www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI. KAPITULUA

Noen arka.

Gen. 6.

 

        Kain, bere anaia hiltzerat erakharri zuen izpiritu berak, lauster bethe eta lohitu izan zuen lurra gaitz fuerte guziez. Gizonak emendatzen zirenen eredura, gaixtakeria ere orobat zohan emendatuz. Adame hil zeneko, haren umeen malezia hain gora higan zen non Jainkoak ezin yasan baitzezakeien. Damu min batekin ikhusten zuen, iskritura sainduaren arabera, gizon guziak emanak zirela gaizkirat. Etzuen aurkhitzen hetan bere obraren arrastorik eta seinalerik. Urrikitu zitzaion zeren egin zuen gizona, desohoratzen eta laidoztatzen zuelakotzat lurra, haren loria eta berregintza egin behar bidean. Hartu zuen beraz xedea funditzeko gizona, eta harekin batean lurreko aliamalia guziak, nolazpait ere kutsatuak zirelakoan haren bekhatuan; ordean hobenezko uholde hartan, gerthatu zen bakhar bat inozentzian begiratu zena: hura zen Noe: hunek ardietsi zuen grazia Jainkoaren aitzinean; eta noiz ere baitzen gure kreatzaillea gehienik tarritatua munduaren kontra, ordu hartan berean, Noe agertu zen, iskritura sainduak dioen bezala, munduaren fagoratzaille. Haren arartekotasunaz eta haren bidez izan zen mundua begiratua arras galdua izatetik.

        Jainkoak beraz erran zioen Noeri lurra punitzeko xedea zaramala uholde guzietarat hedatuko zen batez. Ordean zeren ezagutu zuen justutzat, eta etzelakotzat partaler bertze gizonen gaixtakerian, aditzen zuela haren hastanteea eta berextea bertze guzietarik, izan etzadintzat bertzeen baltsan punitua, eta zigorrada beraz zaurthua. Hortakotzat Jainkoak manatu zioen Noeri egiteaz arka, edo dorre bat, eta erran zioen nola, eta zer konpasutakoa izan behar zuen. Nahi zuen dorre hura Noeri eta haren familiari, gainerako aliamaliekin batean, balia zakioten ihes-lekhutzat uholdea heldu zenean.

        Noek egin zuen Jainkoak manatu guzia. Eman zituen ehun urthe dorre hura osatzen. Orduko gizonek ikhusten zuten obra handi hura; bazakiten zer erran nahi zuen; zer xederarat zen egina; halarik ere phulunpatuak zauden bere itsumenduan. Hulako ez antsiatasun batek heien aldetik, aditzerat ematen zuen Jesus Kristoren arabera, gure mendeko giriztinoen sorraiotasuna; eta, egiaz, badakite Jainkoak zer mehatxu ikharagarri egiten dioten: orduko yendeak uholdeak atzeman zituen bezala, hek ere, izan daitezkela herioaz atzemanak, ez badire lehiatzen atheratzerat bere deserregela mendutarik. Gure Jainkoak, nekhez, eta ezin bertzez, punitzen du bekhatorea. Ematen du, bere aserradura handienean berean, bere ontasunaren zenbait seinale amultsu, hala-nola uholdeaz aitzinago, gizonak urrundanik yakintsun egitean heientzat zagoen zorigaitzaz; eta hori, nahiz hek bere baitan sar-arazi. Gauza bera egiten du, orai ere, gure alderat, mehatxatzen gaituenean bere yuiamenduaren garratztasunaz: senti-arazten daroku arbuiatzen baditugu haren abisu zuhurrak, lehenagokoek arbuiatu zituzten bezala, orobat izanen dela gutaz. Bekhatoreen ostea gertha baledi ere ezin kondatuzkoa, ez balitz ere lurraren gainean gaixtaginik baizen, ez laitezke gutiago Jainkoaz punituak. Uholdean gerthatu izan dena ahal da egia hunen frogarik konpliena. Aitarik hoberena, ordean denbora berean, yuierik zuzenena den hark ematen daroku adi-arazterat haren miserikordiez baliatzen ez dena, noiz edo hoiz, eroriko dela haren justiziaren menerat eta eskutarat.

 

aurrekoa hurrengoa