www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXVI. KAPITULUA

Okosiasen heriotzea.
Elia altxatua zerurat

4. Erreg. 2.

 

        Akab hil zenean, Okosias haren emea izan zen errege; bere aita eta bere ama Jezabelen idurikoa gerthatu zen, guti erreginatu zuen. Tronurat altxatu izan zenetik urthe baten buruko, erori izan zen bere palazioko leiho gora batetarik. Sarthu zen eritasun handi batean. Konsultarazi zuen Beelzebuth Akaronen Jainkoa, yakitekotz altxatuko zenez bere eritasunetik. Jaunaren aingeru batek manatu zuen Elia hedatzeaz errege Okosiasek Beelzebuthgana egortzen zituen batzutarat, eta heien yakintsun egiteaz Jainkoaren hitzaz. Eliak bathu zituen erregeren mandatari hek, eta erran zioten: zohazte, bihur zaitezte zuen nausiagana; adi-araz diozozue Jainkoa hunela mintzo zaiola: ez da bada Jainko bat Israelen, egorri baiduzu Akaronen Jainkoa konsultatzerat? Hori egin duzunaz geroz, yakin zazu etzarela altxaturen ohe hortarik, eta hillen zarela.

        Hitz hautarik lekhora, Elia urrundu zen, eta mandatariak bihurtu ziren erregegana. Okosiasek galdegin zioten zertako bihurtzen ziren haren manua bethe gabe. Orduan mandatariak ihardetsi zuten: bidean bathu dugu gizon bat zureganat egorri gaituena: denbora berean, xehatu zituzten gauza guziak. Erregek galdetu zioten: nola da egina horrela mintzatu zaitzuena? eta zer yauntstura du? Ihardetsi zitzaion: gizon hura illetsua da, eta larruzko gerriko bat dakharke. Okosiasek, seinale hautarik, ezagutu zuen gizon hura Elia zela. Egorri zuen berehala aitzindari bat berrogoi eta hamar gizonekin profeta haren ondoan. Aitzindari hura hurbildu zitzaion, eta erran zion: Jainkoaren gizona, yauts zaite, orai berean, mendi hortarik; erregek manatzen darotzu. Eliak ihardetsi zion: baldin Jainkoaren gizona banaiz, yauts bedi zerutik su bat iretsiren zaituztena, zu eta zure berrogoi eta hamar gizonak. Ordu berean, yautsi zen zerutik su bat, eta erre zituen guziak. Erregek egorri zuen bigarren aitzindari bat: mintzatu zitzaion profetari lehenbizikoa bezala; ordean, bere tropaekin batean, zorte bera izan zuen: galdu zituzten bere biziak. Hobeki hartu zen egorria izan zen hirurgarren aitzindaria: eman zen belhauniko Eliaren aitzinean, eta egin zioen othoitz hau: Jainkoaren gizona, begira diezaguzu bizia, niri eta enekin diren zure zerbitzariei. Orduan Jaunaren aingeruak erran zion Eliari: zohazi gizon horrekin, eta etzaitezela izi.

        Eliak egin zuen bide erregeganat, eta erran zioen, Jainkoa haren ahoz mintzo zelarik: nahi izan duzunaz geroz Akaronen Jainkoa konsultatu, Jainkorik Israelen ez balitz bezala, etzara altxaturen eritasun hortarik; aitzitik, hillen zara. Jaunaren hitza izan zen konplitua. Hil zen Okosias, eta haren anaia Joram izan zen tronuan ezarria.

