www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV. KAPITULUA

Agaren ihesa

Gen. 16.

 

        Abrahamek garaitu zituenean lau erregeak, eta izan-arazi zioenean Loti bere lehenbiziko libertatea, bizi zen bere egokian edo familian, deskantsu guzietan; ordean etzuen bere ontasun handien primurik, haurrik gabe kausitzen zen, eta hortan zatzan haren eskas guzia. Jainkoak, parte huntarik ere, bethe nahi izan zituen gizon saindu haren nahiak, eta saristatu bere emaztearen agorrasunean erakutsi zuen sumisione humila. Agindu zioen ume bat, iduri guzien kontra, Abrahamek ezagutzen zuen agintza hura erraten zioenaren botherea; batere trikatu gabe, sinhetsi zuen gauza; nahiago izan zuen ukho egin bere arrazoin naturalari, ezen-ez izan dudarik batere mintzo zitzaioenaren hitzaz. Sarak pena zuen ikhusleaz Abraham umerik gabe othoitztu zuen hartzeaz Agar, bere azpiko zuena, bere emaztetzat bezala, aurkhi zezantzat agortasun haren konsolamendua agor izanen etzen bere sehiaren baitan.

        Abrahamek, diote elizako aitek, konprenitu zuen Jainkoak berak erakharri zuela Sara proposizione haren egiterat, eta erori zen bere emaztearen nahirat; ordean denborak erakutsi zioen bere konsolamenduarentzat egin zuen gauzak, erran zioela aitzitik atsekabe berri bat. Agarek, ikhusi zuenean bere burua bere nausiaz hala ohoratua, eta zelakotz guzia bozkariatua ume bat izateaz Abrahamenganik, arbuiatu zuen Sara zeren zen agorra, eta etzion gehiago behatzen buruzagi baten oinean. Sarak egin ziotzan berehala bere errenkurak Abrahami: senhar saindu hunek eman zuen ezagutzarat etzela behintzat kutsatzen Agaren insolenzian, eta bakharrik, Saraen othoitzetarat, zadukala Agar bere emaztea balu bezala; libratu zuen sehi hau Saraen eskutarat, permetitu ere zioen trata zezan, berari zitzaion gisa.

        Sara baliatu zen bere nausitasun guziaz, eta gaztigatu zuen Agar, hulako moldez, non ezin gehiago yasanez dorphegi zitzaizkon tratamenduak, ilkhi baitzen etxetik, eta eman baitzizaion ihesari. Mortuan, ithurri baten hegian zelarik, agertu zitzaion aingeru bat; galdetu zioen nondik heldu zen, eta norat zohan Agarek ihardetsi zioen lanoki, bere nausiaren haserradurari ihes zabilhala. Horren gainean aingeruak manatu zioen bihurtzeaz Saraganat, humilia zadin haren aitzinean, eta ezagut zezan Sarak haren gainean zuen nausitasun zuzenbidezkoa.

        Horra nola Jainkoa baliatu zen aingeru batez, gauzak sar-araztekotzat bere estatu naturalean, zeinetarik desarrimuak eta pasioneak athera baitzituen. Ikhusi zuen, elizako aiten arabera. Agar ihes abiatzea etzela heldu Saraen garratztasunetik, bainan bai, Agarek berak zuen penatik Saraen azpiko ikateaz. Jainkoak etzuen kausitu erratekorik Saraen konportamenduan bazakien Agaren alderat agertzen zuen bortiztasun hura karitatetik heldu zela; kontentatu zen errateaz ihes zabilhan sehi hari, humilia zadiela Saraen begietan, eta ardiets zezala nausi haren arraitasuna bere sumisioneaz, eta haren alderako atenzione bereziez. Jainkoak ez du behinere desegiten justiziaren arrimua; eta horra zergatik, behartzen dituen bertzen azpiko direnak, bere buruzagien meneko izaterat, zer nahi grazia extraordinario ardietsi duketen harenganik. Amatasunak Agari eman zaroen suphertasunari yarraikitzetik urrun, Jainkoak aitzitik nahi du hanbatenaz emenda dadin gure humiltasuna, zenbatenaz baigara altxatuak; ezen nihor ez da haren aitzinean handi, humil zen eredura baizen.

 

aurrekoa hurrengoa