www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXII. KAPITULUA

Amasias, Ozias eta Joathan
Judako erregeak

4. Erreg. 15.

 

        Amasias Joasen semea izan zen, aita hil zitzaionean, Judako errege. Hasteak onak zituen, eta Jainkoaren araberakoak. Oxala, ez balitz erori urgillerian! Yakin nahi izan zuen, bere zorigaitzetan, zer mundu zen haren erresuman. Aurkhitu zuen arma-gizonak heltzen zirela hirur ehun milletaraino: bertze alde bazituen oraino bere zerbitzuan ehun milla israeldar berezienetarik, Amasiasek ikhusi zuenean bere burua hanbat populuen erregetzat, eman zioen bere gogoari gudu egin behar ziotela israeldarrei. Eraman zuen garaitia handi bat heien gainean. Garaitia hura kaltiar gerthatu zen printze harentzat. Adoratu zituen berak etsaiei hartu ziotzaten idolak. Punitua izan zen. Handik laster Israelgo erregek hartu eta eraman-arazi zuen Jerusalemerat. Erreginatu ondoan hogoi eta bederatzi urthez, galdu zuen bizia bere azpikoen eskutarik.

        Amasias hil eta, populuak izendatu zuen Ozias erregetzat. Hamasei urthe zituen orduan. Printze hau Jainkotiar agertu zen, Zakaria profeta bizi izan zeino. Arte hartan bere gogara zohazkon gauza guziak. Gerorat largatu zitzaion suphertasunari, eta horra zerk egin zuen haren ondikoa. Sarthu zen Jaunaren tenpluan, eta nahi izan zuen intzensua ofrendatu. Azarias aphez-handia eta bertze lauetan hogoi aphez izan ziren Jainkoaren izpirituaz sustatuak, eta nahi izan zuten debekatu Ozias intzensua ofrendatzetik, erraten ziotela: ez dagotzu zuri, Ozias, intzensurik ofrendatzea; hori da eginbide bat hortakotzat konsekratuak diren aphezek bethe behar dutena. Ilki zaite lekhu saindu huntarik, eta ez horrela arbuia Jainkoaren legeak. Non ez, gostako zaitzu desobeditzeaz. Solas hau gaitzitu zitzaion Oziasi. Utztetik urrun inzensarioa eskutarik, mehatxatu zituen aphezak. Zer gerthatu zitzaion? Egin zen, ordu hartan berean, lepradun. Azariasek eta haren lagun aphezek ezagutu ziotenean Oziasi gaitz izigarri hura, khendu izan zuten tenplutik: etzen bera ere handik nahi bezain fite athera.

        Ozias hil zenean, altxatu zuten tronurat Joathan. Errege hau aski prestuki bizi izan zen. Akaz haren semea izan zen, aitaren ondoan, erregetzat ezagutua. Hogoi urthe zituen. Urrun da Dabiten idurikoa baitzen; aitzitik adoratu zituen Baalen idolak; eta haren etsenpluak erakharri zituen haren azpikoak gaixki bererat. Akaz tronurat altxatua izan zen bezain sarri, Rasim Siriako erregea, eta Fazee Israelgo erregeren semea, sarthu ziren Judean, nahiz khendu Akaz tronuaren gainetik, eta ezarri, haren orde, bertze bat Dabiten ethorkitik etzena. Ezin heldu ziren hartarat; zeren Jainkoak oraino urrikari baitzuen Akaz erregea; ordean hunenbat gaixtakerietan ohitua zen, non azkenean bereganatu baitzuen Jainkoaren haserradura saindua. Erori zen Israelgo erregeren eskutarat; eta Fazeek hil zituen, hogoi eta lau orenik barnean, Judako sei ehun milla gizon. Hauk guziak etziren oraino aski sar-araztekotzat Akaz bere baitan. Hartu eta zathitan eman zituen Jaunaren etxeko gauza eder guziak. Eragin zituen aldareak Jerusalemen eta Judako bertze hiritan ofrendatzekotzat intzensua idolen ohoretan.

        Uztez hobeki athera egitekotarik, Akazek egin zuen batasun edo allientzia bat asiriarrekin. Etzen hargatik deusetan aitzinatu. Salmanazar Ejiptoko erregeak, sethiatu zuen Samariako hiria, hartu ere bai, hirur urtheen buruan. Eraman-arazi zituen israeldarrak bere erresumarat: handik hedatu izan ziren Asiako bazter batzutarat, gehiago bihurtu gabe bere herritarat. Horra nola akhabatu eta desegin izan zen Israelgo erresuma, Judako erresumatik hastandu zenetik berrehun eta berrogoi eta hamabortz urtheen buruan.

        Zenbat etsenplu handi eta lazgarri ez dugu edireten kapitulu huntan! Ala artha guzizko batekin ihes egin behar baidiogu urgilleriari! Ondikoz! hedatua den bizio dohakabe hau ahal da gure zorigaitz eta arimako desmasia gehienen ithurburu phozoatua! Milletan dohatsu bihotzez humila dena. Ezagutzen du bere burua, beldurtasun zuhur eta fidantzia ezti batean daramatza bere egunak: ez du mundu huntako aberatstasunen eta ohoreen hirritsik, Jainkoaz dakusa guzia. Bere salbatzaille amultsua baitan bilhatzen du bere zoriona: harenganako amodioan edireten du bakharrik bere egiazko deskantsua.

 

aurrekoa hurrengoa