www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXV. KAPITULUA

Sansonen heriotzea

Yui. 16.

 

        Oxala! Sansonek erakutsi balu emazteki baten alderat, lehoinen zathikatzeko, eta berak bakharrik armada oso bati buru egiteko agertu izan zuen indar bera! Bainan ez: errana izan behar zen Dalilaren artifizioek gal-arazi zutela gizon guzietarik sendoena.

        Sansonek egin zituen adiskidetasunak emazteki filistindar, Dalila zaritzon batekin: filistindarren printzeek, ikhusirik gauza, agindu zioten emazteki hari dirutze handi bat, yakiten balin bazuen Sansonenganik nondik heldu zitzaion indar espantigarri hura, eta zer egin behar zen hartaz yabetzekotzat. Dalilak erran zioen beraz Sansoni: erradazu othoi, nondik duzu hazkartasun handi hori, eta zerekin behar zintuzkete lothu zu eskuratzekotzat? Sansonek ihardetsi zion: baldin estakatzen banindute zazpi zumeez, bertze gizonak bezain herbal ediren naite. Dalilak gorde-arazirik yendeak gela batean, estakatu zuen Sanson, hark erran bezala: gero, egin zioen oihu: Sanson, filistindarrak hemen dire zure hartzerat ethorriak. Sansonek, berehala hautsi zituen bere lokharriak, den errexkiena. Dalilak egin ziotzan bere errenkurak, erraten zioela trufatu zela hartaz: behartu zuen, egundaino bezala, egiaz mintzatzerat. Aldi hartan ere, Sansonek tronpatu zuen Dalila, erranik hari bere indarra gal-arazteko egin ahal zitekeien gauza bakharra zela, haren illeak lothzea zur baten birundan. Dalilak egin zuen hala; ordean oihu egin zuenean filistindarrak han zirela, Sansonek hautsi eta porrokatu zituen guziak.

        Dalila antzetsuak ikhusirik yokatua zela, erakutsi zioen Sansoni bere damu mina, erraten zioelarik ageri zela etzuela harentzat amudiorik: hanbat eta hunenbat behartu zuen Sanson, egun osoz, bere nigarrez eta lausenguez, non azkenean amoratu baitzuen, eta erakharri egiaz mintzatzerat. Sansonek beraz aithortu zuen gauza, zen bezala: erran zioen emazteki hari: bizar nabalak ez du egundaino ukitu ene burua, nazareendarra naizelakotzat, erran nahi da Jainkoari konsekratua ene amaren sabeletik. Baldin moxten badute ene buruko illea, neure indarrak egin du, eta bertze gizon guziak bezain herbala gertha naite. Dalilak ikhusi zuenean Sansonek zabaldu zioela bere bihotza, gaztiatu zioten filistindarrei hurbiltzeaz: zatozte (erraten zioten) zatozte, orai ere: aldi huntan bederen yakintsun egin nau gauza guziez. Filistindarrak hedatu ziren emazteki haren etxerat, agindu zuten diruarekin. Dalilak lokhar-arazi zuen Sanson bere belhauneen gainean: ebak-arazi ziotzon buruko illeak, eta urrundu zuen bereganik, oihu egiten zioela: Sanson, huna filistindarrak zure hartzerat ethorriak. Sanson iratzarri zen berehala, eta bazarontsan bere buruarekin: atherako naiz bai, ohi bezala etsaieen eskutarik. Etzakien alabainan Jainkoa urrundu zela harenganik. Filistindarrak yabetu ziren hartaz, lehertu ziotzoten begiak, ezarri zuten presondegi batean gatheztaturik, eta kondemnatu zuten ihara-harriaren biratzerat. Denboraekin, leheneko indarra ethorri izan zitzaion illeekin batean, orai ikhusiren dugun bezala. Filistindarrek egin izan zuten bezta handi bat seinalatzekotzat Sansonez yabetzeaz zuten bozkarioa. Bildu ziren hirur milletaraino, dela gizon, dela emazteki. Othuruntza handi bat egin zuten ondoan, erakharri zuten Sanson nahiz eman populuari dostatzeko bidea. Etziren gaixki atzemanak gerthatu. Idoi humiliagarri hark zaurthu zuen Sansonen bihotza. Eman-arazi zuen bere burua etxe guzia zadukaten harroinen aldean. Han egin zioen Jainkoari othoitz hau: ene Jainko Jauna, orhoit zaite nitaz. Bihur diezadazu lehen nuen indarra yazartzekotzat filistindarrei ene begien gal-arazte sari. Othoitz hartarik lekhora, hartu zuen esku bakotxean harroin hetarik bana, eta iharosi zituen ezin erranezko borthitztasunarekin; eror-arazi zuen etxe guzia lurrerat: eta hil izan zen, bere nahitarat, hirur milla filistindarren baltsan. Molde huntan, Sansonek, iskribu sainduak erraten duen bezala, yende gehiago hil arazi zuen bera hil zenean, ezen-ez bizi zela.

        Erran dezakegu gauza bera gure salbatzailleaz. Arimeen etsai gehiago garaitu izan du hil izan denean bere nahitarat, ezen-ez bizi zenean. Heriotze lorios hartaz izan ziren urmariatuak Satanen urgilua eta haren bothere kaltekhorra. Sansonen historioan edireten tugu abisu hainitz zuhurrak. Aithor agun gizon hazkar hura urrikaltzeko zela erortzeaz emazteki baten botherearen azpirat! Ordutik, galtzen ditu bere ille guziak, erran nahi da, bere berthute guziak; ordutik, lehertzen diotzote begiak, erran nahi da, khentzen diotzotela bere argi guziak; ordu beretik, kondemnatua da errota-harria itzultzerat; erran nahi da, azienda baten pare bilhakatzen dela, nekhea yasan behar duela. Estatu lastimagarria halako gizon batentzat! Horra bizkitartean gutarik bat bederaren zorte ondikozkoa urruntzen garenean Jainkoaganik. Ordutik, arimak galtzen du bere indarra; ordutik, phulunpatzen da ilhunbe lodienetan; ordutik erortzen da etsai gaixtoaren gathetan; ez da hurren orhoitzen zeruaz; largatzen dio bihotza munduari. Jainkoaganik urruntzen garen ordutik, behere huntan bilhatzen dugu gure zoriona. Ordean zer gerthatzen da? Munduko atseginak berak dire gure nahikabeen emendatzailleak, ala urrikalgarri baida beraz arima gaxo bat Jainkoa utzirik, munduari lothzen zaioena! Athera nahi bada etsaiaren gathetarik, yarraiki behar zaio Sansonen etsenplu zuhurrari. Sansonek othoitztu zuen Jainkoa egor ziotzon leheneko indarrak: bekhatoreak orobat othoitz egin: behar dio bere Jaun soberanoari, arren lagun dezan bere grazia sainduaz sartzekotzat haren amudioan. Jainkoagana finki itzultzen denak hautsten tu etsaiaren gatheak; bizi da, mundu huntan ez balitz bezala; hil-arazten ditu, bere bihotzean munduaren alderako yaidura gaixto guziak, eta darama bere bizi guzia Jainkoarenganako amudio ezti eta salbagarrian.

 

aurrekoa hurrengoa