www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CVIII. KAPITULUA

Salomonen erorikoa eta heriotzea

3. Erreg. 11.

 

        Salomonek hanbat gauza miragarri egin zituen hastapenean! Oxala ez balu, azkenerat goibeldu bere akzione ederren distiadura! Ala erakutsterat ematen baidu gizonak ez duela zeren behinere kondatu bere indarreen gainean, aitzitik bere flakeziaren beldur izan behar duela, altxatua den eredurat! Salomon emakoia gerthatu zen: emaztekiek gaixtatu zuten haren bihotza; zuhurtziaren alderako amudiotik, iragan zen heien alderako amudio zoro baterat, eta emaztekien maitatzetik, idolatriarat.

        Salomonek izan zituen zazpi ehun emazte, guziek erreginaren izena zakharketenak; bertze alde, hirur ehun konkubina, edo presuna emazteen ointsuan behatuak zirenak. Hortan hautsten zuen Jainkoaren legea. Zilhegi zelarik, denbora hetan, izatea emazte bat baino gehiago, guziarekin debekatua zen haren bertze izatea, guziz ezkontzea emazteki atzeekin. Errege hark tenplu bat eragin zuen bezala Jainkoaren ohoretan, eragin zuen bertze bat idolen ohoratzekotzat. Ejiptotik, amonitarren eta moabitarren herritarik hartu zituen emazteen alderako flakoak erakharri zuen ohore bihurtzerat Sidoniaren Deesari, edo Jainko faltsoari: hura zen amonitarren idola. Salomonen bekhatu izigarri hau gaitzitu zitzaion Jainkoari. Agertu zitzaion errege hari, ez, bertze orduz bezala, laudatzeko haren zuhurtzia, eta ontasun eskaintzeko; bainan bai, hari erakutstekotzat bere sumindura: erran zioen: ez duzunaz geroz begiratu enekin egin duzun batasuna eta ene legea, hel-araziren dut zure erresuma bertzeen eskutarat: emanen diot zure zerbitzarietarik bati. Ez naiz hargatik hortarako, zu bizi zareino, zeren orhoitzen naizen Dabitez. Igurikiren dut zure semea erregetu arteraino. Ez diot ere khenduren zure semeari erresuma osoa: aldaraturen dut tribu bat harentzat; eta hori, Dabiten eta Jerusalemerengatik.

        Jainkoak erreginatzeko zadukana Salomonen erresumari khendu behar zitzaizkon tribuen gainean, zen Jeroboam. Hura zen gizon bat buru onetakoa, animoz bethea, eta Salomonek berak bere erresumako kargu handi batean ezarria.

        Jeroboam athera zen, egun batez, Jerusalemetik, eta bathu zuen Ahias profeta kapa berri batez estalia: etziren bi biak baizik bidearen gainean. Profetak hartu zuen bere kapa, eta hautsi hamabi zathitan; erran zioen gero Jeroboami: har ezatzu hamar zathi zuretzat: ezen huna zer dioen Jainkoak: partituko dut Salomonen erresuma, eta emanen darozkitzut hango hamar tribu. Leihal balin bazara ene alderat, eta behar den bezala bizi bazara ene begietan, Dabit ene zerbitzaria bezala, zurekin izanen naiz, eta hel-araziren dut Israelgo erresuma zure ondoriotarat. Iduri du Salomon yakintsun izan zela gauza hautaz, ezen nahi izan zuen hil-arazi Jeroboam; ordean Jeroboamek egin zuen ihes Ejiptorat, eta han egon-tzen Salomon hil arteraino.

        Salomonek erreginatu zuen berrogoi urthez. Hill izan zen hirur hogoi urtheren ingurutsuan, eta ehortzi zuten bere aita Dabiten hirian. Roboam haren semea izan zen, haren ondoan, errege. Salomonen erorikoa, egia da, ondikozkoa zen harentzat; ordean gauza fedearen begiekin hartzerat, eroriko hura bera probetxos da guretzat: osoki da gaia bat-bedera bere baitan sar-arazteko, eta ikhara saindu batean bizi-arazteko. Gauza miretstekoa! Salomonek hanbat fagore ardietsi zuen Jainkoaganik; halarik ere, ez dakigu ala gure auhenak, ala gure laudorioak behar dituen. Salomonen eta Dabiten erorikoak ez dire sobera baizik ageri iskritura saindua; ordean ezin erran dezakegu gauza bera bataz eta bertzeaz. Segur da Dabitek egin zuela penitentzia; ez dakigu ordean Salomonek ere egin zuenez.

        Erranik heldu garen gauzek erakharri behar dituzte gure bihotzak arbuiatzerat munduko handitasun guziak, heldu balire ere Jainkoa beraren eskutik. Ez da nihor, gure artean, nahiago behar ez duenik, hanbatik hanbatean, Joben ongarria, ezen-ez Salomonen tronua. Batak ematen daroku begien aitzinean saindu guziak khoroatzen dituen pairakortasunaren etsenplu dohatsua; eta bertzeak, gizon izantsun bat, bere burua begiratze eskasez, erortzen dena. Nola galdu zen Salomon? Aberatstasunei datxeikon orguilleriaz: frankiaren phozoadurak gaixtatu zuen haren bihotza; eta hori noiz? Egundaino izan den zuhurtziarik handienaren erdian.

 

aurrekoa hurrengoa