www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XCVII. KAPITULUA

Dabiten enbaxadoreak,
edo mandatari ohorezkoak,
eta errege haren erorikoa

2. Erreg. 10.

 

        Hil zenean Naas amonitarren erregea, Dabitek gaztiatu zion Hanon, haren seme eta ondorioari, damu zuela haren aitaren heriotzeaz, elkhar atxikitzen zutelakotzat. Urrun da ordean honestasun hau izan baitzen behar bezala hartua. Printze gazte hari sinhets-arazi zioten Dabitek gordetzen zuela zenbait xede gaixto adiskidetasunaren itzalean; etzela beraz zeren fidatu haren baitan; mandatari hek egorriak zirela bazterren ikhusterat, eta ezagutzerat lekhurik flakoenak, errexkiago yabetzekotzat amonitarren erresumaz. Hanonek sinhetsirik gauza hauk guziak hala zirela, idoiztatu zituen Dabiten mandatariak: mots-arazi zioten bizarraren erdia, eta hauts-arazi heien soinekoak, gainetik beheraino. Dabitek minki hartu zuen gauza. Egorri zituen yendeak bere mandatari ohorezkoen biderat heien kontsolatzekotzat, eta hei erraterat ez agertzeaz hala Jerusalemen; bainan egoteaz Jerikon, bizarra berriz ethor-arteraino. Dabitek eman zion finki bere buruari etzuela utzi behar halako idoi bat punimendu gabe: egorri zuen Joab, bere armadetako aitzindaria, amonitarrei gudu ematerat, eta izan ziren garaituak. Ondoko urthean, amonitarrak altxatu ziren israeldarren kontra, armada handi batekin. Dabit eman zen bera, bere tropeen buruan; desegin zituen etsai gehienak, eta egorri ihesi bertze guziak.

        Handik hirurgarren urthean, Dabitek egorri zuen, egundaino bezala, Joab armada batekin amonitarrei gudu ematerat, eta gelditu zen bera Jerusalemen, bere zorigaitz handitan, orai erranen dugun bezala. Dabitek bere palazioko lur altxatu batean zabillala, ikhusi zuen emazteki eder bat freskuran zatzana urean: galdetu zuen nor zen emazteki hura: erran zitzaion hura zela Bethsabee, Uriren emaztea. Erakharri zuen bere etxerat, eta erori zen harekin adulterioan. Emazte hark armadetan zuen senharra. Nahi izan zuen estali bere bekhatu handia, eta bereganik urrundu halako gaixkitan erori ziren emaztekien kontra orduko legeak zakharkeien punimendu laidotsua. Hartarakotz egin zuen Dabit bere beldurraz yakintsun.

Dabitek berehala gaztiatu zioen Joab, bere armadetako aitzindariari, egortzeaz Uri harengana, gerlako berrien yakiteko estakuruan. Agertu zitzaionean Uri, nahi izan zuen egorri bere etxerat, begitarte arrai bat egin zion ondoan. Urik etzuen ordean obeditu: iragan zuen gau guzia palazioaren ingurutan bertze aitzindari batzuekin batean. Dabitek gaitzetsi zuen desobedientzia hura, eta egin zituen bere errenkurak. Orduan Uri mintzatu zitzaion erregeri hitz hautaz: Jainkoaren arka, israeldar guziak eta Joab ene aitzindaria bera tenteen azpian (kabanetan) daude; eta ni nohan ene etxerat! ez, ez, hori da gauza bat ezin egin dezakedana.

        Dabitek ikhusi zuenean bere egin ahalak alfer zituela, ezin amora zezakeiela gizon animoz bethe hura, eta Bethsabee adultertzat ezagutua izaterat zohala, gaztiatu zioen Joabi egortzeaz Uri bizia galtzeko hirriskurik handienetarat, eta larga zezala gero, trebes, laguntzarik batere eman gabe. Joabek egin zuen manatu zitzaion bezala. Ezarri zuen Uri herstura handienean, eta utzi zuen hiltzerat, laguntza eskasez. Dabit errexki kontsolatu zen zerbitzari leihal eta animotsu haren galtzeaz. Bethsabeek entzun zuenean Uriren hil berria, auhendatu zuen bere senharra; eta iragan zirenean doluko egunak, Dabitek hartu zuen bere emaztetzat, eta izan zuen ume bat harenganik.

        Nork erran zuen, nork sinhetsiren zuen Dabit, gizon tieso eta Jainkotiar hura, eroriren zela bekhatu izigarri batean! Hanbat animo bere etsaien kontra seinalatu zuen aitzindari zuhur hura, garaitua izanen zela emazteki baten alderako amudio zoro batez! O, gizona! ezagut ezak hemen hire flakezia, eta ikhas ezak beldurtasun saindu batean bizitzen.

 

aurrekoa hurrengoa