www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XCVI. KAPITULUA

Arka Jerusalemerat eramana.
Dabitek yotzen du manyura,
eta dantzatzen da arkaen aitzinean

2. Erreg. 6.

 

        Dabiten lehenbiziko lana sakratua izan zenean erregetzat, izan zen yabetzea Jerusalemeko, Sion zaritzon gaztelluaz. Jebuseandarren eskutan aurkhitzen zen orduraino. Dabitek egin zuen bere egoitza gaztellu hartan, eta horra zergatik deithzen zuten Dabiten hiria. Bertze alde, eraman zituen bi biktoria handi filistindarren gainean: hortik heldu zen ikharan baitzaduzkan inguru hek guziak.

        Aiphatu ditugun bi biktoria handitarik lekhora, Dabitek erakharri nahi izan zuen Jerusalenerat allientziaren arka, eta ezarri bere etxean. Arka hura zatzan Kariathiarimgo hirian, filistindarrek bere eskutarik largatu zutenetik geroz. Dabitek bildu zituen zeremonia eder hartakotzat, aphezak, lebitak, eta Israelgo buruzagi guziak. Hartu zuten arka Abinadabeen etxean, eta eman zuten orga berri batzutan. Oza eta Ahio, Abinadabeen bi semeak, ziren orgaren gidari. Dabit etzen, bide guzian, baratzen manyura yotzetik, eta etzen bozkariazko eta musikako xirola eta soinurik errepikatzen etzutenik arkaen aitzin gibeletan. Orga zaramaten idiak iziturik, makhur-arazi zuten aphur bat arka. Oza beldurtu zen eror zadin; beldur hark erakharri zuen hedatzerat eskua arkarat. Jainkoak punitu zuen oren berean, arkaen ukitzeko Ozak hartu zuen atrebentzia: erori zen han berean hil gogorra lurrerat. Ikhusgarri hunek laztu zuen Dabit, eta zaurthu haren bihotza Jaunaren alderako ikhara handienaz: erran ere zuen: nola sar daite Jaunaren arka ene etxean? Etzen nahi izan eginbide hartan eman: eta eraman arazi zuen arka Obededomeen etxerat. Arka egon zen, hirur hillabete, Obededomeen etxean. Jainkoak hedatu zituen bere benedikzioneak Obededomen eta haren ahaide hurbil guzien gainerat. Dabitek yakin zuenean benedikzione heien berria, hartu zuen, bigarrenean, arka bere etxerat hel-arazteko xedea; ordean eman zuen manua lebitek ekharriren zutela.

        Dabitek egin zuen bide Obededomeen etxerat: berekin zituen Israelgo zaharrak, eta armadetako aitzindariak. Lebitek hartu zuten arka bere sorbaldetan, eta sei hurratsetarik sei hurratsetarat, imolatzen zuten idi bat eta akher bat. Aphez eta lebita oste handi batek kantatzen zuten, eta yotzen musikako soinuak; etzen alde guzietarik entzuten bozkariozko oihurik baizik, eta Dabit bera, harizko arropa bat zuela yaunsturatzat, hari zen arkaen aitzinean dantzan, dio iskribu sainduak, munduan egin ahala. Sarthu zirenean hirian, Mikol Saulen alabak ikhusi zuen leiho batetarik, errege bere senharra dantzan hari zela arkaen aitzinean, gaixki hartu zuen Dabitek seinalatzen zuen allegrantzia hura.

        Zeremonia eder hartarik lekhora, Dabit bihurtu zen bere etxerat. Mikolek erran zion burlaz: ala Israelgo erregeak ohore hainitz egin baidio egun bere buruari, hirri eragiteaz mundu guziari! Dabitek ihardetsi zion bere emazteari. Jainkoak, utzirik zure aita, et zure etxeko guziak, berezi izan nau haren populuaren buruzagitzat: dantzatu naiz beraz atseginekin Jaunaren aitzinean, eta dantzaturen naiz berriz ere, beheitituren naiz oraino gehiago: arbuiaturen dut ene burua: ohore dadukat xehe eta aphal agertzea mundu guziaren begietan.

        Nor da, gure artean, ikharatzeko ez duenik ikhusteaz Ozaen punimendu lazgarria? Zer egin zuen? Zer zen haren gaixkia hill gogorra erortzeko? Beldur zen arka eror zadin orgetarik, eta haren xuxentzekotzat hedatu zioen eskua, Jainkoaren debekuaren kontra. Horra Ozaen bekhatu guzia. Hala punitua izan denaz geroz Jainkoaren legea zadukan arka ukitzea baizik egin etzuena, zer punimendu ikharagarri ez du igurikitzeko lege sainduaren emaillea bera arbuiatzen duenak bere bekhatuez, haren gorphutz garbia eta sakratua profanatzen duenak bere komunione gaixtoez!

        Dabitek ematen daroku humiltasunaren etsenplu eder bat. Ahantzten zaio errege handi hari, hartzeen, lehoineen eta gizonen gainean eraman dituen biktoria loriosoak; ez da orhoitzen bere aphaltasunaz baizik. Lakhet du xume agertzea munduaren begietan. Jainkoaren aitzinean bilhatzen du bakharrik egiazko handitasuna. Abisu zuhurra guretzat! Arbuia detzagun beraz lurreko ontasun eta ohore diren guziak, eta yarraik gakizkon humiltasunari: maiz erabil dezagun gogoan atsegin, ontasun eta ohore guzien ithurburu dohatsua, erran nahi da zeruko erresuma, humilentzat dela.

 

aurrekoa hurrengoa