www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LX. KAPITULUA

Jourdaingo ura bertze alderat iragatea

Jos. 3

 

        Moise hil zenean, Jainkoak eman zioen Josueri bere populuaren aitzindaritasuna; erraten zioela: zurekin izanen naiz Moisekin nintzen bezala. Zutaz artha izanen dut; begira zazu xoilki Moise ene zerbitzariak utzi dautzun legea: ez hartarik batere aldara, eta gauza guziak zure gogara gerthaturen dire: ez izan deuseren beldurrik: zaude tieso eta animoz bethea: norat nahi zohazen, zurekin izanen duzu Jainko zure Jauna. Israeldarrek ezagutu zuten Josue bere buruzagitzat, eta ekharri zioten obedientzia oso bat.        Aitzindari berri hark erakharri zituen bere yendeak beregana. Erran zioten iragan behar zutela Jourdaingo arribera, hirur egunik barnean; bil zezatela beraz aphur bateko yanaria. Hirur egun hek iragan zirenean, Josuek adi-arazi zioten guziei beha ziozotela arkari, eta noiz ere ikhusiren baitzuten arka arriberaren gainean, orduan aitzina zitezela iragatekotzat ur hura; ordean egon zitezela bi milla beso arkatik urrun. Manatu zioten aphezei sartzeaz arkarekin ur hartan, eta trikatzeaz egin ondoan zenbait hurrats. Arribera hark laster ezagutu zuen arka bere gainean zakharkela. Aphezeen oinen azpiko urak egin zuen berehala bide: xukatu zen guzia. Aphezek atxikitzen zuten arka populu guzia hel arteraino arriberaren bertze hegirat. Bat-bederak iragan zuen ur handi hura, oinik busti gabe.

        Josue ikhasia zen Moiseganik behar zela lehiatu Jainkoari eskerrak bihurtzerat bere laguntza seinalatzen zuen aldi guziez. Gogoan zakharkeien Jourdaingo arriberan egin zitzaion fagore mirakuilluzkoa, eta eman nahi izan zuen bere bihurkhundearen bethiereko seinale bat. Hortakotzat, manatu zuen bereziren zirela hamabi tributan hamabi gizon: hartuko zutela harri bana uraren erditik, aphezak baratu ziren lekhu berean: nahi zuen egin zezaten, harri hetaz, lur gogorraren gainean aldare bat bezala, ethorkizunerat baliatuko zena seinaletzat zer mirakuilluz israeldarrek iragan zuten Jourdaingo ura. Josuek manatu zuen oraino, gizon hek berek har zezaten Jourdaingo hegian bertze hamabi harri, ezar zitezen aphezak gelditu ziren lekhuan, eta molda zadin hetaz bertze aldare bat bezala, egonen zena ur haren erdian. Arka zaramaten aphezek izan zuten manua ilkitzeko ur haren erditik. Ez ziren hain laster leihorrerat, non geldi-geldia zatzan arriberak hartu baitzuen, bet-betan, bere leheneko abiadura borthitz guzia. Ikhusi izan zen, egun hartan, Josue zein gizon handia eta errespektagarria zen. Ordudanik aitzindari berri haren ospea eta ohorea finkatu izan ziren israeldarren izpirituan.

        Jainkoak ematean gure begietarat aiphatu dugun mirakuillua, irakhatsten daroku, egun oroz, egiten eta menderen mende, eginen duen mirakuillu zorionezkoa begiratzen duenean bekhatore dohakabea galdua izatetik, eta sar-arazten duenean salbamenduko bidean heltzekotzat zeruko erresumarat. Bekhatoreak ezagutu behar du bere ezdeustasuna, eta Jaunaren graziaren mirakuillu bat behar zela haren bekhatuzko gathe lodien hauts-arazteko, eta haren bihotza Jainkoaganat altxatzeko: horrek berak erakharri behar du bere baitan sartzen den bekhatorea amodioz bezala, bihurkhundez ere bethea izaterat bere salbatzaillearen alderat.

 

aurrekoa hurrengoa