        Elia etzen, handik harat, luzero egon lurraren gainean. Urrundu zen Galgalatik Eliseekin batean; nola baitzakien Jainkoak nahi zuela zerurat altxatu, erran zion bere dizipulu leihal hari: geldi zaite hemen, Jainkoak egortzen nau Bethelerat. Jainkoak egin zuen Elisea yakintsun ikhusi behar zen gauzaz. Dizipulu hunek ihardetsi zion bere nausiari: ez, etzaitut niholere utziren. Eman ziren beraz biak Bethelerako bidean, eta handik hedatu ziren Jerikorat. Profeteen dizipuluek (bazen hetarik oste bat bi hiri hetan) erran zioten orduko berak zakiena, galtzerat zohala bere nausia. Bertze aldi batez ere, Eliak nahi izan zuen urrundu Elisea bereganik; ordean alferretan. Ikhusirik nola Elisea yarraikitzen zitzaion lekhu guzietarat, eraman zuen berekin Jourdaingo alderat. Arribera haren hegirat zirenean, Eliak harturik eta plegaturik bere kapa, yo zuen hartaz ura, eta ur hura eman zen berehala bi bazterretarat, hain ungi bai non biek iragan baitzuten arribera oinik busti gabe.

        Uraz alde hartarat zirenean, Eliak erran zioen Eliseari: ikhus ezazu zer nahi duzun egin dezadan zuretzat, zureganik hastandu gabe. Eliseak ihardetsi zuen: egizu, othoi, ene baitan aurkhi dadin profezien eta mirakuilluen dohain zure baitan datzana. Eliak erran zion: gauza gaitz bat galdetzen duzu: guziarekin, ardietsiren duzu galdetzen duzuna, ikhusten balin banauzu zerurat altxatzen; ordean ez duzu ardietsiren, ez banauzu, ordu hartan, ikhusten. Hunela mintzo zirela, Elia higan zen zerurat. Eliseak ikhusi zuen nola higatzen zen, eta ordu hartan berean, eman zen erraten oihuz: ene aita, ene aita! Handik laster etzuen ikhusi gehiago.

        Eliak, higaterakoan zerurat, utzi zuen erortzerat bere kapa. Eliseak altxatu zuen, eta yo zuen hartaz Jourdaingo ura; ordean ura etzen partitu bi aldetarat lehen bezala. Orduan Eliseak erran zuen: non da bada orai Eliaren Jainkoa? Yo zuen, bigarren aldian, ura. Aldi hartan ura partitu zen, eta Eliseak iragan zuen arribera. Profeteen dizipuluek ezagutu zuten mirakuillu hartarik Elisea fagoratua zela Eliaren izpirituaz.

        Elisea iragan zen Bethlerat. Hiri hartarat hurbiltzen zela, bathu zuen haur multzo bat. Trufatu zitzaizkon zeren etzuen illerik, eta erraten zioten dosteta batez: higan zaite, buru murritza, higan zaite. Profetak behatu zioten eta madarikatu zituen, Jainkoak hala nahirik. Ordu berean, bi hartz izigarri athera ziren oihan batetarik; yazarri zioten haur hei, eta eman zituzten zathitan hetarik berrogoi eta bia.

        Okosiasek ezagutu zuen, bere gostuz, gizoneen eta errege bereen egin ahal guziak gauza aphurrak direla, deusere ez direla Jainkoak gaitzesten dituenean. Alferretan errege hura nahi izan zen yabetu Elia sainduaz, hari aspertzeko, eta haren hil-arazteko; profeta hura Jaunaren amudioaz fagoratua zen: ardietsi zuen zerutik laguntza guzia, eta sutan emanak izan ziren Okosiasek haren hartzerat egorri zituen gehienak. Punimendu ikharagarria, irakhatsten darokuna berthutea maitatzen eta ohoratzen! Okosiasen heriotze ondikozkoan ikhusten dugu zer punimendu datzan Jainko, bere kreatzaillea utzirik, bere sinhetstea eta bozkarioa atseginetan eta kreatura arbuiagarritan ezartzen dutenentzat. Ez bekigu ahantz Elisea zuhurraren etsenplu ederra. Profeta hura etzen nahi izan behinere hastandu Elia, gizon miragarriganik: gauza bera egin behar dugu: urrundu behar gara mundutiar, bere gogo guzia mundu-pean dadukatenetarik. Halakoekin ez da deusik irabazteko; aitzitik gal-araz dezakete dugun ontasunik baliosena, erran nahi dut, gure arima. Jainkotiarrekin bizitzeaz, eta hei leihalki yarraikitzeak eginen dute gure egiazko zoriona.

 

aurrekoa hurrengoa