www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXVII. KAPITULUA

Benjamintarren punimendua

Yui. 20.

 

        Israeldarrak bildu ziren Masfan. Heltzen ziren lau ehun milla gerla gizonetaraino. Entzun zutenean lebita beraren ahotik gabaatarrek erabilli zituzten gaixtakeria eta itsuskeria guziak, sumindu ziren heien kontra, eta hartu zuten xedea hei punimendu etsenpluzko bat yasan-arazteko, bihurtu baino lehen bere herritarat. Gaztiatu zioten benjamintarrei libra ziotzotela eskutarat hobendun hek gal zezatentzat bizia. Urrun da ordean benjamintarrek laudatu baitzuten bere anaieen galdea; yarri ziren aitzitik, gabaatarren alde, eta bildu izan ziren hogoi eta bortz milla gizonetaraino. Gabaatarrak berak etziren zazpi ehun gizon baino gehiago; ordean animoz betheak ziren: antzetsuak: hain ziren fida esku ezkerraz, nola eskuinaz, eta huntaraino ziren artexak, non ez baitzuten huts eginen harri batekin ille izpi bat ere.

        Israeldarrek, gudua hasi gabetarik konsultatu zuten Jainkoa. Iduri zuen onhetsten zuela heien xedea: etzuten bizkitartean ardietsi garaitia, uste bezala; benjamintarrek xehakatu ziotzoten hogoi eta bi milla gizon. Harrituak izan ziren hunenbat mundu galtzeaz: halarik ere, ekharriak ziren oraino gudurat; konsultatu zuten Jainkoa: galdegin zioten ea abiatuko ziren, berriz ere, benjamintarren kontra. Jainkoak ihardetsi zioten baietz. Israeldarrek eskutan zadukaten garaitia, bizkitartean galdu zituzten, ordu hartan ere, hemezortzi milla gizon. Miretsiak zauden ikhusteaz hogoi eta bortz milla gizonek garaitzen zituztela lau ehun milla. Altxatu zituzten bere bihotzak Jainkoagana, eman ziren nigarretan eta barur egiten, eta Jainkoa konsultatu zuten, hirurgarren aldian, yakitekotzat behar zirenez gehiago abiatu benjamintarren ondoan. Jainkoak manatu zioten abiatzeaz, eta erran zaroen garaitiar izanen zirela. Jaunaren hitza sinhetsirik, israeldarrak lothu zitzaizkon bideari, eta sethiatu zuten Gabaa. Zer gerthatu zen? Benjamintarrak, ikhusi orduko israeldarrak, athera ziren bere hiritik segur izan balire bezala eramateaz, ohi gisa, garaitia. Lehenik atakatu zituzten tropak, eman zitzaizkon, itxuraz, ihesari, bere artean konpartitu zutenaren arabera, eta antze haen bidez, sar-arazi zituzten saretan bezala: gordeak zaduzkaten lagunak agertu ziren, bet-betan: molde huntan, inguratu zituzten benjamintarrak, alde guzietarik eta hil izan ziotzoten, egun hartan, hogoi eta bortz milla eta ehun gizon, eta heien hiriak izan ziren herrauts eginak. Bakharrik sei ehun benjamintar itzuri ziren desmasia hartarik. Ihes egin zuten mortutarat: hek behar zuten egun batez, altxatu benjamintarren tribua edo populua.

        Sarraski hartarik lekhora, israeldarrei min zitzaien ikhusteaz bere arteko tribu bat arras galdua. Yuramentu eginak ziren etzutela bere alabetarik batere ezkonduren benjamintarrekin; halarik ere, izan zuten tribu haren altxatzeko antzea hautsi gabe bere yuramentua. Huna nola. Gal-arazi zituztenean Jabes zaritzon, Galaadeko yendeak, etzirelakotzat gudukatu, hek bezala, utzi zioten bizia heien alabei; eta ezkondu izan zituzten sei ehun benjamintar, mortutarat ihes egin zutenekin. Ezkontza heien bidez, begiratu eta emendatu izan zen denboraekin Benjaminen tribua.

        Elizako aitek ederretsten dute Jaunaren probidentzia benjamintarren alderat. Ez da egundaino gerlaterik hasi hain sainduki nola israeldarrena. Halarik, zehatuak dire, bi aldiz. Jainkoak, san Gregorioren arabera, nahi izan zuen erakutsi zein garbi izan behar diren bertzeren hutsak punitu nahi dituztenak. Bekhatuaren kutsurik ere gabe izan behar laite laguneen gaixkien ondoan abiatzekotzat. Saindu berak dio khar gaiski erregelatu bat dela, bat-bederak, bihotza ungi xahu ez duenean, nahi izatea bertzeak bere hutsetarik garbitu.

        Jainkoak irakhatsten daroku oraino benjamintarren etsenpluaz, nolako amudioa izan behar dugun elkharrentzat. Bortxaz, eta ezin bertzez, egin behar diogu gure proximo lagunari bide-gaberik ttipiena. Baldin baitezpadako premia batek hartarat erakhar bagintza, orduan ere egin behar ginduke egin ahal guzia eztitzerat eta arintzerat bidegabe, edo damu hura.

        Israeldarrek urriki izan zuten benjamintarrei egin izan ziotzoten gaixki guziez, eta lehiatu izan ziren altxatzerat berak eror-arazi, eta gal-arazi zuten populua. Errana behar othe da bada giriztinoek ez dutela heien bihotz-ontasun bera? Ikhus othe dezakete odol hotzean eta antsikaberik, galtzen elizaren golkhoan, ez dut erraten, herri oso bat, ez eta familia bat, bainan arima bakhar bat ere? Zer lehia, zer khar ez dugu behar erakutsi ikhusten dugunean gure anaia urrundua Jainkoaganik, haren amultsuki erakhartzekotzat bere salbatzailleaganat?

 

aurrekoa hurrengoa