www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXXVIII. KAPITULUA

Dabit eta Goliath

1. Erreg. 17.

 

        Biztu izan zen gerla berri bat filistindarren eta israeldarren artean. Batzuk eta bertzek bildu zituzten bere indar guziak, hurbilduak ere ziren elkharganat. Filistindar bat extranioki handia zena gorphutzez, ez gutiago urgiluz, Goliath zaritzona, agertu zen berrogoi egunez, israeldarrei trufa eta idoi egiterat, erraten ziotelarik, oihuz: zerentzat nahi zarete guziak gudukatu? egizue hobeki; hauta zazue bat zuen artean, eta bedi guduka ene kontra. Eramaten badarot bizia, yarriren gara zuen gathibu: hala-hala, nik garaitzen balin badut, eta gabetzen balin badut bere biziaz, gure meneko beharko zarete. Saulek eta israeldarrek ezin ikhus zezaketen izigarriki handia zen gizon hura laztu gabe: horrek berak erakhartzen zuen Goliath burfudia guzietarat, erraterainokoan ere desafio eman zioela israeldarren armada osoari, eta etzela bat atrebitu haren aitzinean agertzerat.

        Dabit, Isairen semea, etzen, ordu hartan, erregerekin: bihurtua zen Bethleemerat zaitzekotzat bere aitaren arthaldeak, eta bazituen hirur anaia armadan. Egun batez, hala beharra! Isaik egortzen du Dabit bere haurridetarat yateko zerbaitekin. Hetarat zen, xuzen-xuxena, bi armadak elkharri lothzerat zohazela: Dabitek utzi zituen berekin zaramatzan gauzak, eta egin zuen laster guduko lekhurat. Harat zeneko, horra non agertzen den Goliath, ohi bezala, bi armadeen erdian, egundainoko burfudia eta desafio bereekin, eta non ihesi egortzen dituen israeldar iziperak. Bertzelako animoa erakutsi zuen ordean Dabitek: erraten zioten ingurutan zituenei: zer luke saritzat filistindar hori hill lezakenak? borra lezakenak israeldarren laidoa? Ihardetsi zitzaion: baldin edireten balitz norbait Goliath hill lezakena, erregek eman liozokela nahi bezanbat ontasun, bai eta bere alaba ezkontzan. Eliab, Dabiten anaia zaharrenak, entzutean solas hek, erran zion bere haurrideari: zer tutzu elhe horiek? Zer egiteko duzu zuk hemen? Non zabiltza ardiak trebes utzirik mortuan? Ezagutzen dut zure xedea: gudukatzen ikhusi nahiak erakharri zaitu alde hautarat. Dabit urrundu zen bere anaiaganik; ordean gauza bera zioen heltzen zen lekhu guzietan.

        Saul egin zen yakintsun Dabiten solasez, eta erakharri zuen bere aitzinerat. Huna nola Dabit mintzatu zitzaion erregeri: nihork ez beza izan beldurrik filistindar hartaz: ekharria naiz haren kontra gudukatzerat: ez da errana ez dudala eskurako. Saulek erran zioen Dabiti: gaztegi zara; etzara gai buru egiteko filistindar, gudutan ohitua den hari. Dabitek ihardetsi zuen: ene aitaren arthaldea zaintzen nuenean, heldu ziren batzutan lehoinak eta hartzak, ardi arrapatzerat: ordu hetan, yarraikitzen nintzaioten ondotik, lothzen nintzaien, eta utz-arazten niotzoten zaramatzaten ardiak: heldu balin baziren ene gainerat, hartzen nituen zintzurretik, eta gal-arazten nioten bizia. Bada, gauza bera eginen dut filistindar haren alderat: lehoineen hortzetarik eta hartzeen aztaparretarik beiratu nauen Jainko hark berak beiraturen nau filistindar haren eskutarik. Saulek entzun zituenean gauza espantigarri hauk guziak, erran zioen Dabiti: zohazi beraz, Jauna dela zurekin: eman-arazi ziotzan kuirasa bat, erran nahi da, gerrontze-kara bat gorphutzean, altzairuzko kaska, edo kalota bat buruan, eta ezpata bat gerrian. Hauk guziak etziren Dabiten nekhatzekotzat baizik. Aurkhitzen zen planta berrian ezin hurren higui ere zitekeien; khendu behar izan zituen beraz bere kuirasa, bere kaska eta bere ezpata; etzen alabainan halakoekin ohitua; hartu zituen bere leheneko armak, zeinak baitziren makilla bat eta habaillak, eta abiatu zen filistindarraren kontra.

        Goliathek ikhusi orduko Dabit, burlatu zen hartaz, erraten zioela: zer egin gogo duk? Zer? makilla batekin heldu haiz enegana? Zertzat idukitzen nauk? Uste duk naski zenbeit zakhur naizela. Yakin ahal dezakek yan-araziren diotedala hire gorphutz ttipia aireko hegastinei eta lurreko aziendei. Goliathek egitearekin batean zenbait hurrats bere lantzarekin Dabitengana, Dabitek, harturik harri bat, erabilli zituen bere habaillak, landatu zuen harria Goliathen kopetaren erdian, eta artiki zuen ahuspez, lurrerat. Orduan ebaki zion burua beraren ezpataz. Heriotze hark hedatu zuen ikhara filistindarretarat, eta bozkarioa Israel guzirat.

        Dabiten etsenplu ederrak irakhatsten daroku ezartzen gure fidantzia guzia Jainkoa baitan. Etsai borthitzenak eta muthirienak, hala nola pasione nausituenak, laster dire garaituak eta ezdeustatuak Jaunaren laguntza sainduarekin. Goliathen suphertasunak erran nahi du, ez dela zeren kondatu hazkartasunaren gainean; Jainkoak beheratzen eta urmariatzen ditu supherraketa sendoak, altxatzen eta khoroatzen dituen denboran humillak eta munduaz arbuiatuak.

 

aurrekoa hurrengoa