www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXXIV. KAPITULUA

Saul sakratua da Israelgo erregetzat

1. Err. 9.

 

        Benjaminen populuko gizon botheretsu eta sendo, Zis zaritzon batek, zuen seme bat Saul deithzen zena, eta israeldar guzietarik handiena, eta hobekienik egina. Zisek egorri zuen Saul bere semea errebelatu zitzaizkon astoen ondoan; etzituen ordean ediren. Erran zioen berekin zuen sehi bati: bihur gaiten etxerat, non ez, lotsaturen da ene aita. Sehiak ihardetsi zion: huna hiri bat zeinetan baidago Jainkoaren araberako gizon, ospe handitako bat. Ez da behin-ere enganatzen bere erranetan. Mintza gakizkon: eman diezakegu zerbait argitasun abre heien gainean. Saulek laudatu zuen sehi haren solasa. Sarthu ziren hirian, eta haren erditarat zireneko, bathu zuten Samuel Jainkoari sakrifizio bat ofrendatzerat zohala. Jainkoak ordukotzat erran zion Samueli: bihar, muga huntan berean, egorriko darotzut, Benjaminen tribuko gizon bat; sakraturen duzu haina hura ene populuaren erregetzat; eta hura izanen da libraturen duena ene populua filistindarren eskutarik.

        Samuelek etzuen hain laster Saul ikhusi non Jainkoak erran baitzioen: huna bada aiphatu darotzudan gizon hura. Hau izanen da ene populuaren erregea. Saulek etzuen ezagutzen Samuel, hurbildu zitzaion, eta erran zioen: othoi, erran diezadazu non den profetaren etxea. Samuelek ihardetsi zion: ni naiz zuk bilhatzen duzun profeta: zato enekin sakrifikatzeko lekhurat. Yanen duzu, egun, enekin, eta bihurturen zara bihar goizena. Erranen darozkitzut bihotzean ditutzun gauza guziak. Duela hirur egun, galdu izan tutzun astoez bezanbatean, zaude deskantsu, ediren dire, eta nori dagozko hobeki Israeleko gauzarik hoberenak zuri eta zure aitaren egokiari baino? Saul espantitu zen azkeneko hitz horien entzuteaz; eta ihardetsi zuen: nola mintza ahal zaitezke molde hortan, Benjaminen tribukoa, erran nahi da, bertzetarik ttipienekoa naizen denboran, eta ene ethorkia tribu hartan aphalena denaz geroz? Berriz ere diot. Nola mintza ahal zaitezke horrela? Sakrifiziotik lekhora, Samuelek eraman arazi zituen Saul eta hunen sehia, sala baterat. Yar-arazi zituen mahainean; han aurkhitzen ziren hogoi eta hamar bat presuneen baltsan, eta Saul othuruntzatu zen odoan Samuelekin; etzan zen Samuelek bere etxean harentzat aphain-arazi zuen ohe batean.

        Biharamun goizean, Samuelek deithu zuen Saul, eta athera ziren biak. Hiri behererat zirenean, Samuelek erran zioen: mana ezazu zure sehia dohan aitzinat, eta trika zaite aphur bat yakintsun egin zaitzadan Jainkoak erran darozkidan gauzez. Orduan Samuelek isuri zuen Saulen gainerat olio guti bat, eta besarkatu zuen, erranik: Jainkoak bere populuaren erregetzat sakratu zaitu olio hunen gantzuduraz; libraturen tutzu israeldarrak bere etsaietarik. Huna zertarik ezaguturen duzun Jainkoak erregetzat sakratu zaituela: niganik urrunduren zarenean, bathuko tutzu bi gizon, Rakelen hobitik hurbil. Erranen darotzute zuen astoak ediren direla, eta zure aita deskantsu dela, alde hortarik. Handik helduko zarenean Thaborko haritzerat, bathuren tutzu hirur gizon: batek izanen tu hirur pitika, bertzeak hirur ogi, eta hirurgarrenak izanen du flasku bat arno. Eginen darotzute salutantzia, eta emanen bi ogi zeinak hartuko baiditutzu. Hauk guziak hunela gerthaturen direnean, bethe zatzu bethetzeko izanen diren eginbide guziak; ezen Jainkoa zurekin edirenen da. Solhas huntarik lekhora, Saul hastandu zen Samuelganik: etzioen nihori salhatu, ez eta bere aitari ere zer erran zion profetak bere erregekoaz.

        Samuelek bil-arazi zituen isreldarrak Masfarat, bereztekotzat errege bat. Egin zuten zorte, lehenik tribu guzietan, gero tribu bakotxek familia guzietan: azkenean zortea eroi izan zen, Jainkoak orduko hautetsi zuenaren gainerat. Ikhusi zuten zorteaz bertze gauza guziez bezala dela; Jainkoak, berari zaion gisa, erregelatzen duela, haren probidentzia sainduak darabiltzala munduko gerthakari guziak. Saul izan zen beraz erregetzat ezagutua. Ibilhi ziren haren ondoan, eta ezin ediren zuten. Azkenean, yakin zuten gordea zatzala bere etxean. Lehiatu ziren harengana: hartu eta erakharri zuten Masfarat; eman zen populuaren erdian, eta, buru osoaz, bertze guziak baino handiago kausitzen zen.

        Saul humil agertu zen, lehenbizian; itxura ederra egin zioten hura erregetzat nahi etzutenei ere. Oxala Jainkoaren alderako haren leihaltasunak iraun izan balu bethi! bainan ez; erori zen gaixki handi batean. Samuelek erran zioen igurik zezala hulako lekhutan, zazpi egunez, eta etzezala ofrenda sakrifiziorik, hura harat artean. Saulek iguriki zuen Samuel, zazpi egunez; ordean ikhusirik arrats aphala zela, Samuel etzela ageri, eta mundu guzia barraiatzen zela hara hunat, berak ofrendatu zioen Jainkoari sakrifizioa.

        Ala Jaunaren probidentzia osoki baida miragarria! Saul astoketan dabilha, eta sakratua da erregetzat! Mundu huntako ontasun eta khoroa guziak baino infinituki gehiago ardietsten dugu Jainkoaganik, gure bekhatuak barkhaturik, bere amodio sainduaz fagoratzen gaituenean. Hulako grazia berezi batek zer ezagutza ez du galdetzen gureganik? Zer leihaltasun ez ginduke behar agertu hanbat ontasun, zerua bera eman nahi darokun salbatzaille amultsuaren alderat! Ordean Saul erori zen bezala, gu ere, helas! errexki lerratzen gara gaixkirat; guti irauten ohi dugu berthutearen bidean; gehienean, laster dire ahantziak zerutikako fagore hautetsienak: ondikoz! orguilluak eta bertze pasioneek laster hartzen ohi dute gure gainean, egundainoko esku bera.

 

aurrekoa hurrengoa