www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXVIII. KAPITULUA

Belen idola.
Daniel lehoinen baltsan.

Dan. 14.

 

        Nabukodonosorek utzi zioen, hiltzerakoan khoroa Ebilmedorak bere semeari. Haste-hastetik seinalatu zen printze hunen bihotz ontasuna. Athera zuen presondegitik Jekonias hogoi eta hamar urthe hetan burdinetan zena. Altxatu zuen bere ingurutan zituen errege guziez gorago, era berekin yan-arazten zion, egun guziez.

        Danielek ere Ebilmedoraken mahainean yaten zuen, etzen bat hura bezain barna sarthurik erregeren bihotzean. Babilonen zuten idola bat munduak adoratzen zuena, eta guziak hirrigarriki enganarazten zituena. Ofrendatzen zitzaizkon, egun oroz, hamabi zakhu irin hoberenetik, berrogoi zikhiro eta sei yarro handi arnoz betheak. Erregek ere adoratzen zuen idola hura: bertzelako zuhurtzia zuen Danielek. Profeta hau sobera zen argitua eta fedeaz animatua ez hobeki arrazoinatzekotzat. Etzuen arbuiorik baizen Jainko faltsoentzat. Bethi egiazko Jainkoari zarraikon.

        Erregek galdetu zioen: zergatik ez duzu adoratzen Belen idola? Profetak ihardetsi zion: ez baidut batere sinhetsterik gizonek eginak diren Jainkotan; bainan bai zerua eta lurra egin dituen Jainkoa baitan. Uzte duzu bada, zioen erregek, Bel ez dela Jainko bizi bat? Ez duzu bada ikhusten nola, egun guziez, yaten eta edaten duen? Danielek ihardetsi zuen hirri aire batekin: o! erregea, etzaitezela engana, Belek ez du yan egundaino; lurrez da egina. Errege sumindu zen aphezen kontra; erran zioten hil-araziren zituela baldin Belek ez bazuen yaten; eta yaten balin bazuen, Danielek galduko zuela bere bizia Jainko haren blasfematzaille bezala. Guziak konpuntu ziren gauza horren gainean. Errege sarthu zen tenpluan, erakharri ondoan Belen aitzinerat yanari eta edari ohituak. Danielek, ordu berean, estali zuen hautsez idolarat heltzeko tenplu barneko bidea; eta athera zen handik erregerekin batean. Hertsi zuten tenpluko athea, eta ezarri haren gainean erregeren zigillua.

        Idolaren aldarearen azpian zen athe gorde bat, eta handik sartzen ziren, gau guziez, aphezak hartzekotzat Beli ofrendatzen zitzaizkon yan edariak. Gau hartan ere harat ziren bere emazte eta umeekin, eta iretsi zituzten idolaren aitzinean ziren yateko eta edateko guziak.

        Biharamun goizean errege ethorri zen Danielekin tenplurat. Aurkhitu zuten athea, berek utzi zuten bezala, eta bere zigilluarekin. Erregek ikhusi zueneko urrundanik etzela deusere Belen aitzinean ezarria zen mahainean, abiatu zen erraten idola hura errespektagarria zela, eta etzela gaixtakeriarik eta tronperiarik aphezetan. Danielek ezin baratu zuen bere hirria othoitztu zuen errege ez sartzeaz barnerat, eta ikhusteaz lurrean gizon eta emaztekien oinen arrastoak. Printze hark ezagutu zuen enganatzen zutela. Har-arazi zituen aphezak. Aithortu zuten, bere gaixtakeria: kondemnatuak izan ziren heriotzerat. Ebilmerodakek erran zioen Danieli etzuela gehiago adoratuko Bel, eta egin zezala idola hartaz nahi zuen guzia. Danielek egin zuen idola hura ehun zathi, eta tenplua bi erdi.

