www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLI. KAPITULUA

Itsaso gorria

Exod. 14.

 

        Faraonek ikhusi zuenean yuduen populua itzuri zitzaiola eskutarik, eta sakrifikatzekotzat galdegin ziotzan hirur egunak iraganak zirela, bihurtu gabe bere lekhurat, ahantzi zitzaizkon izan zituen zauri mirakuilluzko hek guziak, eta ohiko bihotz gogortasunak abiarazi zuen israeldarren ondotik. Bildu zituen bere azpikoak zeinak, bere baitarik ere, ekharriak baitziren hartarat, nahiz eskuratu bere yarroak. Israeldarrek ikhusi zituztenean bere buruak hirrisku handitan; ezen itsasoa zuten alde batetarik, eta Faraonen armada bertzetik, etziren gehiago orhoitu mirakuillu batez athera zirela Ejiptotik, ez eta Jaunaren probidentzia berak gidatu zituela mortu hartarat, baliatzen zelarik egunaz hedoiezko bilduna batez, eta gauaz, susko batez: eman ere zitzaizkon erasiari, galdetzerainokoan Moisi, idoiez gisa, etzen bada izanen heientzat Ejiptoan hobirik, mortu hartarat ethorri behar zutenez bada herio bilha? Moisek konsolatu zituen heslura hartan: hitz eman zioten Jainkoaz lagunduak izanen zirela. Hala gerthatu zen: Faraon hurbildu zeneko heienganat, Moisek hedatu zuen eskua itsasoaren gainerat, eta ordu berean partitu zen hango ura bi aldetarat, bide bat egiteko israeldarrei. Eman ziren beraz bide berri hartan: urak altxatu ziren bi bazterretarik hainitz gora, iduri zuten murru handi bat, guziek iragan zuten itsasoa oinik buzti gabe. Ejiptoarrak etziren espantitu mirakuillu hartaz, uzte ere zuten hartaz baliaturen zirela bertzeak bezala: sinhetste zoro hartan, sarthu ziren bide berean, beldurrik batere gabe itsasoaz. Ordean laster Jainkoak ezagutzarat eman zioten hei ez bezala behatzen zioela bere populuari. Artiki zituen, zerutik bere lantzak eta ospinak ejiptiar heien gainerat. Hori ikhusirik, yende hek elkhar gonbidatu zuten ihes egiterat; ezagutu zuten Jainkoa heien kontra, eta israeldarren alde agertzen zela. Ejiptoarrak eman zitzaizkonean ihesari, Jainkoak manatu zion Moisi hedatzeaz bere eskua itsasoaren gainean. Momento berean, partituak ziren ur hek bat egin ziren, eta yautsi ziren, ibaiaz hezala, ejiptoarren gainerat. Ordu berean, ikhusi izan zen urak nola zarabiltzan bere gainean yende heien gorphutz ithoak, bakhar bat utzi gabe bizirik.

        Erran behar da hulako mirakuilluek ungi erakutsten dutela Jainkoaren handitasuna! Jainkoa berak dio egin nahi izan dituela gizonei ezagut-araztekotzat bere bothere guzizkoa. Elizako aitak gehienik ukitzen dituena, hau da: giriztinoek ez duketen begirik mirakuillu fuerte hauien ikhustekotzat baizen, eta hori, zeren ageri diren kanpotik, eta ez detzaten ikhus bertze mirakuillu batzu, aiphaturik heldu garenak baino hanbatenaz handiagoak, zenbatenaz baidire izpiritualak, edo ezin ikhusiak. Admiratzen dugu (san Bernard mintzo da) nola yuduen populua itzuri zen Ejiptotik, eta ez diogu admirazione berarekin behaturen, konbersione egiazko baten bidez, munduan galdua izatetik begiratzen den arima bati! Bada, lehenbiziko kasuan, bakharrik Faraon da garaitua, eta bigarren kasuan, etsaia bera garaitzen da. Itsasoko mirakuillu hartan, xarriotak edo orga-kara batzu izan ziren hondatuak; ordean arima bat Jainkoaganat bihurtzen denean, sentsuen nahi muthiriak eta haragiaren su guzia dire iraungituak eta suntsituak. Israeldarrak etziren behar gudukatu haragizko eta odolezko gizonen kontra baizik; ordean konbertitzen den arimak gudukatzeko du airetako puxantza eta ilhunbetako printzeen kontra. Lorios balin bazen, ordu hartan, Jainkoarentzat Faraonek erran zezan: goazen ihes Israeldik; ezen Jainkoa haren alde gudukatzen hari da; are loriosoago da orai Jainkoarentzat etsai gaixtoek erran diozoten elkharri: utz dezagun arima hau, diozogun ihes egin, ezen Jainkoa hunen alde agertzen da, eta gure kontra gudukatzen hari da.

 

aurrekoa hurrengoa