri hari edireten balin baziren haren barnean berrogoi eta hamar justu. Jainkoak ihardetsi zuen: baldin edireten badire berrogoi, eta hamar justu, heiengatik, barkhaturen diot hiri guziari. Abrahamek erran zuen horren gainean: Jauna, badakit hauts eta herrauts naizela zure aitzinean, guziarekin zilhegi bekit egitea bertze galde bat. Zer egin zinezake, Jauna, ez edireterat berrogoi eta bortz justu baizik? Jainkoak ihardetsi zuen: ez nezake gal-araz hiria. Abraham etzen hortan gelditu, erran zuen oraino: Eta, Jauna, ez balire hamar justu baizik Sodoman, zer laite hiri hartaz? Jainkoak orduan ere ihardetsi zuen: baldin hamar justu aurkhitzen badire, ez, ez dut gal-araziren hiri hura. Solas huntarik lekhora, Abraham bihurtu zen bere etxerat.

        Hemen ageri ahal da zein urrun hedatzen den Jainkoaren ontasuna, eta ezin bertzeak daramala bekhatoreen punitzerat. Baiki, bekhatu mortal bat aski ifernuan erretzeko! Sodomiarrak bizi dire phulunpatuak hanbat gaixtakerietan, halarik ere, Jainkoa ekharria da guziei barkhatzerat, edireten balin baziren populu guzian, bakharrik hamar justu!

        Etsenplu berak irakhasten daroku Jainkoak arraitasun eta konplazentzia handienarekin behatzen diotela arima justuei, eta indar guzizko bat dutela haren begietan. Milletan dohatsu herria arima Jainkotiarrak daduzkana! Zenbat zorigaitz ez dezakete urrun, eta benedikzione erakhar prestuen othoitz khartsuek? Zenbar bekhatore erretzen hari litezkenak, arima justuen arartekotasunak ez balu aphazegatzen Jaunaren haserradura saindua, eta ez balu nolaz-pait ere bortxatzen haren justizia amor ematerat haren miserikordiari!

 

aurrekoa hurrengoa