        Babilonen bazen bertze Jainko faltso bat, hiri hartakoek adoratzen zutena. Hura zen dragoin izigarri bat. Erregek nahi izan zuen erakharri Daniel idola haren adoratzerat, zioelarik: aithortu behar duzu hau bederen egiazko Jainko bizi bat dela. Danielek ihardetsi zioen: o! errege, zuk hala nahi bazindu, ez nuke ezpataren ez eta makillaren beharrik dragoin horren hiltzekotzat. Erregek erran zioen: egizu nahi duzuna. Orduan Danielek egin zuen ophil bat bezala bikhez, urinez eta illez orhatua. Dragoinak leher egin zuen yan zuenekotz ophil hartarik.

        Babiloniarrak yarri ziren suminduran. Erran zioten erregeri, baldin ez bazioten libratzen Daniel eskutarat, hillen zutela bera. Errege izitu zen, eta largatu zioten profeta. Etzuten denborarik galdu: artiki zuten berehala lehoinen baltsarat. Egon zen, sei egunez, heien lekhu berean. Baziren zazpi lehoin goseak zaduzkatenak hobeki iretsteko gizon saindu hura.

        Jainkoa orhoitzen zen bere zerbitzariaz. Erran zioen, aingeru baten bidez, Habakuk profetari, heltzeaz bere langillentzat zaraman bazkariarekin Babiloniarat, Danielengana. Habakuk profetak ihardetsi zuen etzakiela non zen ere Babilonia, eta hain guti zakiela Daniel aurkhitzen zen lekhuaren berri. Aingeruak hartu zuen illetarik, eraman zuen, momento batez, Babiloniarat, eta ezarri zuen lehoinak ziren lekhuaren hegian. Habakukek deithu zuen Daniel, erraren zioelarik: Jaunaren zerbitzaria, har ezazu hark berak egortzen darotzun bazkaria. Daniel mintzatu zen hitz hautaz: o! ene Jainkoa, orhoitu zara nitaz, gogoan dauzkatzu maite zaituztenak. Hitz hauk erran eta, emantzen yaten, eta aigeruak eraman zuen Habakuk hartu zuen toki bererat.

        Zazpigarren egunean, errege hurbildu zen lehoinen egoitzarat. Hilla zadukan Daniel, auhendatzen ere zuen gizon saindu hura. Ordean ikhusi izan zuen profeta deskantsuki yarria lehoin guzien erdian. Errege harritu zen guzia; erran zuen gora: Danielen Jainkoa, ala handia baitzare! khen-arazi zuen berehala profeta lehoinen lekhutik, artik-arazi zituen harat haren etsaiak, eta izan ziren, begia itzul orduko, zathitan emanak eta iretsiak. Erregek erran zituen oraino hitz hauk: lurreko populu guziek adora bezate ikharaekin Danielen Jainkoa. Hura da hanbat mirakuillu egin duena lurraren gainean, eta Daniel athera duena lehoinen artetik.

        Danielen saindutasunari, eta zerutik zituen fagore seinalatuei, etzagokoten izatea arbuiatua eta largatua lehoinen errabiarat; ordean zer da gizona urrunduz geroz Jainkoaganik, eta zer ez dezake egin bere itsumenduan? Egiaren argiak denborarekin sunsi-arazten ditu ilhunbe guziak. Bihurtzen zaio berthuteari zor zaion yustizia. Ebilmedorakek ezagutu zituen bere enganioa eta Danielen saindutasuna; ordu beretik, onhetsi eta errespetatu zuen profeta handi hura, yazarri zioten haren etsaiei berei, eta izan ziren lehoinez iretsiak. Garrazki punituak balire konseillu gaixto emailleak, eta, bere gezurrez, bertzei bidegabe erakhartzen diotenak, hobenik gabeak ez litezke urrikaltzeko, gaztigu guziak eror litezke gaixtaginen beren gainerat; ordean zer gerthatzen ohi da? Ikhusiko dugu berthutea beheratua eta kondemnatua berriz gaixtakeria altxatua eta saristatua. Dezagun adora Jaunaren probidentzia zuhurra. Guziak gure oñetan egortzen ditu. Atsekabeak eta kalumniak berak dire zeruko hanbat dohain prezagarri salbamendurat darontsatenak.

 

aurrekoa hurrengoa