www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXXVII. KAPITULUA

Eleazaren animoa.
Judas Makabeen heriotzea

1. Machab. 9.

 

        Judas Makabeek egundainoko khar bera agertzen zuen bere errelijionearen fagoretan. Jainkoaren laguntza yarraikitzen zitzaion, guzierarat, beregainki orai aiphatuko ditugun bi alditan.

        Timothee zaritzon aitzindari bat, hurbildu izan zen armada handi batekin Jerusalemerat. Makabee eta haren soldaduak eman ziren, ahuspez, aldarearen oinetan, buruak hautsez estaliak: othoitztu zuten Jainkoa emateaz bere laguntza saindua etsaien garaitzekotzat. Bere othoitza egin zutenean, hartu zituzten armak, eta egin zuten bide etsaietarat. Iguzkia agertzerat, bi armadak hurbilduak ziren elkharganik. Gudua bere borthitzenean zela, agertu ziren, Judasen bi sahetsetan, bortz zamaldun artikitzen zituztenak suak eta irurtzuriak etsaietarat. Erori ziren hetarik hogoi milla gizon hil gogorrak lurrerat. Timotheek ihes egin behar izan zuen; ordean hartua izan zen eta hilla.

        Lisiasek ere bildu izan zituen lauetan hogoi milla oinezko gizon, zituen zamaldun guziak, eta ez dakit zenbat elefanta. Nahi izan zioen yazarri bigarren aldikotzat Jerusalemeko hiriari hango tenpluko aberatstasunen hirritsak zarabillan. Sarthu zen Judean, eta sethiatu zuen Bethsura: hura zen lekhu borthitz bat, Jerusalemetik hurbil zena.

        Makabeek eta populu guziak othoitztu zuten nigarretan Jainkoa egortzeaz aingeru bat Israelen begiratzerat. Othoitzetik lekhora, Makabeek hartu zituen armak, eta erran zioten bere tropel egin ahalen egiteaz laguntzekotzat bere anaiak. Athera zirenean hiritik fidantziaz betheak, ikhusi izan zuten gizon bat zamariz, lantza bat eskuan. Benedikatu zuten Jainkoa, elkhar animatu zuten eta ekharriak ziren gudukatzerat gizonen eta basa-abere guzien kontra. Erori ziren lehoinak bezala etsaien gainerat, hil zituzten hetarik hamabi milla eta sei ehun gizon, eta egorri zituzten bertze guziak ihes. Liliasek ikhusi zuen, ordu hartan, yuduak ezin garai zitezkeiela, Jainkoaren laguntzaren gainean kondatzen zutenean.

        Judas Makabeen guduak etziren nihon baratzen.

        Antiokus Eupator sarthu zen Judean ehun milla gizon oinezkoekin; bazituen, bertzealde, hogoi milla gizon zamaldun eta hogoi eta hamabi elefanta gudutan ohituak. Judas yarri zen othoitzetan, lehenetan bezala: errekeritu zuen Jainkoa, nigarra begian, haren populua etzadin eror haren izen saindua profanatzen zuteneen eskutarat. Yazarri zioten, gau minean, etsaiei, izan ziren hautarik lau milla hillak, eta bertzeak urrundu ziren, ahal bezala, handik.

        Antiokusek ikhusten zuen yuduen animoa eta kharra; ordean bethi igurikitzen zuen garaituak izanen zirela elefanta hek guzien ariaz. Egundaino bezala lothu nahi izan zitzaion bigarren gudu bati. Yo-arazi zuen tronpeta, eta haren armada guzia yarri zen armetan. Elefanta guziak bazuten zurezko dorre bana bizkarrean, eta dorre hetarik bakotxean aurkhitzen ziren hogoi eta hamabi gizon berezienetarik, arma zorrotzez betheak.

        Deusek ere etzuen kantitzen Judasen animoa eta Jainkoa baitan zuen fidantzia. Bi armadak lothu zitzaizkon elkharri. Eleazar deithzen zen yudu batek, ikhusirik elefanta bat bertzeak baino handiagoa eta erregeren armez estalia, uzte izan zuen errege bera haren gainean zela, eta nahi izan zuen bere populua libratu bere burua sakrifikaturik. Hurbildu zitzaion ezin erranezko animo batekin elefanta hari, hiltzen zituela, eskuin eta ezker, bere bidean bathzen zituen guziak, emantzen abere handi haren sabelaren azpian, zilhatu eta eror-arazi zuen lurrerat, eta bera izan zen elefantaren erorikoaz lehertua.

        Judas eta haren soldaduak seinalatu ziren bere animo miragarriaz: etziren ordu hartan garaitiar gerthatu. Utzi behar izan zuten gudua. Handik laster, yuduek egin zuten bake ohorezko bat etsaiekin. Antiokus bihurtu zen bere erresumarat. Ondoko urthean, Demetrius bere osabak eraman ziotzan khoroa eta bizia.

        Demetriusek egorri zuen armada handi bat Judearat. Etsaiak hurbildu ziren Jerusalemerat, eta Judas athera zitzaioten hirur milla gizonekin. Armada ttipi hau izitu zen ikhusteaz bere aitzinean etsai hek guziak. Gehienak eman zitzaizkon ihesari, eta etziren gelditzen yudutarik zortzi ehun gizon baizik. Iduri zuen Judasen animoak etzuela leheneko kharra, eman zitzaion gogoetari. Halarik ere, erakhartzen zituen bere soldadu bakharrak etsaiei yazartzerat; ordean herabe ziren gudukatzerat, eta erraten zioten bere buruzagiari: ezin ager gaitezke etsaien begietarat. Gutiegi gara; gure hoberena da gure bizien begiratzea eta gure anaietarat heltzea, gure armada xumea emendatu arteraino. Judasek ihardetsi zioten: Jainkoak begira gaitzala ihes egitetik. Gure azken orena hurbildua balin bada, eman detzagun animorekin gure biziak gure anaieen fagoretan; ez dezagula gure ohorea goibel ihes laidotsu batez.

        Eman zen gudua, eta iraun zuen goizetik arratseraino. Judasen animo pare gabea seinalatu zen egundaino baino gehiago. Hil izan zen hainitz gizon alde batetik nola bertzetik. Azkenean Judasek ere galdu zuen bizia. Ordu beretik, haren soldadu guziak eman zitzaizkon ihesari. Jonathasek eta Simonek altxatu zuten Judas bere anaiaren gorphutza, eta ezarri zuten bere burasoen hobian.

        Israel guziak auhendatu zuen, zenbait egunez Judas bere buruzagia, zioelarik: Zer? hil da bada nihork ezin garai zezakeien, eta Israelgo populua begiratzen zuen gizon miragarri hura!

 

aurrekoa hurrengoa