www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIII. KAPITULUA

Dina

Genes. 34.

 

        Jakob bihurtu zenean Mesopotamiatik, deskantsuan bizi zen Salem deithzen zen sikimiten hiri batean, zeinetan eros baitzuen lur bat. Izan zuen ordean atsekabe bat hagitz damuztatu zuena. Haren alaba, Dina zaritzona, ilkhi zen alde hetako emaztekien ikhusterat, bera ere ikhusia izan zen hango erregeaz. Printze hunek bortxaz har eta altxarazi zuen, eta nola baitzohakon, emendatuz, haren alderako pasionea, erran zioen Hemor bere aitari, neskatxa harekin nahi zela ezkondu. Gauza hunek damu min bat egin zion Jakobi. Hunen umeak othoitztuak izan ziren Hemortaz eta hunen seme Sikemez, arren onhets zezaten ezkontza hura, eta ematea elkharri bere seme alabak. Jakoben umeek, gorderik bere aiherkundea, hobeki mendekatzekotzat, ihardetsi zioten aita seme hei, hek galdetzen zutena ezin zitekena zela, etzirelakotzat zirkonzisatuak; bainan zirkonzisatu nahi baziren, ordutik heien arteko eskontzek izan zezaketeiela lekhu. Hemorrek eta Sikemek parte eman zioten populuari egiten zuten galdeaz, eta izan zuten haren laudamendua. Hirurgarren egunean, noiz eta ere bere borthitzenean baitziren zirkunzisionearen oinhazeak, Simeon eta Lebi, Dinaren anaiak (Lia heien amaren alaba zen) Jakobi fitsik erran gabe, sarthu ziren, ezpatak eskuan, Sikemego hirian, eta hil zituzten ordots guziak, guphidetsi gabe errege bera, hain guti, haren semea zeinaren pasioneagatik egiten baitziren heriotze hek guziak. Odolezko desmasia hartarik lekhora, Jakoben bertze umeak sartu ziren hirian, hartu eta eraman zituzten hango ontasun guziak. Hauk guziek mindu izan zuten Jakoben bihotza; errenkuratu zen haltoki Simonez eta Lebiasez, zeren higun-arazten zuten herri hetan bere traidorekeria beltzaz, eta zeren eman zuten hiltzeko menean, bere etxeko guziekin, zirkonzisonearen itxuran, eta hori, mendeku xoilez. Jakob beldurtu zen haren kontra altxa zitezen ingurutako populuak; bainan Jainkoak manatu zion zohala Bethelerat, zeinetan agertu baitzitzaion, bertze orduz, anaiaren ihesi zabillanean bezala. Iskritura sainduak erraten du Jainkoak ikhara hedatzen zuela Jakob iragaten zen hiri guzietarat, etzadintzat nihor atrebi hari ondotik yarraikitzerat. Jakob Bethelerat, zenetik laster, Rakel haren emaztea hil izan zen Benjaminez erditzetik. Denboratsu hartan hil izan zen Isaak haren aita ere, ehun eta lauetan hogoi urthetan; bere bi semeek, Esauk eta Jakobek, ehortzi zuten buraso hura, eta handik berehala, hastandu izan ziren, bata bertzeaganik, aberatsegiak zirelakotzat baltsan bizitzeko.

        Elizako aiteen arabera, Dinari gerthatu zaioena da etsenplu ukhigarri bat, irakhatsten darokuna ihes egiten kuriostasunari, eta begiratzen baltsatzetik edozein yende atzeekin. S. Anbrosiok dio oraino, Dinak ematen diotela abisu zuhur bat guziei, eta beregainki neskatxa giriztinoei, bertzek baino premia gehiago dutenaz geroz probetxatzekotzat emazte haren kuriostasun sobraniazkoaz. Eta egiaz, bakhartasuna izan behar da neskatxa berthutedunen zortea eta partaia: ihes egin behar diote mundutiarren ikhusteari, eta hetaz ikhusiak izateari; ez dute ariarik batere behar heiekin, eta ez dute deusere behar maitatu munduan, munduari daronsanetarik. Beiratu behar dire erortzetik Dinaren kuriostasun berean. Ez dituzte, hark bezala, hedatu behar begiak emazteki arrotzetarat, erran nahi da, emazteki arin eta mundutiarren gainerat. Halakoak bizi dire giriztinotasunaren erdian, paganoak bezala. Berthutea maite duten emaztekiek ikharatzeko dute ikhusteaz nolakoak gerthatu diren hamasei urthetako neskatxa baten kuriostasunaren ondore dohakabeak. Behatze hartaz, Dinak galdu zuen bere garbitasuna, eta erakharri bere anaiak heriotzetarat: behatze beraz gal-arazi zuen hiri oso bat: behatze harengatik oraino ihes egin behar izan zuen Dinaren aitak; akhabo izanen zen hartaz, eta haren familia guziaz ez balite izan fagoratuak Jainkoaren laguntza mirakuilluzko batez.

 

aurrekoa hurrengoa