www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII. KAPITULUA

Uholdea. Arkan sartzea

Gen. 7.

 

        Ethorri zenean denbora lurra gal-arazteko, eta haren garbitzeko bere hobenetik, Jainkoak manatu zioen Noeri bethetzeaz arka yanari eta bazka ziren guzietarik, dela beretzat, dela haren mezuz han sar-arazi behar zituen aliamalia guzientzat. Manatu zioen, bertze alde, emateaz arkan bestia garbi ziren guzietarik zazpi pare, eta lohiak zirenetarik bortz pare, harrak eta urritxak. Manu hauk konplitu zirenean, sarthu zen Noe bera ere arkan, bere hirur seme, Sem, Kam eta Jafetekin, bere emaztearekin eta bere hirur semeen emazteekin. Sarthu zireneko arkan, Jainkoak, iskritura sainduaren arabera, hertsi zuen kanpotik, hango athea. Ordu berean, zeruko ur guziek gaindi egin zuten, eta hedatu ziren, soperna batzuen pare, lurraren gainean. Jainkoak jauts-arazi zuen uria, gelditu gabe, berrogoi egunez eta berrogoi gauez. Zerutik erortzen ziren halako uri-pesiak eta elementak banatu ziren baster guzietarat: estali zuten lur guzia: goititu ziren gauzarik altxatuenez oraino gorago, eta xitu zituzten hamabortz besoz mendi gorenak. Gizon guziak, lurreko aliamalia guziak, zeruko hegastin guziak, hitz batez errateko, kreatura guziak galduak eta fundituak izan ziren uholde laztimagarri hartan. Guziak horrela galtzen hari ziren denboran, arkak begiratu izan zituen bere barnean zaduzkanak. Zer bihotz-min arkaz hirri egiten zuten gizon zoroentzat, ikhusleaz bere buruak nihorat ihes ezin egiteko hersturan, eta urpean sekulakotzat galduak? Eta hori bere bekhatuen punimendutan.

        Kreatzaille adoragarriak hunen bertze haserradura erakuts dezan bere kreaturen alderat! Aitarik hoberenak utz detzan bere ume maiteak, uholdean funditzerat! Nonbait, bekhatua gauza higungarria behar da Jainkoaren begietan! Zer ez dugu beraz egin behar bekhatutik urruntzeko, eta berthuteari lothzeko? Gaixtaginak Jaunaren yustizia tarritatzen balin badu, hala-hala, sainduki bizi denak zer gollardo ez du igurikitzeko haren miserikordiatik?

        Erran daite gure eliza sainduaz, egiasko arka dela. Arkak begiratu zituen galduak izatetik bere barnean zituenak: gure elizak gauza bera egiten du: begiratzen ditu bethikotz galduak izatetik, aitzitik zeruratzen ditu bere golkhoan daduzkan arima leihal eta Jainkotiarrak. Ala zorion handia baida beraz elizaren ume izatea, eta ama maite haren lege sainduen azpian bizitzea! Hulako fagore seinalatu batek merezi ahal ditu eskerrik hedatuenak. Zenbat populu eta erresuma oso, elizaz kanpoan! Idolatriaren eta heresien ilhunbe damnagarritan ehortziak direnak! Nola ordean baliatzen gara eliza sainduaren ume izateko dugun dohatsutasunaz? Zenbatak ez dire titulu lorios hau desbistatzen eta laidoztatzen dutenak bere bizitze gaixtoaz!

 

aurrekoa hurrengoa