www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXVI. KAPITULUA

Jedeonen sakrifizioa

Yuieak 6.

 

        Debora hil zenean, israeldarrak aitzindaririk gabe gerthatu ziren. Abiatu ziren, egundaino bezala, hunenbat gaizki egiten, non Jainkoak largatu baitzituen madianitarren eskutarat. Ikhusi zituztenean bere buruak herstura handitan, altxatu zituzten bere bihotzak zerurat. Heien othoitzak entzunak izan ziren: Jainkoari urrikaldu zitzaizkon, nahi izan zituen lagundu. Gaztiatu zioen aingeru batez Jedeoni, hura berezten zuela libratzekotzat bere populua etsaietarik. Jedeonek guti igurikitzen zuen halako berririk. Harritu zen, eta mintzatu zitzaion aingeruari bere aphaltasunaz, erraten zioela, haren familia, edo egokia Israel guziko behenetarik zela, ez zagokola beraz hari izatea halako obra handi baten buruan. Aingeruak ihardetsi zioen: ahal zohazke deuseren beldurrik gabe, Jainkoa zurekin izanen da, eta haren laguntzarekin, madianitarren oste ezin kondatuzko hek guziak emanen zaizko ihesari, guziek gizon bakhar bat baizik egiten ez balute bezala.

        Jedeonek othoitztu zuen aingerua arren eman ziozon seinale bat segurantzatzat erraten ziotzanak egiak zirela. Gero errekeritu zuen igurikitzeaz aphur bat yateko zerbeit ekhar ziozon artean. Jedeon goantzen berehala bere etxerat, dio iskritura sainduak: erre-arazi zuen pitika bat; aphaindu zituen lemami gabeko ogiak, eta ezarri zuen pitika hari erretzean erori zitzaion urrina yarro batean: bihurtu zen gero aingeruaganat, eta eskani ziotzon yanari hek. Aingeruak manatu zioen Jedeoni emateaz haragi hura harri baten gainean, eta isurtzeaz harat urin hura. Jedeonek egin zuenean hala, aingeruak ukitu zuen, eskuan zadukan zigorraz haragi hura, eta momento berean, athera zen harri hartarik su bat guziak ez deustatu zituena: ordu berean suntsitu zen aingerua. Jedeon laztu zen guzia, uste ere zuen hil behar zuela izialdura hartarik; ordean Jainkoak deskantsuan eman zuen haren izpiritua, erranik, zohala desegiterat Baalen aldarea, bil zetzala haren ingurutako zurak, eta egin zezala, lekhu berean, aldare bat egiazko Jainkoaren ohoretan, eta ofrenda zezala aldare berri hartan bere sakrifizioa. Jedeonek egin zituen, harorik gabe, eta gau minean, manatu zitzaizkon guziak. Beldur zen lekhu hartako yendez. Yakintsun egin zirenean goiz-alderat lurrerat artiki zutela Baalen aldarea, eta Jedeon zela idoi hura heien Jainkoari egin ziotena, sumindu ziren haren kontra; erran zioten haren aitari eman ziozatela Jedeon bere semea eskutarat, hil zezatentzat. Urrun da buraso hura eman baitzen hartan: aitzitik, erran zioten haltoki yende hei, etzagokotela gizonei, bainan bai Baal berari punitzea, baldin Jainko bazen idoi, hura egin ziotena. Molde huntan, itzuri zen Jedeon, haren biziari nahi zioteneen eskutarik. Geroztik, Jeroboalen izena ekharri zuen. Etsenplu hunek irakhatsten diote eliza-gizonei, heien lehenbiziko eginbidea arimeez kargatzean, dela bethi ekharriak izatea bere bizia hirriskatzerat Jainkoaren mezuei yarraikitzeko eta idolen suntsi-arazteko.

        Jedeonek ezagutu zuen ospe handiko sakrifizio hartarik, Jainkoak hautatzen zuela bere populuaren aitzindaritzat. Sakrifizio hark, elizako aiteen arabera, Jesus-Kristoren sakrifizioa bera erran nahi zuen. Jedeon, bere sakrifizioa ofrendatzekotzat, baliatu zen harri misterios hartarik athera zen su hartaz aditu behar dugu Izpiritu sainduaren sua, Jesus-Kristok bere heriotzeaz merezi-arazi darokuna, eta bizten duena gure bihotzetan erretzeko eta arras borratzeko bekhatuaren ondore dohakabeak, eta gureganik urruntzeko gaizkiaren alderako yaidura guziak.

 

aurrekoa hurrengoa