www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V. KAPITULUA

Abelen heriotzea

Gen. 4.

 

        Adamen bekhatuaren ondore ondikozkoena izan zen Abel, bere semearen heriotzea. Etsaiari etzitzaion asgi egin zuela gizonaren arima gal-araztea, oraino nahi izan zioen yasarri haren gorphutzari. Ikhusirik Abelen leihaltasuna Jainkoaren alderat, biztu izan zuen haren anaiaren bihotzean haren kontrako inbidia izigarri bat. Abel zen arthaldeen artzain bat. Jainkoari ematen ziotzan sakrifiziotzat, bere heietako bildotsik hoberenak eta gizenenak. Kain berriz laborantzan hari zen, eta ofrendatzen ziotzan Jainkoari bere fruitutarik. Jainkoak ezagutzen zuelakotzat Kainen bihotzezo phozoadura bere anaiaren alderat, gaitzezten zuen haren sakrifizioa, onhesten zuen denboran Abelena. Ordean zenbatenaz Abel agradagarri baitzitzaion Jainkoari, hanbatenaz emendatzen zen Kainen herra bere anaiaren alderat. Ikhusi zen ordutik, gero ere ikhusi behar zena: erran nahi da, premia baitezpadako bat onak eta gaixtoak baltsan bizitzeko, eta yasateko herra eta injustizia fuerte guziak.

        Jainkoak nahi izan zuen sendatu, bere hitz sainduaz, inbidiak eritua zaukan bihotz hura. Galdetu zion Kaini: Zertako bada utzten zion bere burua bihotza ihartzen zioen min bati? Erran zion oraino saristatua izanen zela ungi egiten balin bazuen; eta gaizki egiten balin bazuen, berak yasanen zuela gaizkiaren pena. Etzuela beraz zeren sarthu bertzeren ungian ede gaizkian; ordean ala arrazoin handirekin baidio S. Gregoriok, Jainkoa beraren hitza ere alfer dela inbidiaz erituak diren arimentzat! Zenbat ere erremedio salbagarri hark sendatzen baiditu bertze gaitzak, ez du gehiago baizik mintzen eta tarritatzen inbidiaren eritasuna.

        Kainek etzuen ungirik baizen ikhusten bere anaia baitan, halarik ere haren alderat zuen inbidia tristea emendatuz zohan. Harekin airea hartzerat goateko itxuran, erran zion athera gaiten hemendik kanpo horietarat. Abel nola eztia eta bakhetiarra baitzen bera, yarraiki zitzaion bere anaiari; guti igurikitzen zuen halako sumindura zororik haren partetik: landa baterat zirenean, Kain altxatu zen bere haurridearen kontra eta eraman zioen bizia. Hulako bekhatu izigarriak etziotzan idekarazi begiak, ezen Jainkoak galdetu zioenean non zen Abel, ihardetsi zuen, bekhokirekin, hark etzakiela non zen, ala hark behar zuen hura begiratu? Ordu hartan izan zen odola, lehen aldiko eta injustuki isuria. Jainkoa, etsenplu hartaz, baliatu izan da irakhastekotz mende guziei, hobenik gabeko presunak persekutatzen dituztenen punitzaille agerturen zela. Erreportxatu zioen bortitzki Kaini bere gaizkia, erraten zioelarik haren anaiaren odolaren boza altxatzen zela haren kontra zerurainokoan. Deklaratu zion oraino, izanen zela madarikatua Abelen odolaz berak lohitu zuen lurraren gainean, eta bere bizi guzian, egoitzarik gabe izanen zela, eta iheska ibilhi beharko zela.

        Elizako aitek, bethidanik, behatu izan diote Abelen heriotzeari Jesu-Kristo berak eta kristau persekutatuek bere anaien partetik yasan izan duten heriotzearen iduri edo figura bati bezala. Gauza miragarri batentzat hartu dute Kain, Adameren lehen umearen krudelitatea, balia dakioten gaixtaginei eskola zuhur batentzat, zeinetan ikhasten baidute ihes egiten lehiarekin bere lagunen alderako herra eta inbidia fuerte guziei. Kanpotik bezala, barnetik ere, begiratu behar dugu arthoski amodio giriztinozko bat proximoaren alderat. Herratsuak eta inbidiosak, apostoluaren erranen arabera, hiltzen du, bihotzez bere anaia, ez bustirik ere bere eskuak haren odolean. J. Kristoren egiazko dizipulu direnek ez dire izituko ikhusteaz bere buruak persekuzione eta injustizia guzien erdian munduaren partetik. San Gregoriok erraten daroku Kainen herra eta zoramendua yasan nahi ez duenak ez duela izan nahi Abelen idurikoa.

 

aurrekoa hurrengoa