www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXIX. KAPITULUA

Booz ezkontzen da Ruthekin

Ruth 3.

 

        Ruthek bildu zituen, aiphatu dugun landan, hirur gaitzeru bihi, eta eraman ziotzan amaginharrabari. Noemik galdetu zioen non ibilhi zen buruzkaketan: Ruthek ihardetsi zion Boozen landan bildu zituela, eta landaen yabe hark arraitasun handirekin hartu zuela. Horren gainean, Noemik erran zion Ruthi: ene alaba, gogoan darabillat zure ezkontzea, ungi izanen zaren bezala. Booz gure ahaide hurkoa da. Heldu den gauean haizaturen du bere garagarra, eta landan etzanen da: urrin-onez gantzu zaite, eta yaunts zatzu soinekorik ederrenak. Beira ordean Boozek ikhus zaitzan. Begizta zazu haren etzantzaren tokia. Noiz eta ere lokharturen baida, orduan zohazi haren oinetarat: berak erranen darotzu zer egin beharko duzun. Ruthek etzuen, urrun da, eginen, bere baitarik, halako hurratsik; ordean obeditu nahi izan zuen bere amaginharraba. Booz, afaldu zenean, etzan zen belhar meta baten gainean: Ruth lerratu zen emeki-emeki haren oinetarat. Gau-erditsuan, Booz iratzarri zen, eta laztu ikhusteaz norbait etzana haren oinetan. Galdetu zioen berehala: nor zara zu? Bertzeak ihardetsi zioen: ni naiz Ruth zure neskatoa: ahaide hurkoa zaitut, eta legearen arabera, banuke zurekin ezkontzeko zuzena. Boozek erran zion: egia da, zure ahaide naiz, eta nola zure berthutea ospe handitan baida hiri guzian, ekharria naite zuree esposatzerat; ordean baduzu bertze ahaide bat ni baino hurbillagoa, nik baino zuzen gehiago duena zurekin ezkontzeko. Bihar goizean yakinen dut haren berri, eta ez balin bada nahi baliatu bere zuzenaz, hitz ematen darotzut esposaturen zaitudala. Ruthek iragan zuen gau hura emazteki Jainkotiar bati dagokion modestia guzian. Goiz alderat, bihurtu zen Noemirengana Boozek eman ziotzan sei gaitzeru garagarrekin, eta xehatu ziotzon gauza iragan guziak.

        Goiz hartan berean, Booz yarri izan zen hiriko athean, han ziren yendeen baltsan. Ikhusi zuenean Elimeleken bertze ahaide hura erakharri zuen beregana, eta mintzatu zitzaion, hiriko hamar zaharren aitzinean hunela: Noemik saldu nahi du Elimelek, gure ahaidearen landaren zathi bat. Ahaide bezala, yabe zaitezke lur hartaz; ez balin bazara hartarat ekharria, aski duzu erratea yakin dezadantzat zer egin behar dudan; ezen ni naiz, zure ondoan, ahaiderik hurbillena. Bertzeak ihardetsi zion: erosiren dut landa: Boozek, horren gainean erran zioen: landa erostekotan, behar zara ezkondu Ruth, zure ahaide zenaren alhargunarekin, haren izena gal ez dadintzat ondoriotan. Horrela denaz geroz, dio bertzeak, ez dut landa haren gutiziarik: sar zaitezke ene zuzen guzietan.        Orduan Boozek erran zioen ahaide hari khentzeaz bere zapata, bere zuzena utzten zioelako seinaletzat. Hala egiten ohi zen israeldarren artean, halako ordutan. Gero hartu zituen zaharrak eta populua lekhukotzat nola erosten zuen Elimexeren eta haren umeen primuza, eta nola hartzen zuen Ruth bere emaztetzat, nahiz begiratu aitzinekoen izena. Guziek, boz batez, erran zuten gauza heien lekhuko zirela, eta desiratu ziotzaten milla benedikzione Boozi eta Ruthi. Boozek izan zuen ezkontza hartarik ume bat, Obed zaritzona. Noemik izan zuen haur hartaz egiazko unhide, edo ama batek izan ahal zezakeien artha guzia. Obed hau gerthatu zen Isaiaren aita eta Dabid erregeren aitasoa.

        Izpiritu gaixkirat itzuliek, eta bertzeak arinki kondemnatzerat ekharriak direnek, aurkhituren bide dute zerbait errateko Boozen eta Ruthen gainean. Oxala balute bi presuna Jainkotiar hauien berthutea eta fede zabala! Nahi dut, iduritik hartzerat, gaiski bat zela, Ruthen aldetik, gauaz Boozen ingurutarat hurbiltzea, eta Boozek ere etzuela, gure iduriz, halakorik laudatu behar: ordean izan dezagun heien fede on eta zuzentasun bera: sinhets dezagun lanhoki Jaunaren probidentzia zabillala ordu hartan.

        Jainkoak, dio san Anbrosiok, irakhatsi izan nahi daroku Ruthen etsenplu miragarriaz, ez dabillala gure ethorkiaren, ez eta gure arbasoen saindutasunaren ondoan, bakharrik gure berthuteari, gure bihotzaren garbitasunari behatzen dioela. Gauza miretstekoa! emazteki moabitar bat, buraso idolatretarik heldu zena altxatua da bere bizitze sainduaz, lurraren gainean gertha ahal daiten ohorerik gorenerat! Sartzen da Jesu-Kristoren iralgi loriosoan eta salbatzaillearen amaso izaten da! zer goratasun! Legeak debekatzen zioten yuduei ezkontzeko gogoa bera moabitar emaztekiekin; eta Ruthek hunenbat fede agertzen du non merezi baidu, ez xoilki yudu batekin ezkontzea, bainan oraino Jesu-Kristo athera dadin haren ethorkitik, eta bera gertha dadin salbatzaillearen amaso.

        Ruthek erakutsten daroku, san Anbrosio beraren arabera, Jainkoa lazoki eta kanpotik zerbitzatzea, gauza aphurra dela. Zerbait gehiago galdetzen du gureganik. Ez dugu ezarri behar gure fidantzia eta ohore guzia giriztinoaren izen xoilean, yuduek haragizko sakrifiziotan eta Abrahamen izenean ezartzen zuten bezala. Ruthek irakhatsten daroku oraino bortxatu behar ditugula gure buruak Jainkoari yarraikitzekotzat, eta lehiatu behar garela, gure fedearen kharraz, bizitzerat eliza sainduaren ume leihal bezala. Orhoit gaiten bethi lehen erran dugunaz: Jainkoak ez ditu bilhatzen bertzeren merezimenduez berreginduak direnak, edo gizonen begietan baizik garbi ez direnak. Gure salbatzaille maitea bihotzaren humiltasunari darraiko. Berthute huntan datza egiazko garbitasuna. Bai, humiltasunak egiten du Jainkoaren araberako giriztinoaren zimendu funtsezkoa. Humiltasuna gabe ezin daite iraupenik berthutean. Ez da zeren miretsi baldin saindu batek, mintzatzean bihotzaren humiltasunaz, erraten badu, hura dela garbitasunaren garbitasuna, eta berthute guzien erregina.

 

aurrekoa hurrengoa